Musika

Gotzon Barandiaran

2015.07.12

Gotzon Barandiaran

Historiari kantatzeko (IV)

EHUk 2015 honetan antolatutako udako ikastaroetan Marie Hirigoien Hazparneko Soinubila Musika Eskolako koordinatzaileak emandako hitzalditik galbahetutako titularrak hondalearaino murgiltzeko gogoa isiotu digu: “Helburu sozialak musika gainditu du”. Ondorio sententziazkoa dirudi. Azkura ematen du. Zein helburu du musikak ez bada soziala? Sorkuntza pertsonaren garapenerako lagungarria da zinez, bakarrean gauzatzeko ere: zertarako gai garen, zeinen ahulak garen erakus diezaguke; harritu, poztu, haserrarazi, baretu, askatu, tristatu, gaitzake. Baina musikadun jaiotzen gara edo norbaitengandik jasotzen dugu? Jaso dugun musika isolaturik gaudela, geure buruari sortzen badiogu ere, aurrez beste batengandik jasoa izaki, musikaren helburua soziala da, ez? Edo Marie Hirigoienek esan gura du musikaren helburu nagusia soziala delako musikaren sorkuntzari, instrumentuak jotzeko abileziari, ahotsa lantzeko engaiamenduari muzin egiten diogula? Baina Euskal Herri osoan urteetan errotuta dagozen musika eskoletan zer hobesten da ez bada teknikaren irizpideekiko interpretazio ahalik eta bikainena? Testuinguru horretan, musikak gainditzen du helburu soziala? Apika Marie Hirigoienek adierazi asmo du XX. mendeaz geroztikako euskal kantagintzak mezuak, politikoak orobat, ideologiaren hedapenak itzal ilunegia egin diola musikari?

Bitoriano Gandiagak Eibarko familia proletario bategaz bizitzen ezagutu zuen Arantzazuko babesetik bestelako gudalekua.

Urko

‘Hemen gaude’, Urko, 1977

 

Gure azken helburua
(B.Gandiaga-Urko; Hemen gaude, Zafiro 1977)

Baina aurrera
behar bada gure azken helburua.
Hauxe izango da
nahi dugun ezinagaz burrukatzea.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ordun, zoriuntsu,
izango gara:
garailearen poza edukiko dugu
edo hildakoen bakea.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Askatasuna.
Aurrera behar bada gure azken helburua.
Hauxe izango da
nahi dugun ezinagaz burrukatzea.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ordun, zoriuntsu,
izango gara:
garailearen poza edukiko dugu
edo hildakoen bakea.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Askatasuna.
Aurrera behar bada gure azken helburua.
Hauxe izango da
nahi dugun ezinagaz burrukatzea.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ta aurrera, aurrera
burruka buka ditekenean.
Ordun, zoriuntsu,
izango gara:
garailearen poza edukiko dugu
edo hildakoen bakea.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Amnistia.
Zer eskatzen du herriak?
Askatasuna.

Itoiz taldea euskal kantagintza modernoaren talde ikurretakoa dugu, gure lehen pop taldea, euskal musika ordura arte batzuen aburuz mugatuari adierazteko molde berriak ekarri zizkiona, mundua inarrosten ari omen zen eredu anglosaxoia inportatu ziguna. Joseba Alkalde eta Bernardo Atxagaren hitzak musikatu zituzten Itoizekoek beraiek idatzitakok ez eze. 1978an plazaratu zuten Itoiz lehen diskan, Marie Hirigoienen ondorioa ate joka datorkigu, musika baita, Itoizen estreinakoan zein, gure uste harroan, ondorengoetan ere, abiapuntu, bitarteko eta xede nagusi.

itoiz

‘Itoiz’; Itoiz, Xoxoa, 1978

 

‘Zati txiki bat La m\’en’

Planeten hitzetan zintzilik
zure oihartzuna eta epeltasuna
dasta ditut nire altzoan
apurtzen ari direnen hotsak
Hirugarrenez ahantzi ditut
nire hatzamarrak zure adatsean
urrezko purpurinapean
ageri duzun goxotasuntzan
Zure begien biñetetan
harnasa eutsiaz lasaitzen nauzu
islatzen nauzu, deitzen nauzu
eta zoli, zoli, naramazu
Hil hil hil illunabarrero
edo ametsak hautsi sosega nadin
esna nadin, kontura nadin
(eta) haizearen kontra urtu nadin.

