Musika

Iñigo Astiz

2022.03.27

Iñigo Astiz

Hogeita bost hasiera

Ia erori dira 25 urte betetzera iristeko falta zitzaizkien azken hilabete horietan. Baina ez. Iazko irailean, estudioan zela jakin zuen Aiora Renteria abeslariak umetokiko minbizia zuela eta larrialdiko ebakuntza egin beharko ziotela: “Kemena” eta “Inondik inora” abestien azken ukituak ematen ari zirela, zehazki. «Arratsalde horretan grabatu behar nituen koroak, eta grabatu gabe utzi behar izan nituen», ekarri du gogora. Dena gelditu zen kolpean. Operazioa ongi joan zen, ordea, eta hilabete gutxiren buruan berriz bueltan zen egunerokoan. «Zorte erraldoia izan dut», esan du. Eta berriz gero, bigarrenez: «Kristoren zorte erraldoia izan dut». Amildegiaren ertza ikusita iritsi da Zea Mays mende laurdena betetzera, eta, akaso horregatik, urteurrena ospatzeko gogo berezia igartzen zaie taldekideei. Renteriak, Asier Basabek, Ruben Gonzalezek eta Iñaki Imaz Piti-k etengabe elkarri hitza kenduz eta barre algara artean gogoratu dituzte BERRIArentzat beren ibilbideko pasadizoak. Mende laurdenaren talaiatik mintzo dira musika industriaren bilakaeraz, hizkuntza hautuaz, eta rockaren eszenaz eta bertan emakumezko izateak esan nahi duenaz. Bilboko Santana 27 aretoan hasiko dute ospakizun bira, apirilaren 9an, eta beste sei kontzertuko bira ere antolatu dute gero.

Zea Mays 2022 (Marisol Ramirez Foku)

Zea Mays taldeko lau kideak, 25 urtez elkarrekin. (Marisol Ramirez / Foku).

«Beti egon gara jokoz kanpo», onartu du Pitik, «baina, nola burugogorrak izan garen, poliki-poliki egin dugu gure bidea, eta poliki-poliki topatu dugu gure lekua». Punka nagusi zenean, rockeroegi. Metala nagusitzean, bigunegi. Popa zabaltzean, rockeroegi. Eta, hala, beti eszenaren ertz xamarrean. Eta azken 25 urteetan ikusi duten beste aldaketa bat ere aipatu du Renteriak: hizkuntzarena, hain justu. «Gogoratzen dut kontzertu bat eman genuela behin AEK Egun batean, eta Bad Brains taldearen bertsio bat jo genuen. Errepertorio guztia zen euskaraz, eta kanta bakarra, bertsioa, ingelesez. Eta han hasi ziren publikotik oihukatzen: ‘Euskal Herrian, euskaraz!’. Aldatu dira gauzak».

«Gure disko guztiak beti izan dira lehenak», serio Gonzalezek lehenik, eta barre txikiarekin gero: «Horrek esan nahi du hamar aldiz hasi garela». Nahasketen disko luze bat eta bederatzi estudioko lan luze dituzte guztira, eta tantaka abesti bikoteak aurkezten dabiltza azken hilabeteetan. Pitik dioenez, oraindik ere bila jarraitzen dute: «Gu ez gara revival bat! Aurrerantz goaz». «Beti ziurgabetasun eta nerbio berberak», Renteriak: «Beti zalantzan ea kapazak izango ote ginen berriz disko bat egiteko».

Kanta izan da beti taldearen iparra. Eta hari usnaka heltzen dira pasarte gogorragoetara edo melodikoagoetara. Egiten dutena izendatzen aritzeko lan handirik hartu gabe. «Eklektikoak gara», ebatzi du Basabek. «Zea Mays askatasuna da», Pitik: «Gure artean jotzean, entsegu lokalean ileak puntan jartzen dizkigun zerbait badago, ba hori da balio duena, estiloa edozein dela ere».

