2023.03.02
«Txitxarroa eta atuna ez da Pique eta Shakira, bistan da», baina haietaz baliatu da Jabier Muguruza musikaria Txitxarroa eta atuna (Mara Mara) lan berriari sarrera egiteko: «Zalaparta handia piztu zen Pique eta Shakiraren arteko harremana amaitu zenean, are handiagoa kanta eta bideo gordinak etorri zirenean. Sare sozialetan, gizartean, ez zegoen besterik. Nago, ordea, gutxi izan zirela haien umeen egoera aintzat hartu zutenak».
Kasu horrek zer pentsatua eman diola aitortu du, eta bere umezaroari buruz hausnartzeko beta eman diola. Galdera bat egin zion bere buruari: «Jabier izeneko ume hark zer desiratzen zuen? Askatasuna? Memoria egiten hasi, eta ez, nik ez nuen askatasunik bilatzen. Nik besteen arreta nahi nuen; batez ere, gurasoena». Helduei mezua zabaldu die, interesa piztu dezaten diskoari buruz, eta inguruan dituzten haurrei aukera bat eskain diezaieten lana ezagutzeko.
Leire Bilbao idazleak egin ditu kantuen hitzak. Hamar abesti dira guztira, eta poemak direla azaldu du: «Poemak narratiboak izan daitezke, eta istorio bat konta dezakete, Txitxarroa eta atuna kantuan bezala. Poztasuna dago, eta tragedia ere bai: umeei ere kontatu behar zaizkie gauza horiek, hitz egin behar zaie bizitzaz: maitemintzeaz, bizitzako harrokeriaz eta tuntunkeriaz. Horregatik dira txitxarro harroa, eta atun tuntuna».
Kilkerraren gau kantua abestiak sentimenduak jorratzen ditu, Bilbaoren esanetan: «Denok daukagu bihotzean kilker bat kri-kri egiten duena, sentitzen duena». Marigorringoa eta labezomorroa kanta bi animalia horien arteko «dialogo esperpentiko» bat da. Kuku-erlojua, bestalde, estresaz eta denboraren erabileraz ohartarazteko da: «Nola ibiltzen garen korrika eta presaka».
Haurrari tiraka eraiki du lana Muguruzak. Haurra zela, tristura, beldurra, kokapen falta, amorrua, zeloak eta inbidia sentitzen zituela azaldu du: «Horiek guztiak sentitzen nituen nik ere: haurtzaro zoriontsuaren mitoa gezur handi bat da. Ume hauskorra nintzen, haur guztien antzera, eta helduleku bat bilatzen nuen».
«Luxu handia da»
Musikan eta literaturan, haurrentzako lanak egiten hasi zen profesionalki Muguruza. Esan du ez dela kasualitatea 11 urte geroago, 2005ean, Mara Mara zigilua sortu izana; helburu jakin bat izan zuen: «Haurrei opariak egitea. Ez materialak, horiek ez dute ia ezertarako balio. Musikaz eta hitzez egindako opariez ari naiz». Musikari guztiak egon dira aurkezpenean, eta, hori baliatuz, Muguruzak esan du maila profesional handia duela kaleratu duten lanak: «Hala joan gara urte hauetan lanak publikatuz. Oso kontent nago Leire Bilbao idazlearen hitz jostalari bihurri ederrekin. Oso pozik, musikariek beste behin egindako lan bikainagatik, baita diseinatzaile eta teknikarien lanagatik ere». Mikel Laboa zena parafraseatuz, aipatu du «luxu handia» izan dela lan prozesua talde horrekin batera egin ahal izatea: «Mikel Azpiroz, Jean Marie Ekai, Karlos Aranzegi eta Leire Bilbao ikusten ditut nire inguruan, eta ez naiz guztiz kontziente luxu honetaz».
Bilbaok «ohoretzat» jo du berriz ere Muguruzaren konplize izatea, 2007an egindako lan bati keinua eginda: «Muguruza kapitaina eta halako eskifaia izanda, Txitxarroa eta atuna deritzon ontzi honetan nabigatzea ohorea da. Ni sinistuta nago umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin egiten dutela. Poesiak lotura du ahozkotasunarekin eta musikarekin».
Azpirozek nabarmendu du taldeak egin duen bigarren lana dela, eta plazer hartu duela musika moldatuz eta grabatuz: «Barneratuta dauzkagu prozesua eta elkarrekin lan egiteko modua».
Lan egiteko modua «lokomotor» batekin konparatu du Muguruzak: «Hitzak hartu, eta, haietatik abiatuta, ni jarri naiz doinu horiek konposatzen. Gero, Azpirozek egin ditu zirriborro batzuk pianoan, denon artean landu ahal izateko, eta osotasuna eraikitzako elkartu gara ondoren». Hala ere, ez da mekanikoa izan: «Ni hunkitu egiten nau lan prozesua aise atera izanak». Azpirozek jolasean aritu diren irudipena izan du diskoa egitean: «Muguruzak aipatu duen kate horren bidez, joko zelaia eraikita utzi dugu lehenik, eta jolasean ibili gara».