* Hemen entzungai.

‘Foisis jauna’

Ez
ez dut utziko inori
nere barnean agintzen.
Zu inor zara eta halaere
menperatzen diazu.
Lasto ustela izango naiz?
Bakarrik dakit
hala naizela
eta…
Zuk bakarrik dakizu
Pilatos zenbat maite dudan.
Zuk
zenbat miresten zalantza
zenbat nazkatzen beldurra.
Zuk bakarrik ezagutzen
nire barnea
nire kanpoa.
Ni
reenkarnatuko banintz
obeditzeko nintzateke
(eta) lo
naturaren sartadak
pairatzen ditut garunetan
bibolin hotzak bailira.
Horregatikan
maite zaitut gaur.
Bai
orori bai esanaz
farrearen mugetan nauzu.
Gaur
elurra bonbiletan
funditzen den bezala nauzu.
Guttikin naiz zoriontsu
ikusi zaitut…
ikusi zaitut…

*Hemen entzungai.

1978a zen, besteak beste, Hego Euskal Herriak ezezkoa eman zion Espainiako konstituzioari, BVEk Jose Migel Beñaran Argala ETAko buruzagia hil zuen Angelun, Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuen San Ferminetako bigarren entzierroan, Euskal Herriko Batzorde Antinuklearren Koordinadoraren eta Euskal Kosta ez Nuklearraren Aldeko Batzordearen ekimenez Lemoizko Martxa antolatu zen, Euskaltzaindiak Bai Euskarari kanpaina erraldoia antolatu zuen euskararen aldeko kontzientzia piztu eta dirua biltzeko, Euskal Herrian Euskaraz elkartea sortu zen, euskararen gutxiespen-egoera salatu, euskararen berreskurapena ziurtatuko duen hizkuntz plangintza orokorra eskatu eta euskarak maila guztietan normalkuntza soziala lortzeko helburuz.

Sozialki irakiten zegoen giroagaz bat argitaratu ziren Guk taldearen Laborari, langile eta nagusi, Gorka Knörr-en Herri bat gara edota Errobiren Bizi-bizian diskak. Daniel Landartek Joseba Alkaldek ez bezalako kezkak zituen, beste era batera adierazten zuen ezinegona, erantzuteko eskatzen zion Landartek entzuleari, Gorka Knörrek Alfontso Irigoienekin bat egin zuen naziotasunaz horrenbeste eztabaidatzen zen garaian

Errobi

‘Bizi bizia’; Errobi, Xoxoa, 1978

 

Gure zortea
(D.Landart-Errobi)

Euskal herriko neska pollitak norapeit dira airatu
Seme sanoak ezkondu gabe bakar bakarrik gelditu
Mendi gaineko elur xuria etsaiek dute zikindu
Hori ikusi ama Euskadi nigar ahuenez da lotu
nigar ahuenez da lotu.
Zazpi probintzi zazpiak anai bat basteari so zauden
baina goiz baten haundi mundiek muga bat duten ezartzen
eta geroztik asko ta asko seme alabek ahantzi
ama bakarrak betidanikan ukan dugula Euskadi
ukan dugula Euskadi.
Erdar haizeak gogo bohotzak usu baititu nahasi
egia gordez sakelak betez ezkerrak karguduneri
baina halere ama Euskadi ez du etsitzen batere
baitaki semeek egiazkoek dutela zin zinez maite
dutela zin zinez maite.
Abertzalea ikaran dago mintzaira ez nahiz galdu
ez daki nola hamendik goiti beharko duen jokatu
Euskal arima arrotzek dute hiltzeari kondenatu
amaren maitez harmen bidea behar ote dugu hartu
behar ote dugu hartu.
Pasionea iragan ordu etorriko da eguna
gizon emazteek haur ala gazteek igurikatzen duguna
Euskal Herria ez da ez hilen baina Euskadi sortuko
gero sekulan nehork ez deusek ez baitu hiltzen ahalko
ez baitu hiltzen ahalko.