Konparazioen motiboa

Renteriak aitortu duenez, hasierako urteetan behin eta berriz errepikatu ohi zioten kazetariek Tahures Zurdos taldeko Aurora Beltran abeslaria. «Egia da!», Basabek, «sonoritateagatik, esaten zuten». Eta Renteriak berehala zuzenketa: «Ez, ez zen sonoritateagatik, esango dizut zer zen: ni emakumea naiz, eta, hasiera hartan, zer emakume zegoen rock inguru horretan? Tahures Zurdos, eta puntu». Basabek jarraipena: «Bai, bai, eta Kokein taldeko abeslariari ere [Zaloa Uraini], gogoan dut inoiz esan izan diotela Zea Mays taldeko abeslariaren antzera abesten zuela». Renteria: «Eta Sorkun! Denak emakumeak garela da, eta orduan, ba listo. Bakoitzak gure estiloa daukagu, baina ematen du ezetz, ze emakumeak gara. Garai batean aipatzen zizkiguten erreferenteak beti ziren berdinak. Ez dut txartzat hartzen, baina horregatik gertatzen zen hori, emakumeak ginelako, matematikoa zen».

Eta orain? «Oraindik egiten da, bai, bai», Renteriak. «’Zuek Gossip-en antzekoak zarete’, oraindik esaten dizkigute halakoak. Ba ez, biok garelako potoloak eta biok garelako emakumeak, baina estiloa ezberdina da. Baina ikusten zaituzte, eta, ‘hara, andre potolo bat kantuan’, eta listo. Eta asko egiten dugu hori denok».

Maketako sorpresa

«Taldea ezezaguna da jarraitzaile gehienentzat, sortu berria eta zuzenean oso gutxi aritu den taldea baita». Aurkezpen txartel ezin xumeago horrekin aurkeztu zuen Egunkaria-k Zea Mays taldea 1998ko abenduaren 18an, China Drum taldeari buruzko artikuluaren bigarren partean. Orduan irabazi berri zuten Euskadi Gaztea maketa lehiaketa, eta kontzertua eskaintzekoak ziren. «Sei hilabete zituen taldeak orduan», ekarri du gogora Renteriak. Umetatik ezagutzen zuten elkar Basabek eta Pitik; unibertsitatean ezagutu zuten Gonzalez gero, irakaskuntza ikasten ari zirela, eta inguruan zebilen Renteria ere. Gaztelerazko adarrean zebiltzan hiru mutilak, eta euskarazkoan abeslaria, baina Londresera egindako ikasbidaian hasi ziren elkartzen.

«Ikasbidaiaren aurretik ere ezagutzen nuen Piti, eta esan behar dut pixka bat gorroto nuela», aitortu du Renteriak: «Beti egoten zen kafetegian bere txirularekin». Basabek: «Badakizu nik apurtu niola txirula hori?». «Ba ongi egina», Renteriak onespena. Hamar egun egin zituzten Londresen; han joan ziren adiskidetzen, eta Bilbora itzultzean hasi ziren entseatzen. Elkar asko entzun gabe, gogoratu dutenez.

Ahotsa baxu anplifikadoretik sartuta aritzen ziren, eta maketa grabatzean heldu zen sorpresa. «Lau pistako mahai bat genuen», Basabek, Pitik eta Gonzalezek, nahasian. «Hirurok batera aritu ginen grabatzen lehenik, eta, gero, behin oinarria grabatuta, ordu txikitan hasi zen Aiora, eta geratu ginen… ‘Ostras!’. Lehenengo aldia zen Aiora bakarrik entzuten genuela!». Eta harridura horretatik joan da dena hazten.

Industria eta lanbidea

«Lehen diskoarekin ezagutu genituen rockaren kontratu erraldoi horiek, behintzat Euskal Herriko neurrian». Estudio orduak eta dietak ordaindu zizkieten lehen diskorako, Basabek gogora ekarri duenez; estudio orduak bakarrik jaso zituzten bigarrenerako, eurek ordaindu zuten hurrengoa… «Lehen diskoa kaleratu ondoren, behera egin zuen diskoen salmentak, eta behera eta behera, ia-ia desagertu den arte. Eta guk zer egin dugun, ba egokitu egin gara», jarraitu du errepasoa Renteriak. Hori ikustean erabaki zuten beren kasa jarraitzea, autoekoizpenean. «Guretzat onuragarriagoa zen», esan du abeslariak. «Gainera, nork maiteko du zure taldea zuk zeuk baino gehiago? Oso polita da, baina higadura handia dakar, eta oso nekagarria da hori ere». Denborarekin, lan taldea zabalduz joan dira, eta, konfiantzazko zirkulua handituz joan ahala, kudeaketa lan horiek ere delegatu ahal izan dituzte. «Oso inportantea izan da hori ere, iraun ahal izateko», Pitik: «Bestela, itoko ginen».

