2023.04.06
Hitzek lotzen dituzte Anariren Gure mundua eta Epilogoa kantuak, musikariaren estudioko disko luzeen bi muturrak, Anari (Esan Ozenki, 1997) eta Epilogo bat (Bidehuts, 2016) lanen artekoak. «Gaua da kotxean/ sartzen naiz, euri malkoak/ parabrisan», abiatu zen dena. «Eta trenak euri tanten kontra/ lehertzen hasten direnean,/ hutsuneak azpimarratuz,/ zeure burua ikusten duzu/ kotxeen argien itzal bustian», erantzuna. Gauak, autoek eta euriak lotzen dituzte, baina tarteko hamaika hitzek ere bai, Anari Alberdik Pepitas etxearekin argitaratu duen Demoliciones controladas liburuan (Eraiste neurtuak); haren diskografia osokoak, baita besteekin eta besteentzat egindakoak ere, euskaraz eta gaztelaniara itzulita.
Hitz guztiak, zaharrenetik berrienera. Horrek dirudi berezko ordena, baina ez zen izan lehen aukera, hasiera indartzeko asmoagatik, besteak beste: «Liburuen lehen orriak hain garrantzitsuak direnez, seguruago egongo nintzateke, azkar esateko, gustura sentiarazten nauten hiruzpalau kantu jarrita». Iñigo Astiz idazle eta Berria-ko kazetariak lagundu dio edizioarekin —«behar nuen kantuak nik baino gehiago maite zituen norbait»—, eta saiatu dira beste era batera antolatzen: «Animaliaka, harriekin hasita…». Baina berezkoari eutsi diote azkenean: «Disko bakoitzeko kantuak interkomunikatuta daude; arraroa litzateke bestela, eta indarra galduko luke».
Alberdik berak itzuli ditu hitzak. «Beti itzuli izan ditut», zehaztu du. «Esan Ozenkiren garaian, zabaltzeko gure senari jarraikiz, lau hizkuntzatan ateratzen ziren: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Nik, burugogortasunagatik edo intuizioagatik, esan nuen nireak euskaraz bakarrik aterako zirela. Beste batzuek ere egiten zuten hori, ez nuen nik asmatu, baina izan nuen nire gerratxoa». Ohar bat ipini zuten: itzulpena eduki nahi izanez gero, idazteko diskoetxera. «Eta Espainiatik eskatu zizkidaten hiruk edo lauk. Gutun azal batean sartu, eta bidali nizkien».
Itzulpen horiek ez ditu eskura izan, baina berriagoei «orrazia» pasatuz ekin zion bildumatze lanari, «eta orrazia baino gehiago ere bai», atzekoz aurrera, kantu berrienetatik zaharrenetara: «Bukaerako hitzak baleudeke ni orain idazten ari naizen leku horretan. Pereza handia ematen zidan lehenengo diskokoekin bueltaka hasteak». Asun Garikanok lagundu dio gainbegiratzen.
Jatorrizko hitzen ondoan, libre ageri da itzulpena, isla zehatza izateko beharrik gabe, pasarte batzuk ñabartzera ere ausartuta. «Ez dudanez abestu behar, ez dut kantuan sartu beharrik. Munduko lizentzia guztiak hartu ditut, nireak direlako». Distantzia batera ikusten ditu hitzok, eta itzultzeak, gaurkotzeak, txikitu egiten du tarte hori: bere hitzekin adiskidetzeko balio izan dio. Tonutik urrundu gabe, hala ere: «Gaztelerara itzultzean, jaso egiten da hizkuntzaren erregistroa, eta argi neukan mantendu egin nahi nuela euskaraz dagoen lekuan, edo beste batean, baina poetikoa eta jasoa izan gabe».
Bidean, genero markarekin topo egin du, besteak beste. «Ontzat daukagu euskaraz ez izatea horrelakorik, baina, egia esan, gazteleraz gustura markatu dut generoa zenbaitetan, oso gustura. ‘Zure gainean etzaten zirenak’ esateko, «las» edo «los que se tumbaban» esan… ez dakit amildegi bat dagoen, baina informazio asko bai, eta esanguratsua».
Kantua eta hitza tentsioan
Alberdiren hitzak «gatazkan» daudela idatzi du Astizek hitzatzean, kantatutakoaren eta idatzitakoaren arteko etengabeko borrokan. Tentsio hori bistakoa da kontzertuetan ere: «Hitzak aldatzen ditut kantatuz noan heinean. Nahiz eta era batera idatzi, bestela kantatzen ditut, baita grabatu ere, azken momentura arte aldatzen ditudalako, edo idatziz era batera azaldu behar duelako eta abestuz beste batera. Amua abestian, adibidez, nire erabakia izan zen hitzaren zati bat bakarrik idaztea, eta bestea kantatuz bakarrik izatea». Testuei itzulpenaren gatazka erantsi die orain; gatazka «on eta natural» bat.
Bernardo Atxagak egin du hitzaurrea. «Askotan esan dut zer izan zen Atxaga niretzat: beragatik hasi nintzen hitzak idazten, eta, seguru asko, Gari eta goroldiozko-k ere badu bere zain horretatik. Musikaren bidez sartu nintzen bere mundu poetikora, Hautsi da anphora-ren bidez. Ez dakit ondo ohore hitzak zer esan nahi duen, baina poz handia ematen dit».
Liburukoak «poemak» dira Atxagarentzat, hitzaurrean esaten duenez, nahiz eta musikariak garbi duen abesti batek ez duela zertan poema batek bezala funtzionatu abesti ona izateko. «Pozten nau gazteek berriro beren hitzak idazteak, liberatu garelako hitzak poetei eta bertsolariei eskatzeko zera horretatik».
Alberdi badabil musikan, baina letretan ere bai, eta «gustura», gainera. Gari eta goroldiozko gaztelaniara itzultzen ari da. «Beti behar dut distantzia hartzea egindako gauzekin. Orduan naiz kapaza beste zerbait egiteko. Oraindik Gari eta goroldiozko-ren barruan bezala sentitzen naiz, eta, neure burua ezagututa, momentu hori aprobetxatu behar dut orain itzultzen hasteko».
Hala ere, liburua argitaratuta, «disko baten bila» abiatzeko garaia ere badu orain. Ez du estutzen hurrengo lanarekin Demoliciones controladas bildumaren ondorengo aroa hasteak: «Gehiago kezkatzen nau konforme geratzeko moduko abestiak egiteko kapaza naizen».
Argitaletxekoei abisatu die, ez ateratzeko ale askorik badaezpada, erdi barrez esan duenez: «Hala, berredizio batean, beste disko bat sartuko dugu».