*Hemen entzungai.

 

Herri bat gara

 Herri bat gara hezurrez
ez gabiltza gu gezurrez
ezin pagatu da egiaren balioa urrez
aspaldi geunden beldurrez
negar ta malko makurrez
ote giñaden galduko laister
izotz eta elurrez.
Arnasaren indar hori
egongo da azkar gori
hauspoarekin saiaturikan
putza dakar lodi
emanik zenbait arlori
Euskal Herri zahar, tori!
zantzo zabal hau
lanaren karobi.

 *Hemen entzungai.

 

Joseba Alkalde eta Itoiz are estuago besarkatu ziren Ezekiel-en. Diska osorako berbak taxutu zituen Alkaldek. Euskarazko lehen diska kontzeptuala?

 

Ezekielen prophezia

 Eremuko dunen atzetik dabil
zulo urdin guztiak miatu ezinik
eta euri zitalari esker bizi da
ikusi zituen gurpil sutsuak
arranotu zaizkio, amoratu
eta bazter batean aurkitzen da
eremuko dunen atzetik dabil
zulo urdin guztiak miatu ezinik
eta euri zitalari esker bizi da
ikusi zituen gurpil sutsuak
arranotu zaizkio, amoratu
eta bazter batean aurkitzen da
desafinatzeke nahasirik gabe
jadanik agure itxura eutsirik
gauaren pareta “sprai”atu duzu
hamazazpi urteak
hamazazpi zuri dira ezekiel
mingotzaren merkromina ezekiel
eter labur bat zara
hari single bat zara
betiko
eremuko dunen atzetik dabil
zulo urdin guztiak miatu ezinik
eta euri zitalari esker bizi da.

*Hemen entzungai

Sutan ziren kaleei, gori gorienean lehertzear ziren era guztietako herri-mugimenduen eta erakunde errepresiboen arteko gatazkari, bestelako behakoa zegien Ezekielek, asfaltozko zintarriak basamortuko duna irudikaturik. Gutxi, bakanak, baina izan bazituen bidelagunak. Bi urte lehenago Bilbon eratutako Pott bandakoak: Etiopia, Izuen gordelekuetan barrena eta Hautsi da anphora. Ez kantatu niari, literatura literaturaren mesederako. Eta bizi gaituen lurrean jendartea osatzen dugunon bizimoduan eragin zuzena duten gertakariei ez diegu kantatu behar? eta beste herrialde batzuetan gertatuagatik erasaten gaituztenei? eta kantatzea erabakiz gero, zelan kantatu, zelan kontatu?

Hertzainak-eko Josu Zabala eta orduan taldekidetzat zute Karra Elejaldek Euskalduna ontziolako langileak bisitatu zituzten itxialdian zeudelarik. Langileen adoreak txunditurik, Karra Elejaldek espainolez sortu eta Zabalak euskara ekarririk, egun gutxitan sortu zuten lantegi handi bateko langileek estatu bategaz izandako borrokarik latzenetan azkena. Obreroen azken ereserkia?

