Musika

Imanol Ubeda

2024.01.12

Imanol Ubeda

Hitzordura agertu dira azkenean (‘Zauria’ diskoaren kritika)

Disko kritika

  • Diskoa: ‘Zauria’
  • Taldea: Zauria
  • Diskeotxea: Bidehuts
  • Urtea: 2023
'Zauria' diskoaren azala.

‘Zauria’ diskoaren azala.

Zauria taldearen izen bereko diskoa jaso berritan, aspaldiko oihartzun bat etorri zitzaidan burura. Gorka Jimenez tolosarrak bazuela idazteko joera, eta trebea zela gainera. Oraintsu arte baina, ez da uste hori berresteko modurik izan. Bidehuts zigiluak plazaratu berri duen LParen bitartez iritsi zaizkigu tolosarraren lehen ale poetikoak. Bere agerpen artistikoa bikoitza izan da gainera. Diskoko letren egilea izateaz gain, bera baita abestiei boza jarri dien kantaria.

Adur eta Ekhi abestia izan zen egitasmo berriaren aurrerakina. Letrak kutsu malenkoniatsua du. Ildo berekoak dira Katiuskak kanpora edota Begien isla abestietako hitzak. Krista Klanke-k, Iluntasun likidoa-k eta Eguzkipean aldiz-ek, zoratzerainoko nahigabe baten kronikak dirudite.
Malatesta eta Ulisesen itzulera abestietako hitzek eldarnio modukoak dirudite. Lisergikoenak dira ordea, Zauria (Bidehuts, 2023) diskoko apartenak. Kutsu honetako kontakizunak urriak direlako gure kantagintzan. Buda Buda Frisco LSD bidaia xelebrea eta Xilofagoen bazka idatzi kafkiarra.

Baxi Ubeda da disko honetako beste zutabe nagusia. Jimenezen aldean, Ubedaren ibilbidea aspaldian abiatu zen. Bukaera, Akauzazte edota Jupiter Jon taldeen grabazioetan topatuko duzue bere arrastoa. Zauria taldearen lehen erreferentzia honetan, bereak dira doinuak eta diskoan zehar tartekatzen diren pasarte instrumentalak.

Gladys da kanta instrumental horietako bat, diskoari hasiera ematen diona. Basoko soinuek eta doinuek janzten dute gitarraren aienea. Adur eta Ekhi dator segidan, albumeko abesti melodikoena akaso. Egitura minimala du. Apaingarririk gabea. Kantak ongi eusten diolako bere horretan. Molde berekoa da Krista Kanke. Eta hara, abesti honen azken entzunaldian iritsi da urruneko beste oihartzun bat: Xabier Montoiarena. Jimenezen kantaera ez dago Montoiaren behe-erregistrotik oso urruti.

Zailagoa da Baxi Ubedaren parekorik topatzea. Modu perkusiboan jotzen du gitarra. Bere bereizgarri nagusia da, Jupiter Jon edota Akauzazte taldeetan ere igarri zitekeena. Ez da abestien euskarri melodikoa egitera mugatzen, eta ezaugarri horrek bestelako kutsua ematen die konposizioei. Jotzeko manera hori bereziki nabarmena da Malatesta, Xilofagoen bazka edota Buda buda Frisco LSD abestietan. Azken honek Captain Beefhearten blues deseraiki baten tankera du.

Kate motzeko kantak dira gehienak. Modu soilean jaio ziren eta halaxe erregistratu nahi izan dituzte. Abesti gutxi batzuetan ordea, banda baten laguntza izan dute. Biko formulan bezalaxe, Txap gitarrajolearen eta Aida baterijolearen konpainia ederrean ere eroso ageri dira Baxi eta Gorka. Katiuskak kanpora! eta Zure begiak (diskoko bi perla handiak) kantetan bereziki, batzuen zein besteen arteko konplizitatea igarri daiteke. Dela melodia, dela instrumentazioa, dela soinukera… Wilcoren trazak aurki daitezke bi erreferentzia horietan.

Esan dugun moduan, pieza instrumental batekin abiatzen da diskoa baina ez da molde horretako bakarra. Horra lan honen beste bereizgarri bat. Xerlock Holmes, Ylayali edota Puff Puff txoria doinuek interludio gisa funtzionatzen dute, eta oso iradokitzaileak dira.

Su motelean ondutako diskoa izan da hauxe. Iluntasun likidoa-n diotenaren kontrara, kanta hauek plazaratzeko ahalegina egin dute ur amniotikoan itotzen utzi ordez. Tolosa underground-eko bi beterano hauek  zitara azaltzeko  indarra batu dute. Hitzordu gehiagoren lehena izango ahal da.

ETIKETAK:Imanol UbedaKritikaZauria