Musika

Urko Ansa

2022.12.21

Urko Ansa

Hertzainak (Barakaldo, 2022.12.16)

Agurraren hazia landu

Hertzainak-en agurreko lehen atalean bizitakoaren ondoren, eta jaialdiaren beraren planteamenduak emandako formak lagunduta, baina batez ere Hertzainak-en partaideek transmititutako energiaren ondorioz, agur batena baino gehiago, euskal izatearen errepaso zabal bat eta laster eztanda egingo duen hazi berri baten landaketaren testigu izan ginela esango genuke. Euskal esentzia eta horrek eskatzen duen erresistentzia aktiboaren garrantzia eta beharra argi gelditu ziren jaialdi osoan. Ospakizuna ere izan zen, noski. Ezbairik gabe, taldekideek erakutsitako gogoa eta grina duela hiru urteko kontzertuen gainetik pasatu ziren.

Monika del Valle / Foku

Gari, Hertzainak-en kontzertuan. (Monika del Valle / Foku)

Jaialdiaren egiturak berak asko hunkitu gintuen: gonbidatu zerrenda polita, bertsolariak, trikitilariak… bestaldi aparta izan zen. Akreditazioarekin eduki genuen arazo baten ondorioz ia korrika sartu ginen kontzertura. Ordurako Xabi Aburruzaga bigarren kanta jotzen ari zen: “Mekoleta” sustraidun eta hunkigarria. Egia da oraindik jende gutxi ikus zitekeela pistan, eta are gutxiago harmailetan. “Maurizia” benetan bizigarria izan zen, eta, Xabi lehen aldiz ikusi genuenontzat, aurkezpen paregabea. Alboan, Mikel Markez zeukala iruditu zitzaigun, baina pantaila erraldoiek ez zuten ezertarako balio izan; akaso BBK eta Foru Aldundia sustatzeko bai, baina Hertzainak hasi zen arte ez zen oholtzan gertatu zenaren arrastorik ageri. Harmailetatik inurriak bezala ikusten genituen musikariak, beraz, ahal genuena egin genuen. Baina bai, Mikel Markez zeukan bere eskuinean Xabik. Bestea nor zen ideiarik ez daukagu.

Horrela izan zen jaialdiaren plana: artista gonbidatuek hiruna kantu eta tartekatuta bertsolarien saioak. Formatua erakargarria, dinamikoa eta artistikoki arrakastatsua izan zen. Lehen aipatu dugunagatik, bertsolariak nor ziren jakitea ia ezinezkoa suertatu zitzaigun, baina hauek dira gonbidatuta zeuden bostak: Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Ane Labaka eta Erika Lagoma. Bertsoen kalitateaz gain, giroak eta ospakizunak berak kutsatutako izpiritua gailendu zen lau bertso saioetan, errima dibertigarri eta informalek bertsolaritzaren parranda esentzia azpimarratu baitzuten, igandeko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin kontrastea eginez.

Zea Mayseko Aiora Renteria eta Piti Imazena magikoa izan zen: berriz ere urrunean bi figura ikusi genituen, baina kantatzen hasi eta berehala ohartu ginen nor zen. Aiorak egin zuena magia hutsa izan zen. Batetik, tamaina horretako eszenatokiek ez dute batere kokiltzen (ez bera ezta Piti ere), eta, bestetik, bere tinbrearen edertasun eta intentsitateak konkistatu gintuen. Berriz ere. “Kea”-ren bertsio barnerakoi eta biluziak ukitu gintuen, gero eta jende gehiago bertaratzen ari zen bitartean, eta “Kukutza III” eta “Negua joan da ta” zoragarrietan Aioraren intentsitatea gora eta gora joan zen, beste askotan egin ohi duen moduan. Hiru kantuko set gozagarria inondik ere, gehiagoren gogoz utzi gintuena.

