Musika

Gotzon Barandiaran

2015.06.09

Gotzon Barandiaran

Historiari kantatzeko (III)

Urte askoan iraun digun sentipena errotu zitzaigun 1936ko altxamendu faxistaren ostean: galtzaile izatearen malura. Erbesteratu ziren idazle zenbait ahalegindu ziren euskaltzaletasun abertzalea bizirik iraunarazten baina XX. mendeko 60. hamarkadako bigarren erdia arte sano urria izan zen idazleen eta musikarien arteko elkarlanetik plazaratutako kantagintza. Ahaleginik garrantzitsuena Jokin Zaitegik zuzendu zuen Euzko-Gogoa aldizkaria izan zen, Joxean Elosegi-ren hitzetan:

“(…) Guatemalan argitaratu zen lehenik Euzko Gogoa. Erbesteaz hitz egin beharra dago, beraz. Aldizkariaren egile, eragile eta sustatzaile garrantzitsuena, Jokin Zaitegi Plazaola apaiz arrasatearra, Francoren erregimenak baino, Elizak ezarri baitzuen erbestean, Euskal Herritik kanpo, faxistek gerrari ekin aurretik ezarri ere. Kronikariek kontatu bezala, Hego Amerikako hainbat tokitan sakabanatu zituzten jesuiten buruek Zaitegi eta beste hainbat lagun 1929an, apaiztu baino lehenago, euskaltzaleak zirelako. Apaiz huts bihurtu nahi izan zuen geroago, askeago jokatu ahal izateko. Bestalde, Zaitegik ez zuen gerra zuzenean bizitzeko aukerarik izan, Belgikako seminario batean eduki baitzuten agintari jesuitek urte haietan. Baina gerra galdutako euskalduna zen bera ere, horratik: areago, erraz frogatuko du Euzko Gogoa aldizkariak eginiko bideari oharturiko edozeinek nekez onartuko zukeela Zaitegik aldizkarian bestelako inor. Ez zen horretan halako hautsi-mautsitan hasteko aukerarik. Euskararen izenean ateak nornahiri zabaltzeko prest zegoen arren —eta Euzko Gogoa bera dugu nortasun horren erakusgarri gardena—, irmo eta zurrun jokatu zuen beti euskara eta euskaldunen etsaien aurrean.

Horrez gainera, ezinbesteko hautua izan zen erbestea. Jokalekua Euskal Herria zen, jakina, baina hegoaldean frankismoak ez zuen deusetarako betarik ematen. Eta iparraldean? Erdaraz ohitutako dinamikak baizik ez zuela balio ematen zuen iparraldean, zer esanik ez Parisen. Bost urte zeramatzan Zaitegik Guatemalan goi mailako irakasle Euzko Gogoa proiektuari ekin zionean; poltsa isila hazi xamarra zuen orduan, irakaskuntzak emaniko mozkinak eta, Orixeri eskuartean zerabilen egitekoen berri eman zionean. Bizibidea emango zion, idaztea truke, eta baietz Orixek, lagunduko ziola. Horrenbestez hasiko ziren lanean.

Erbesteak, azkenik, zentsura frankistaren —eta autozentsura garratzago baten— atzapar latzetatik urrun lan egiteko aukera eman zion Zaitegiri inolaz ere. Arazo handiak izan zituen Euzko Gogoa aldizkariak banatzeko orduan, poliziaren eskuetan gelditu ziren sail asko, eta ez zen erraza Hego Euskal Herriko idazleak eta idazleen lanak koordinatzea. Nolanahi ere, aldiro esan beharrekoak esanda ere, Euzko Gogoa-k ez zien inoiz zuzenean aurre egin agintari frankistei, bai ordea, euskararen etsaiei —ez ote dira berberak, argudiatuko dit hainbatek—, eta horien artean leku berezia eduki zuen, Euzko Gogoa-ren hamar urteetan, Elizaren hierarkiak. Ohar txiki bezain garrantzitsu bat egin beharra daukat. Salaketa horiengatik guztiengatik ere, beste inor baino bortizkiago zurratu zituen Euzko Gogoak etxekoak —erbesteko buruzagi abertzaleak, euskararen geroaz ustez arduraturik zeuden pertsona eta erakunde batzuk, Euskaltzaindia bereziki, eta, oro har, euskaldun guztiak— beste «kanpoko» horiek guztiak baino. Euskaraz mintzatu, bizi eta aurrera joko zuen herria hartu baitzuen gogoan hasiera-hasieratik Euzko Gogoa-k. (…)”.

Erbestea eta Euskal Herria, sorterria eta deserria, aldean eroan ditugu euskaldunok:

GAZTE-GAZTETATIKAN

Gazte-gaztetatikan herritik kanpora,

estranjeri aldean pasa det denbora.

Herrialde guztietan toki onak badira,

baina bihotzak dio: zoaz Euskal Herrira!

Agur ene bihotzeko amatxo maitea.

Laster etorriko naiz, kontsola zaitea.

Jaungoikoak nahi badu ni urez joatea,

ama, zertarako da negar egitea?

