Musika

Iñigo Astiz

2020.02.15

Iñigo Astiz

Hogei bider Gatibu

Ospakizun bat da nagusiki, urtebetetze festa bat, baina, bigarren mailan, bada harrotasun aldarrikapen moduko bat ere, Haimar Arejita Gatibu taldearen sortzaile eta gitarra jotzaileak azaldu duenez. «Zergatik ez du egingo euskaraz abesten duen talde batek horrelako kontzertu erraldoi bat? Euskal kultura euskaraz egiten dugunok zergatik ez dugu beteko horrelako toki bat? Horrelako aretoak betetzen dituztenak beti izaten dira atzerritarrak edo gazteleraz abesten dutenak; ba, guk ere merezi dugu, eta euskaraz ere horrelako gauza masiboak egin daitezkeela demostratzen gabiltza». Taldeak 20 urte beteko ditu aurten, eta jadanik abiatua dute urteurren bira. Ordea, martxoaren 28an Bilboko Bizkaia Arenan ia 8.000 entzulerentzat egingo duten emanaldi berezia izango da ospakizun ekitaldi nagusia. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, eta oraingoz saio «berezia» izango dela baino ez dute aurreratu. Gonbidatuekin. Normalean egiten ez dituzten gauzekin. Eta, halere, funtsean, Gatiburen kontzertu bat.

Gatibu taldeko kideak, Bilboko Bizkaia Arenan

Gatibu taldeko lau kideak,Bilboko Bizkaia Aretoan martxoaren 28an emango duten kontzertua azaltzeko emandako prentsaurrekoan. (Marisol Ramirez / Foku)

Okasiorako kanta eta bideoklip berria ere sortu dituzte. «Ez dugu orain hasi nahi hau eta bestea etorriko direla esaten, sarrerak saltzeko eta propaganda egiteko», azaldu du Alex Sardui taldearen sortzaile eta abeslariak. Musika nahi dute ekitaldiaren muinean. Gonbidatuak izango dituztela aurreratu dute, halere, zein izango diren zehaztu gabe. Ulertarazi dutenez, ordea, beren ibilbidean kolaboratzaile izan dituzten artistak egongo dira kontzertuan. Eta, adibidez, Fito y los Fitipaldis taldeko Fito Cabrales eta Izaro abeslariak dira taldearen kolaboratzaile izan diren sortzaileetako bi. «Opari bat izango da», iragarri du soilik kantariak.

Urteurrenak atzera begira jarri eta balantzea egitera behartu ditu taldekoak. Eta horren emaitza da kaleratu berri duten abesti berria ere: “Bixotzetik” deitu dute, eta taldearen historia laburbiltzea izan da asmoa, hala musikalki nola hitzetan. «Bilatu gabe», baina beren ibilbidean landu dituzten musika adar nagusiak bildu dituzte kantuan, Arejitaren hitzetan; badaude tarteka taldearen hasierako rock gogorragoa gogorarazten duten pasarteak, baina gerora landuz joan diren erritmo dantzagarriak nagusitzen dira berehala, eta leloan argi entzuten da musikarien pop zaletasuna. Eta hitzek ere badute laburpen gogo hori. Lehen ahapalditik beretik: «Bizitza kotxeko ispilutik ikusten./ Hogei urte joan dira, hogei asteburuten./ Lekuek, ostalak, maletak, arazo ta pozak,/ katuek egin ahala, bizitza, albotik doa».


«Martxarako ere animatua den abesti bat, Gatiburen soinua daukana %100», laburbildu du gitarra jotzaileak. «Taldea zer momentutan dagoen islatzen du, eta esaten du hurrengo hogei urteetan ere norantz joango den».

Euskara erdigunean
Atzera begira egindako errepasoan bada taldekideek lehen-lehen lerroan jarri duten elementu bat: euskara. Arejitak eman du azalpena: «Hogei urte hauetan Gatibuk egin duena batez ere hori da, musika euskaraz. Euskarak dauka garrantzia, eta hori da desberdintzen gaituena: rocka eta popa euskaraz egiten dugula. Musikak badu gaitasuna euskarazko kantekin euskaldunei eta euskaldun ez direnei rollo ona transmititzeko, bizipoza, martxarako gogoa, sexua praktikatzeko gogoa». Izan ere, musikariaren hitzetan, «hizkuntza aspergarria» izatea da euskarari buruzko estereotiporik okerretako bat. Alegia, ez duela balio sexurako, ez duela balio dantzarako. «Guk mito hori apur bat saiatzen gara apurtzen, eta jarraituko dugu saiatzen erakusten euskaraz edozer gauza egitea posible dela, eta euskaraz ez dakien jendea ere dantzan jar daitekeela euskarazko musikarekin». Eta kidearen azalpena amaitzean egin du broma Sarduik: «Egia esan, euskara gehiago egiten dugu sexua baino».

“Jarraituko dugu saiatzen erakusten euskaraz edozer gauza egitea posible dela, eta euskaraz ez dakien jendea ere dantzan jar daitekeela euskarazko musikarekin

«Kanpora joatea». Taldeak erronka hori jarri dio bere buruari hurrengo urteetarako, Gaizka Salazar bateria jotzailearen hitzetan. Jadanik badabiltza Herrialde Katalanetan, Galizian, Madrilen eta beste hainbat lekutan kontzertuak ematen, eta «bide hori zabaltzen» jarraitzea da musikarien asmoa. Azken asteetan, kanpoan egindako kontzertu horietako batzuk errepasatu dituzte: «Madrilen jo genuen lehen aldian, ehun pertsona ez ziren bilduko, eta orain ikusten ari gara taldea nola hazten ari den. Ikusi da bertako jendea interesatu dela». Kontatu duenez, seiehun ikusle bildu zituzten Espainiako hiriburuan emandako azken kontzertuan. Esan dutenez, gainera, zaleen artean badaude euskara jakin ez arren beren abestiak goitik behera abesten dituzten entzuleak. Eta pozik daude, halaber, hango eta hemengo zaleen artean adin «espektro oso zabala» lortu dutelako.

Artistikoki «bide berriak ezagutzea» da taldearen asmoa, baina oraingoz entseguak dituzte buruan. Urteurren birakoak, orokorrean, eta martxoaren 28koa bereziki: «Oraindino ez dugu sinesten», onartu du Sarduik. «Behin pasatu zitzaigun Durangon, hirugarren diskoarekin. Kontzertua jo genuen, eta bukatu genuen zoraturik, eta nik uste dut horrelako sentsazio bat lortuko dugula: dena egin eta geroko satisfazio puntu hori. Ze oraingoz behar egin behar da azken momentura arte, azken segundora arte entseguak daude».

ETIKETAK:GatibuIzaro