2015.03.05
Xabier Letek 1971n idatzitako artikulu batek erantzun zien gure Belarribegietan artikulu sail honetako Zertarako abestu? izenburukoari. Oarso aldizkarian plazaratu zuen Letek Euskal kanta berriei begiratu bat goiburupean. Artikulu osotik honako pasartea galbahetu dugu, beste asko egin genitzakeen legez, Leteren orduko kode deontologikoaren argigarri:
“(…) Gauza baten aurka egonen naiz beti: kantari baten edo artista baten lana funtzionaltasunaren aldetik bakarrik estimatua izatearen aurka, alegia. Hau hobeki esplikatu nahi dut.
Kultura ez da «ente» bakarti edo abstrakto bat, noski. Kultura, jakituria denez gero, naturaleza eta gizonaren arteko erlazioen jakitea da; bai eta ere, gizonen eta giza-taldeen harreman eta erlazioen jakitea. Kultura bat, hau da, munduaren eta gertakuzinen ikuspen sakon eta osoena, egoera berezi baten kondizio eta influentzien erdian sortzen da. Horregatik, kultura eta kulturaren produktoak ez dira abstrazio total bat, referentzia partziala baizik. Baina referentzia horietan sakontzen joatea, referentzia horren argitasuna eta sakontasuna gero eta haundiagoak izan ditezen saiatzea beharrezkoa da. Hori dela eta, gelditasuna oso kaltegarria izan liteke. Kantari bat ezin liteke «honako egoera hontan» «halako pentsamolde edo postura» baten altaboz hutsa izan. Ez dakit kantaria herriaren serbitzurako izan behar dela esatea ondo dagoen ala ez; baina nola nahi ere, serbitzutasun hori ezin liteke hiru edo lau ideia edo iritziren, hiru edo lau gairen repetitze bezala ulertu.
Kantariak bere nortasunaren aberastea billatu behar du, eta, era berean, entzulearena ere bai. Errealitatearen eta sujetoaren artean sintesis bat gertatzen ez bada, eta sintesisa hori, ¡kus-molde edo sentimolde bezala gero eta sakonagoa, gero eta aberatsagoa ez bada, ez du merezi «askatasuna», «justizia» eta horrelako hitz hutsak esateko bakarrik ahoa irikitzerik. Askatasuna, justizia eta abar, mamiz eta signifikazioz bete behar dira; eta signifikazio horien monopolioa inork ez dauka.
Ez gintezke, beraz, funtzional hutsak izan, nahiz eta batzuek horrela uste. Batzueri entzunaz, badirudi kulturaren martxa guzia berek jotzen duten txilibituaren aginduetara jarri behar dela. Herriak «honela» edo «horrela» nahi omen duelako, noski. Bai; nola ez. Herriaren borondatea interpretatze hontan jende pizkor asko dabil inguru hauetan. Baina kantariak ere herri gera, Herria dira, bai eta ere, herritasun berarekin, euskaldun tontoena edo listoena. Baina biok ez dute arrazoi berdina.
Gaurtik begiratuta, zail da esaten euskaldun kantarien etorkizuna zer eta nolakoa izanen den. Etorkizuna, behar bada, illuna izango da. Hamaika nahasketa sortuko da alde guzietatik, eta nahasketa horien sareetan maiz eroriko gara. Zailtasun eta kontradizioak eguneroko ogia izanen dira. Gai honi buruz mila puntu ikuitu liteke eta hitz asko egin. Hala ere, oraingoz orain pikotara joan ez gaitezen bide bakarra geratzen zaigu: beti gu eta beti hemen, lanean ahalik eta jatorren jarraitu”.
1969an plazaratu zuen Xabier Letek bere lehen diskoa Herri Gogoa zigilua bidelagun. Lau kantako disko hartarako “Poeta hoiek” sortu zuen:
Gizona kartzelan sartu dute
Zer esan du?
Zer egin du?
Semeentzat ogia eskatu du.
Eta poeta, eta poeta
etxean gelditu da ateak itxita.
Gizona zigorrez jo dute.
Zer esan du?
Zer egin du?
Guztiontzat egia eskatu du.
Eta poeta, eta poeta
kalean gelditu da, begiak itxita.
Gizona kartzelan hantxen dago.
Zer esan zun?
Zer egin zun?
Justizia apur bat eskatu zun.
Eta poeta, eta poeta
isilik gelditu da beldurrak eraginda.
Ai, poeta!
Ai, poeta!
Gogorra izango da zuretzat
askatasun eguna!