Hertzainak

‘Hau dena aldatu nahi nuke’; Hertzainak, Soñua, 1985

 

Eutsi gogor
(Hau dena aldatu nahi nuke; Hertzainak,1985)

Altxatu haiz betiko orduan
leku berdinera joateko berriz.
Autobusean ez duk ohiturazko aurpegia
aurrera egitera hoa inoiz ez bezala
betikoen kontra inoiz ez bezala
betikoen kontra baina, inoiz ez bezala
Buzo, kasko, musuzapiak aurpegian
sua ta kea Deustuko zubian.
Tuerkak gomazko piloten kontra
Eutsi gogor Eutsi gogor
Eutsi gogor Euskalduna.
Lehen bokadiloa zeramaten poltsikoak
orain askoz ere astunago dituk
Gasolina behar duk!
Azkar hustu motor hori!
Barril atzean, gogor ari dira oraindik
Akaba zak, tapa botilak
KAGUENDIO! Zelan pasa da hori,
Akaba zak, estalizak ongi.
Ez pentsa ezer, ordua duk eta
Ez duk ezer behar, soilik suertea
Jo Joxe Mari, apuntatu ongi
Sua emaiok rekonbertizak,,
sua emaiek rekonbertizak
sua emaiek, sua emaiek,
rekonbertizak.

*Hemen entzungai.

 

Arabiarrak Judu

 Pilatosen sasoi berri
Pontzio eta fariseo
Judas. Judas!!
Sharon, Shamir
bietatik maltzurrenari
30 diruak
Non dituk?
Judas, Judas
Yankeen “konfidantzako”
sionista lehertu arte
ken itzak hatzaparrak
judu malapartatua
judu maltzurra
Judas saldua urkatuko haute
“suizidatuko haute”
hire “tarrak”
izar eta barrak
Ken itzak hatzaparrak
eta ghettho gehiagorikan
Arabiar herri honi
Ala-gatik
ez juderi gehiagorikan
Arabiar nazioaren lepotik
Ken itzak, aparta
Judasen hatzaparrak.

*Hemen entzungai.

bap

‘…bide huts eta etxe huts’; BAP!!, Basati diskak, 1988

 

1986an kaleratu zuen BAP!! taldeak Bide huts eta etxe huts. Bertan entzun genezake Jon Aranori Israelen Palestinarekiko okupazio militarrak sugartzen zion amorrua, BAPen hardcoreak hirukoiztua.

1999an ondu zuen Oskorrik 25 urte kantu, bere eremuan, zuzenean argitaratu den diska ezinbestekoa, belaunaldi askoren imaginarioa hezurmamitu duena, Euskal Herriaren historiako gertakari garrantzitsuenetako askori kantatu ziena. Ikasturte baterako bazka historialari, soziologo, politikari, euskara eta kultura irakasle, telebista publikoko programazio arduradun edo gaztetxeetako asanbladetako militanteentzat.

oskorri

’25 kantu urte’; Oskorri, Elkar, 1996

 

Guretzat
(Gabriel Aresti- Oskorri)

Guretzat berdin dira
astea eta jaia,
lana bihurtzen dugu
kantatzeko gaia.
Har ditzagun eskuan
giltza eta laia,
gariz eta burdinaz
lantzeko Bizkaia.
Gitarrarekin aire berri bat
daramagu kantuz egun,
abesti libre eta leiala,
prestu eta noblezadun;
haren medioa zer garen, ongi
izan gaitezen ezagun,
herri langile nekazaria
hala defendi dezagun.
Gure gogoa ez bedi arren
kantu honekin akaba,
gure ekintza izan dadila
gure hitzaren alaba.
Egun batean esan dezagun
ez “hala biz” bai “hala da”,
nekea eta lana dirade
zorionaren alaba.
Bide honetan baldin bagoaz,
jakin dezagun zergatik,
zin egin behar dugu zintzoki,
bakoitzak duenagatik;
sinestedunek dudarik gabe
bere Jaungoikoagatik
eta sineste gabeek berriz
bere ohoreagatik.

*Hemen entzungai.

ETIKETAK:Bap!!ErrobiHertzainakItoizOskorri