Bertsolarien bigarren tandaren ondoren iritsi zen “Kantu bat gara” edo Jon Maiaren momentua. Berriz ere, eta errepikakorrak izan nahi ez dugun arren, ostiarik ere ez genuen ikusten. Argi zegoen bere eskuinean zegoen soinu jolea Gorka Hermosa zela, baina ezkerrekoa nor zen arrastorik ere ez genion hartu. Pello Ramirez? Baliteke. Jon hemen ikusteak zentzu guztia izateaz gain, ezin hobeto dagokion formatu handian egin zuen. Negu Gorriak-en “Lehenbiziko bala”-ren hitzak berak egin zituen 1991ko disko hartarako; oraingoan “Kantu bat gara”-ren formatuan egin zuen, beldurrezko pelikula baten soinu banda zirudien intentsitatearekin egin ere; atmosfera beldurgarri eta sutsu hark efektu erabatekoa sortu zuen. Gariren “Zaharra zara Bilbo”, hori ere Jonen hitzekin noski, sobera interesgarria suertatu zen, baina intentsitateaz hitz egin behar badugu “Kantu bat gara” bera izango litzateke agian adierazgarriena. Izatez errezital bat den arren, Jonek egiten duen moduak eta hitzek elementu aipagarrian bihurtzen dute. Matalaz, Laboa, Lertxundi, Xalbador, Lete, Itoiz, Errobi, Kortatu, Lekuona… Gure izatearen funtsa eta aldarrikapena, gaurkotasun ikuspegia inoiz galdu gabe. Akaso apur bat motzago izanez gero perfektua izango litzateke.

Bertsolari guztiek batera egin zuten hurrengo saioa, eta segidan Tapia eta Leturiaren txanda iritsi zen. “Erromerian” kantuarekin ikuslegoa altxatu zuten, ordura arteko lehergarritasunik handienarekin egin gainera. Gero, Flaco Jimenezen bertsio hura, “Maddalen”, eta, azkenik, oihu kolektibo bat ekarri zuen “Festarik festa” alaia eta totala. Egia da biak ala biak ahotsez nahiko justu aritu zirela, baina irradiatzen duten karismak edozein emanaldi atera dezake aurrera, eta hainbeste urte biak batera ikusi gabe egon ondoren izugarria izan zen guretzat. Tapiak Josu Zabalarentzako hitz batzuk ere izan zituen, eta bikoteak kritika gogorrak jaso zituenean haren aldeko iritziak asko lagundu ziela azpimarratu zuen.

Bertsolarien azken tandak (agian onena eta lehergarriena) ekarri zuen gaueko atsedenaldi bakarra, agian luzeegia ere egin zitzaiguna. Bozgorailuetatik Niko Etxarten “Gili Gilikatzen haüt”, “Tumatxa” eta “Euskadi jator goxo eta puta hontan”-en bi tanda entzun genituen. Gero, haria apur bat galdu genuen zeozer ahoratzeko asmotan (zortzi euro saltxitxa puta batek!). Azkenik, ordu laurdeneko atzerapenarekin taularatu ziren gaueko heroiak: 2019an baino askoz ere oldarkorrago, seguruago eta indartsuago sumatu genuen 2022ko Hertzainak. “Rock & roll batzokian” kantuarekin hastea ere erabakigarria izan zen. Gainera, oholtzaren atzeko pantailetan ikus genitzakeen marrazki bizidunek sekulako dinamismoa eman zieten kantuei, nahiz eta batzuetan argiek pantaila ondo ikusten utzi ez ziguten.

Eszenarioaren alboetako pantaila erraldoiak funtzionatzen hasi ziren… azkenik! Ikusgarriak ziren agertokiaren muntaia, musikarien posizioak eta eztanda kolektiboa, oraindik guztiz lehertu gabe, egia da, baina berehala ikusi genuen Gariren amorrua. Amorru ezberdin bat, indar eta gogo intentsuago bat… Oso-oso itxura ona zuen kontzertuak. “Hau dena aldatu nahi nuke” eta “Amets prefabrikatuak” prestaketa moduko bat izan zirela esango genuke. Gero, “Oroimen txarrak”-ekin arriskatu zuten (azken kontzertuarekiko lehen berritasuna), baina gau honetan garaitzera zetozen, eta bazirudien dena ondo aterako zitzaiela. Miguel Moyanori gitarra soloa ezin hobeki geratu zitzaion eta kontzertuan izan zituen luzimendurako momentu txikiak abileziaz baliatu zituen.