Mende laurden honetan dena aldatzen ikusi du taldeak, baina taldeak berak aldatu gabe jarraitzen du. Hasierako laukote bera da egungo laukotea. «Super asanblearioak izan gara beti», Basabek. «Gustura gaude gure artean, eta gustura gaude lokalean; ez dago trukorik», Renteriak: «Lau ertzeko ezkontza moduko bat da hau, familia bat, familia arraro bat. Nik ez dut ikusten neure burua beste era batean. Musika egiten bai, eta musika egiten, ba, hemengo hauekin, eta gustura». Eta Gonzalezek azken puntua: «Batzuetan taldea egokitu da taldekideen erritmora. Igual, profesionalak izango bagina, ezberdina izango litzateke, baina, gure hozkailua beste zer edo zer eginda betetzen dugunez, ba, gelditu behar bada edo erritmoa jaitsi behar bada, egokitu gaitezke».

Eta horra taldeak ibilbidean mahai gainean izan duen beste gaietako bat: profesionalizazioa. Haren mugan egon direlako inoiz, “Negua joan da ta” abestiaren arrakastaren ondoren, batez ere. «Baina ez genuen nahi». Taldea lanbide bilakatzearen alde onak zerrendatu ditu lehenik Basabek: tresna gehiago jotzen ikasi, bira gehiago eman, urrunago heldu… Eta gero kontrapuntua: «Baina, beste aldetik, ez ginatekeen hemen egongo, ezta?». Piti gero, badaezpada atea zabalik utziz. «Bueno, guk jarraitzen dugu abesti politak egiten, eta etortzen bada, etor dadila indartsu, eta ez zalantzarik izateko moduan».

Nekez, ordea. Taldekoek mende laurden honetan ikusi dutenaren arabera, Euskal Herrian ia ez dagoelako eta ez delako egon soilik musika egiteaz bizi den talderik. Eskolak ematen aritzen dira kideak maizenik, komunikazio lanak egiten… «Berri Txarrak bai, azkenetan, eta esango nuke bakarrenetakoak direla. Mundu osoan dabiltzan taldeek disko bat egiten dute eta milioiak eta milioiak irabazten dituzte, eta egonkortasuna lor dezakete; hemen ez. Hemen, hilabetero diru bat izateko, gelditu gabe jotzen eta zure familiarekin egon gabe egon behar duzu, eta oso gogorra da hori. Egin daitekeela? Ba bai. Baina kontzertu pila bat eman beharko genituzke, eta gutako bakoitzak musika eskolak eman».

«Ez da erraza izan»

Biografikoa ere bada erabakia, Renteriak dioenez. «2010ean ["Negua joan da ta" atera zenean] adin bat geneukan jadanik, eta hipoteka bana sinatuta. 20 urterekin horrela hasi bagina, orduan bai». Basabek jarraipena: «18 urterekin, kontzertuak egin eta 100.000 euro sartzen badira, pentsatzen duzu: ‘zenbat diru!’. Euskal Herrian talde pilo batek izan du hori, baina gero desagertu egiten dira. Bost urte-edo egin, eta bukatu egiten da».

«Ez da erraza, ez», hasi du gogoeta Pitik: «25 urte, eta euskaraz abesten». Eta serio hasitakoa berehala bihurritu dute taldekideek. «Eta beti musika ona egiten». Barreak. «Hori, hori!».

ETIKETAK:Aiora RenteriaAsier BasabeIñaki ImazKokeinRuben GonzalezSorkunZea Mays