Lur maitea uztea da negargarria,

hemen gelditzen dira ama ta herria.

Urez noa ikustera, bai, mundu berria;

oraintxe bai naizela errukigarria.

* ‘Agur Euskal Herriari Gazte-gaztetatikan, Gontzal Mendibilen ahotsean.

Jose Maria Iparragirre-k XIX. mendean sortutakoek gaur egunera arte iraun dute, kantari baten baino gehiagoren ahotsean, hala nola Antton Valverde-renean, Oskorri-koenetan edota Gontzal Mendibil-enean, besteak beste. Pedro Mari Otaño-ren bertso idatziek ere ibilbide luzea izan dute gure imaginarioan, erbestea, gertakari historiko iraunkorra izan baita gurean. Artze anaiek, berbarako, diska osatu zuten haren idatziek sorrarazitakoekin, tartean, Iparragirrerenek legez, sorterritik horren urrun lekoratzeak xangrindutakoak:

AMERIKAKO PANPETAN

(Pedro Mari Otaño, 1900)

Euskal Herriko lur maite hartan jaio nintzan baserrian,

itzal haundiko intxaur arbol bat dago gure atarian;

haren ondotik irtenda noiznahi maldako gaztainadian

edo sagarrik onenak jaten luberriko sagastian,

arbol tartean bizitu nintzan gazte denbora guztian.

Denak utzita etorri nintzan, lur hau ikusi nahi nuan:

haritz tantaiak, pago lerdenak, nola ez izan goguan!

Orain artzantzan Ameriketan arrantxo baten onduan,

eguna pasa larrean eta jiratzen naizen orduan,

nere begiak gozatzen dira aldameneko ombuan.

Hainbesteraino tristetutzen naiz eremu zabal hoietan,

arbolak, mendi eta errekak falta diran zelaietan,

non etorrita eseritzean ombutzar honen zainetan

edo igota hosto tartean bere adar bikainetan,

ene, amatxo!, nik nola esan zenbat gozatutzen detan!

Txabol ondoko ombu laztana, maitatzen zaitut gogotik,

eta bihotza erdibitzen zait joatean zure ondotik

nere burura ekartzen dezun oroimen gozoagatik.

Zure itxura ikusi nahi det, ez dizut eskatzen frutik,

ni hemen bizi naizen artean, arren, egon zaite zutik!

Nere lagunik maitatuena, ombu laztana, zu zera,

hargatik nator zure kolkora ni malkoak isurtzera,

iduriturik naramazula atariko intxaurpera…

Beti izango zaitut gogoan, bainan joan nahi det ostera

euskal lurreko arbolpe hartan nere hezurrak uztera.

otano

Euzko Gogoa-n lanean aritu zen Orixe-k ere, zuhaitzak izan zituen sentimenduak azaleratzeko pizgarri. Pagoaren eta amatearen alderaketaren bitartez adierazi zuen sorlekutik urrun egoteak ez ziola aurreikusten zitzaion minik eragiten.

AMATE BATEN ITZALEAN

Gogoan daukat aur nintzaneko

Musulungo pagopea,

izerditurik arrixku baitzan

itzal artan esertzea;

baiña sargori zegoneako

goxoa bai oatzea!

Goxoagorik arki dut emen

Amateren gerizpea.

Euli urdin bat erdian egan

dabil, ala geldi dago?

Zeru garbian Kondor bat ixil

egalontzitik gorago.

Emengo bero zakarrenetan

aroaz azturik nago;

atsegin honek sarrerazten nau

nere baitan barrenago.

Ez dut entzuten txio-txiorik,

aizerik, erle soiñurik;

bidez nekatu gabe bainago,

ezta nere pilpirarik.

Zer entzuten dut adi nagola?

Nere arnasa bakarrik.

Inon bai al da pake artzeko

bakarrago dan gelarik?

Bil-bil egin naiz neronengan

auspean sua bezala,

pizturik nagon, itzali naizan,

neronek ez dakidala.

Ortik aurrera au dakit soillik:

griña batek naramala…

Pago arena baiño obe zait

amate onen itzala!

Idazle eta musikarien artean sortutako kantetan, bakan batzuek kantatu diote deserriari saminez baino onarpenez. Are gutxiagok ironiaz. Real Politik diskan entzun genezakeen Charles Uhalde dugu horietarik bat:

EISENHOWER ETA NI

Eizenhower eta ni, zer gizon paria!
primetan baginuke guk lehen saria
Ameriketan dute hau denen buria
ni ere ez nornahi, gauza ageria:
podore guti bainan badut omoria.

Bertsuz emanen ditut zer harat-hunatak
ditugunak beraz nik eta Presidentak:
denen gobernatzeko biziki akortak,
harek manatzen ditu Washington-New Yorkak,
eta nik Nevadako mendi ‘ta errekak.

Jeneral Eisenhower gizon famatia
izarrez estalia du bere kepia.
Izarren usaia dut nik ere hartia
gaua frangoz, nun ez den ilargi betia
begi bat zabalik dut aski lo e’itia.

