2022.02.10
Odolaren Mintzoa laukoteak Hauskor lan berria plazaratu du gaur. Usurbilgo (Gipuzkoa) taldearen hirugarren diskoa da, eta hauskortasunaren ideia kontzeptualaren inguruan osatu du. Musikalki, metal zein rock erritmoetatik abiatuta pop doinuetan lurreratzen dira Garate estudioan grabaturiko zortzi abesti hauek.
Orain arte egindakoarekin hautsi baino, egin dutenaren gainean ausartzeko jauzia egin du taldeak, diskoaren promozio orriak dioenez. Taldearen erritmo eta lelo zuzenak herentzian, berritasun musikal eta estetiko nabarmen bat proposatzen digute, haren arabera. “Lan honen eraikuntza prozesuan gure barne pitzaduretan, arrakaletan igerian ibili gara. Eta hona hemen emaitza, gure barneko zein kanpoko munduko zaurgarritasunez abesten duen kanta bilduma. Hauskorrak garela onartzea ez delako ahultasunaren adierazle, bidean zutik mantentzen garen seinale baizik”, azaldu du taldeak.
2008. urtean sortu zenetik Luken Arkarazo (gitarra eta ahotsa), Joanes Txueka (baxua), Beñat Txueka (gitarra) eta Jokin Irastortzak (bateria) osatu dute Odolaren Mintzoa. Hauskor diskoaren grabazioan berriz, zenbait kolaboratzaile izan dituzte: Ixak Arruti (gitarra; Mendeku Itxua, Izeberg, Neona, La Regadera), Serge (ahotsa) eta Kaki Arkarazo (diskoa grabatzeaz gain, gitarra jo du “Azkenak” abestian).
Hauskor zuzenean aurkezteko lehen emanaldia otsailaren 19an eskainiko du Odolaren Mintzoak Usurbilgo Aginaga auzoko Eliza Zaharrean.