2022.11.24
Hertzainak taldeak hiru kontzertu emango ditu zaleei agur esateko, Azkena gure alde bira laburrean. Lehenbiziko biak Barakaldoko (Bizkaia) BECen izango dira, abenduaren 16an eta 17an. Azkenekoa, berriz, 2023ko urtarrilaren 6an egingo dute, Gasteizko Mendizabalan; karpa klimatizatu bat jarriko dute. Hiru emanaldiek ordutegi bera izango dute: 19:00etan irekiko dituzte ateak; 20:00etan, gonbidatuen kontzertuak izango dira; eta 22:00etan, Hertzainak-en emanaldia. Lehen kontzerturako sarrerak amaituak dira, baina abenduaren 17rako badaude oraindik. Urtarrilaren 6rako sarrerak azaroaren 30ean jarriko dituzte salgai, taldearen webgunean.
Gasteizko kontzertuan hainbat gonbidatu izango dira: Juantxo Arakama, Jon Basaguren (Izaki Gardenak, Pasadena), Dupla, Iñigo Etxezarreta (ETS), Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika, eta Mikel Urdangarin musikariek, eta Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre bertsolariek. «Bertan hasi zen dena, eta bertan bukatzea zor diogu», adierazi du taldeak.