Musika

badok

2016.01.20

badok

Hiru Izaki Garden berri

Ez da ohikoa, disko bat argitaratu eta berau aurkezteko kontzertu gutxi batzuk eman ostean talde erdia baino gehiago eraberritu behar izatea. Baina hori gertatu zaio Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko buruari. Aurri gara lan goraipatua grabatu zuten bost musikarietatik hiru aldatu behar izan ditu taldeari eutsi ahal izateko. Logistika arazoek eragin dute aldaketa, aipatu hiru taldekideak —Eneko Leza (baxua), Eneko Zabalza (gitarra) eta Arkaitz Ezkai (bateria)— Iruñean bizi baitira —Leza eta Zabalza Virenque taldeko kideak dira— eta taldeko beste bi musikariak, Libe Garcia de Cortazar eta Basaguren bera, Gasteizen. Ondorioz, taldea Gasteizen finkatzea eta hiriko musikariekin osatzea erabaki du Basagurenek. Urtarrilaren 9an eman zuen azken kontzertua Izaki Gardenak-en orain arteko formazioak.

Izaki Gardenak promo15w

‘Aurri gara’ diskoa grabatu zuten musikariak.

Izako Gardenak-eko hiru kide berriak honako hauek dira: Dani Arrizabalaga bateria jotzailea (Libe, Same Old, The Brontes…), Fede Egiluz baxu jotzailea (Same Old) eta Danilo Foronda gitarrista (Same Old, Ortophonk, The Allnighters…).

Formazio berria hasi da entseatzen eta martxoan eskainiko ditu lehen kontzertuak: 5ean Tolosako Bonberenean, 11n Gernikako Lekuek jaialdian eta 12an Ondarroako Beikozini aretoan.

ETIKETAK:Izaki GardenakJon BasagurenLibe