“Ez dago ilusio faltsurik” izan zen seguru aski lehen eztanda, publikoaren lehen orroa jaso zuena. Zoritxarrez “Salda badago” diskotik beste bi bakarrik joko zituzten, baina ez gatoz hona kritika gehiegirik egitera, gaua borobila izan baitzen. Garik gitarra utzi eta bere buruan segurtasun handia erakutsi zuen “Egunetik egunera”, “Ispiluaren aurrean” eta “Eutsi gogor”-en, besteak beste. Tartean, “No Time for Love” lehergarria, non katarsi kolektiboa eta euskal presoen aldeko lehen oihuak eta sinboloak ikusi ahal izan genituen. “Ispiluaren aurrean” Xabier Zeberio eta soka sekzioak Olinporaino igo zuten. Benetan hunkigarria.

Monika del Valle / Foku

BEC, jendez gainezka, Hertzainak-en kontzertuan. (Monika del Valle / Foku)

Josu Zabala zuzendu zitzaigun kartzelan dauden 170 preso politikoak oroitarazteko. Ia 800 izatera iritsi ziren, eta “564” izan ziren 1989an. Kantu honekin sortu zen giroa imajina dezakezue: 16.000 pertsonek (tartean egon zitezkeen h-rik gabeko ertzainak kenduta) bat egin zuten katarsi eta aldarrikapen unibertsal honen pean. Aldarrikapena era dibertigarrian egitea ere garaitzea da, eta horretan “Hertzainak” kanta adierazgarria da. Txanpik berak bota zituen lehen bertsoak, eta txistulariak ere ezin falta ziren (Joseba Agirre markinarra hor zegoen, noski, bere garaian egon zen bezala). Kontzertua gora eta gora zihoan, noraino ez genekien, gainera; batez ere ez genituen espero azken fase luzean gertatuko ziren fenomeno txiki eta eztanda handiak.

Guztia era naturalean gertatu zen. Sinpleki esanda: Gari askatu egin zen. Askatu esatearekin hunkitu egin zela esan nahi dugu. Eta gero, giroak berak, publikoaren erantzunak eta momentuaren handitasunak eztanda egitera eraman zuten. Ez genuen horrela sekula ikusi; noski, Hertzainak bere garaian ikusi ez genituela ere egia da, baina hor zer edo zer gertatu zen. Gariren bultzadak kontzertu historiko bat emanaldi mitikoan bihurtu zuen. Gidoitik kanpo zeuden komunikazio motak plazaratu eta gitarrarik gabeko momentuak (gero eta gehiago) topera probestu zituen. Izugarria. “Larru beltzak” zoragarri entzun zen, koru emankor eta instrumentazio aberatsak bultzatuta, berriz ere Xabier Zeberio eta besteen sostengu magikoa ahaztu gabe.

“Sigarrillos amariyos” gaueko beste leherketa handi horietako bat izan zen, Miguel Moyanoren gitarrari sua zerion bitartean. Oier Aldekoaren baxua ez dugu aipatu, baina luzimendurako tarteak ere izan zituen. Batez ere, lau sokei ateratzen zien soinu lodi eta sarkorrak harritu gintuen. “Si vis pacem, Parabellum”-ekin aretoak su hartu zuen. Nola ez zuen egingo, bada, Txanpiren boterearekin eta Miguelen gitarra solo guztiz berriarekin? Amaiera zoragarria izan zuen, reggae pultsazioan bereziki sakondu baitzuten eta akaso apur bat luzatu ere. Musikalki artelan bat egin zuten, berez gaindiezina zirudien piezaren gainean.