Erresuma handi hau xuxen moldatzeko
harek behar buru bat eta nik bi zango
otoan dabil hura, ni arri-mandoko
moda xahar hau ez dut beti segituko
modernizatuko naiz haren adineko.

Zer familia duen ez dakot galdegin
ez gira interesatzen suiet horiekin.
Alabatxo bat balu apepres ner’ adin
pena litake hura uztia mutxurdin
enetzat andrexka bat egin liro berdin.

Politikari buruz ez dut azkar bixta
denen konprenitzea enetzat anitx da
iduri du naizela erdi komunixta:
aitzinerat ukana, on bada, profita.
Eizenhower berdin da, etzaitela trixta.

Hau aberats bizi da mutilen artean
eta ni bertzen mutil ahal den moldean.
Zer ontasunak ditugun guk iguzkipean!
Nik ez badut gehiago gaineko aldean
Jauna urrikal zaizkit eternitatean.

Laster hiltzen bazauku gure Presidenta
jendek nindezakete ordaintzat presenta.
Nola dutan kargua ja aski baitzauta
Frantziarat ihes jinen ez nezaten hauta
izen faltsu batekin deus ez dadin gerta.

Nahaskeria frango dabila mundiak
armaden gerizarat guziak bildiak.
Guk baditugu tropak, zer tropa haundiak!
Presidentak soldadoz eta nik ardiak!
Trankil egiten du lo hemengo jendiak.

Hor ditugu zaintzale armada osoak
menean dituztenak leihor-itsasoak
menean bai mendiak en’ ardi multxoak
zer lanjerrak dituzten hek ere gaixoak!
Bakarrak jaten daizkit gauaz jaun otsoak.

Sekretu bat enekin ez delakotz dudan
atomik entseguak baitugu Nevadan
Rusia eta Xina badira ‘re kaldan
pinterdia edaten jin laizke segidan
heien osagarrira dugun beraz edan.

Eizenhowerek beti bakea gogoan
bainan zaintzen aski lan du orainokoan.
Hortako ezarria da bere gradoan
denen erresponsable gerla has ondoan
trankilago bizi naiz ni neure xokoan.

Hartze du errespetu eta ohoria
denetaz maitarazten du bere buria
baina maiteago nik halere neuria
zeren hau galtzen badut segur naiz jarria
harek ez deraitala emanen beria.

* ‘Eisenhower eta ni’, Joseba Tapiak mmusikatua eta kantatua.

Etxetik urrun egonik gailendu dakigukeen aldarte negartiari aurre egiteko deia luzatu zigun Itxaro Borda-k, baita Hertzainak-en rock doinuekaz lortu ere:

itxaro borda (zerrenda)

Itxaro Bordak idatzi zuen Hertzainak taldeak famatu egindako ‘Bi minutuero’ kantuaren letra.

BI MINUTUERO

Quai de la Gare geltokiaren
gainetik iragaiten diren altzeiru
bortitzak
ortzaiz mugatutzat jo ditzazkezunean.
bihotza tinkatzen zaizu
hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen
hasten baldin ba zara
bi minutuero
herrimina.

Karrika zurpail desolatuetan haizea altxatzen
abenidetako hosto gabeko arboien puntak makur
eraziz, txori traketsen gisara udaberri hilean
molekuletan ilargiraino airatzeko gogoa hazten
hasten baldin bazara
bi minutuero
herrimina.

Larru lehortua euriak umilki bustitzen dizunean
zauri zabalaren ziztak piskat jabalduz, etxera eta
lagunei telefonatuko duzula
bietan zin dagizunean gero beldurrak
kurutzefikaturik kabinan ikaratzen
hasten baldin bazara
bi minutuero
herrimina.

Izaizko lau taulen artean betiko etzana pausatzen
imaginatzen zarenean, gutizia oro jaten dizun
xangre malizurra zeluletan barna
hedatzen balitzaizuke behintzat zoriontsu izango
zinatekela asmatzen
hasten baldin bazara
bi minutuero
herrimina.

* Hertzainak ‘Bi minutuero’ zuzenean eskaintzen.

Gertakari historiko iraunkorra da deserriarena, gertakari historiko iraunkor mingarria, gerkatari historiko iraunkor mingarri konpondugabea:

GEOGRAFIA

(Joseba Sarrionandia)

Batzuk sorlekutik urrun
hiltzen dira derrigor;
hilkutxa batzuk sehaskatik
urrun dira ehortziko.

Ni ez naiz Igorretan hilko,
hareatzan eroriko naiz
gerrako geziak lez.
Selban hobiratuko naute,
lehengusu eta lagunen
gutunez estalirik.

Haizeak gure errautsak
eramango ditu,
beste hizkuntzaz mintzo diren
ezpainetaraino.

Gure aitaren etxeak
zutik iraunen du
gu gabe.

* Joseba Sarrionandiak idatzitako ‘Geografia’, Eñaut Elorrietak kantatua.

 

ETIKETAK:Gotzon BarandiaranHertzainakIparragirreItxaro Borda