2019ko kontzertuekiko aldaketa nagusiak horrela laburbilduko genituzke: bata, entseatzeko eta emanaldi osoa prestatzeko hartu duten denbora; bigarrena, Txanpiren presentzia atabaletan. Bera gabe Hertzainak-en kontzertu batek ezin gauzatuzkoa dirudi. Eta hala frogatu zuen emanaldi osoan. Bere tinbal kaskatekoek parerik ez dute indarra eta sormenari erreparatzen badiogu. Gainera, Hertzainak-en kantuen konplexutasunaren parte bat bere meritua dela argi dagoenez, bere presentzia, indarra eta karisma behar-beharrezkoak dira taldean. Horrek beste irakurketa batera garamatza: zer izango zen hura Kike egongo balitz? Ez dakigu zer dela eta ez duen azken agurrean parte hartu, baina berarekin muntaia guztia perfektua izango zenaren zalantzarik ez daukagu.

“Esaiok” izan zen Josu Zabalaren momentua. Kontzertu osoan bere lekuan egon zen, kontzentratuta eta hutsik egin gabe. Egia da bere soinua, sormena eta lidergoa ezinbestekoak izan direla gure talderik berezienetakoaren historian. Eta BECeko lehen gau honetan ere sustengu handia eman zion Gariri. Baina “Esaiok” izan zen bere momentua. Ikuslegoa zoratzen ari zen eta Josuk bere tinbre berezi eta nortasun karismatikoarekin emozioak pil-pilean jarri zituen. “Ta zer ez da berdin” kantuarekin sortu zen parranda imajina dezakezue: areto osoa saltoka, kantatzen… Gari gero eta ausartago, publikoa aztoratzen eta geldirik egon ezinik. Itzela.

Monika del Valle / Foku

Josu Zabala, Hertzainak-en kontzertuan. (Monika del Valle / Foku)

Ondo aukeratutako deskantsurako momentuak ziruditen bai “Zoratzen naizela” zein “Bi minutuero”-k, baina Gari azken horretan pletoriko, euforiko eta eroso nabaritu genuen berriz ere. Kontzertua amaitzeko aukeratu zutenari buruz, zer esan? Kantua gustatu ala ez, argi dago “Aitormena” klasikorik ezagunenetakoa dela eta ikuslegoaren erreakzioa kartsua izan zen. Josuk ere kantatu zuen eta publikoak aupada batean eraman zuen talde osoa. Pop formatuan egin bazuten ere, amaierako partean (duela hiru urteko emanaldian bezalatsu) bere garaian singlean atera zen rock bertsioa hobetsi zuten. Zer esanik ez amaiera horrek puntu asko eman zizkiola kantuari.

Erretiratu zirenean inork ez zuen alde egin nahi, eta bi aldiz atera behar izan zuten berriro. “Hil ezazu aita” izan zen gaueko bigarren sorpresa, edo azken kontzertuarekiko nobedadea, “Kalea hutsik” eta “Infernuko atean”-en kaltetan. Kantua bera zein animazioak borobil geratu zitzaizkien. Pizgarria izan zen benetan. Sasi rapa, maisulana, eta Elena Lepez de Agirre kritikariarentzat (Del txistu a la Telecaster liburuan dioenez) lehen euskal rapa. “Guantanamera” ekidin ezina zela suposatzen dugu, baina publikoa zein Gari hain ondo pasatzen ikusteak merezi izan zuen.

“Pakean utzi arte” lehergarriarekin erretiratu ziren, gero “Eh, txo!” mitikoarekin bueltatzeko (amaieran saxo jotzaileari “Tito Aldama!” esan zion txantxetan Garik), eta, azken agurrean, 2019an bezala “Arrautz bat pinu batean” ahaztezina; Gari inoiz baino parranderoago eta dibertigarriago aritu zen. Gehiagoren gogoz gelditu zen legazpiarra, hango 16.000 ikusleak bezala. Han bizitako guztiaren ondorioz, euskal izatearen iragana, oraina eta etorkizunaren ospakizuna eta erresistentzia oihua sentitu genituen jaialdian. Hori ikusi eta gero (nola ahaztu ikuslegoaren kantuak, “Zain dago ama, zain aita” eta beste asko) pena handia sentituko dugu datorren urtarrilaren 6an dena amaitzen denean. Merezi dute arrakasta, amestutako agurra baino askoz ere gehiago lortu baitute.

ETIKETAK:GariHertzainakJosu Zabala