Engaiamendua eskatzen zion Letek sortzaileari edo Benito Lertxundik intelektualei legez, herritarrengandik urrunegi aritzea baino ez zien leporatzen? Unean uneko gertaera latzei kantatzeko eskatzea ez ote da kantaria herriaren zerbitzura dagoela onartzea? Baina poetak librea izan behar badu, zergatik kantatuko die desjabetzeei, langabezia saririk jasotzen ez dutenei, migratzaile persekutatuei edo emakume erahilei? 1985ean , Herri Batasuna zenak, ekitaldi politikoak eta musika uztartu zituen Martxa eta Borroka kanpaina gauzatu zuen. Talde askok hartu zuten parte, erantzun itzela izan zuen, baina batzuek uko egin zioten alderdi politiko batekin horren nabarmen lerratzeari. Urteetako eztabaida izan da, entzulego oso zehatz eta zelanbait kautibo bati kantatu diotenen eta inorekin ezkondu ez direnen artekoa. Haserreak eragin ditu, ezinikusiak, bekaitza. Errazkeria leporatu diete batzuek besteei, entzuleak entzun gura duen hori kantatzea, erraz ulertzekoa, hunkitzekoa, borrokarako deia. Aspaldiko kontuak dira edo gaur egun ere antzeko usteak dituzte poeta eta musikariek? Alderdi politiko batekin argiro lerratuta egoteak erraztu egiten dio sortzaileari bere lanaren zabaltzea? Zein poeta dago egun herriaren esanetara?
Gabriel Arestik idatzi eta Rogelio Botanz kantari kanariarrak gitarraren ahaireetara ekarri zuen “Nire poesia”:
Nire poesia oso merkea da
herriaren ahotik
hartu nuen debalde,
eta debalde ematen diot
herriaren belarriari.
Nik ere badut nire egia
eta bankero jaunarenak
bezainbat edo baino gehiago
balio du.
Munduko gauza guztiak gastatzen dira:
gastatzen da osasuna, maitasuna, deseoa…
bizioa, gutizia, bizia, eta errazen gastatzen da
munduko gauzarik iraukorrena, gogorrena, dirua.
Inork badio: nire etxean eztago bakerik
bila beza bakea hauzoko etxean
edo munduko bazterrik azkenean
baina etxean bakea balu,
eztezala gerraik inun bila
bakea eta etxea galduko baitu
munduko bazterretan.
“Bigarren eskuko amets” kantatzen dute Berri Txarrak-ekoek 2014an Denbora da poligrafo bakarra aurkeztu zutenetik:
Antzeko gauzen atzetik denok gauean
sute historiko bat, larrialdi irteera
etxera eramango gaituen norbait
galdera askorik egin gabe ahal dela
hartzazu nire poesia
bigarren eskuko amets
aitortu: buruarekin txortan
zakilarekin pentsatzen
irudikatu duzula jendea
zure ezpainak irakurtzen nenbilen
hartzazu nire poesia
lerro okerretan nire gabeziak
bi mila izen eta zure begiak
ihintzaren ezizen
dena hormatzen
dena argitzen izotz beltz moduko batez
bakardadeari izkin egiten
non bizi garen ez baleki legez
hartzazu nire poesia
lerro okerretan nire gabeziak
bi mila izen ta zure begiak
bigarren eskuko amets
Urte berekoa da Petti abeslariaren Astirtitan bost kantako diskoa. Horien artean dago “Suerteren bluesa”. AEBetako kontalarien eran taxutu du Harkaitz Canok letra, egungo kantagintzaren alegia balitz, egungo kantarien baldintza kaxkarren deskripzio mingotsa, sakonean aitortza nabarmentzen bada ere. Zergatik izaten dute kantari batzuek erantzun ona eta beste batzuek ez? Zerk dakarkio kantariari onespena? Injustizia sozialei kantatzen dienak bikote harremanei kantatzen dienak baizen jarraitzaile gehiago izateko aukera handiagoa du? Alderdi politiko batekiko hurbiltasunak samurtu egiten du kantariaren bidea?
SUERTEREN BLUESA
Bada musikari bat
izena du Suerte,
bere izena sarri
entzungo zenuten
nola ezaguna zen
niretzat hainbeste
kontatuko dizuet
Suerteren albiste.
Emaztea korista
monja-koru baten
haurdun nork uzten zuen
zaila zen jakiten,
izpiritu santua
usoak laztantzen,
sei alaba txikitxo
sehaskak betetzen.
Tabernako zuloa
duenak hautatzen
oholtzaren gozoa
ez du ezagutzen,
kezko kezken artean
eztarri-urratzen,
bele batek kaiolan
adina gozatzen.
Hilkutxan joko luke…
baina ez gitarra…
Distira piztu zaio
eta irriparra,
kukurrukua ezpada
blues bat oso zaharra,
gaua askatu arte
ez moztu bizarra!
Musikari zintzoa,
gaiztoen maitale,
karta jokalaria,
horren da dotore,
larruaren eskeei
emanez amore
kultibatu zituen
bizpahiru lore.
Alkoholaren bermea
dauka txit ezagun,
gozatu zuen eta,
aitortu dezagun:
onak izan zituen
bizpahiru lagun;
arratoi eskekoak
ehun edo berrehun.
Nahiz hamaika kontzertu
kantatzera joan,
patrikan armiarmak
sakon eta loan:
txanpon gehiago ditu
sartutzen zuloan
toka-jokalariak
igelen ahoan!
Ordu txikietan da
nagusi ekaitza,
barruan nahiz kanpoan
eguraldi gaitza,
biri bi erantsita
lau ote emaitza?
Lau whisky balirake
“istripu” da hitza.
Pareko parabrisak
hipnotizatuta
autoa geratu zen
guztiz birrinduta,
eta bere hilotza
multiplikatuta:
mila tantek besotan
euriak hartuta.
Hementxe bukatzen da
Suerteren ospea
blues batekin nahi nuke
hura omentzea,
borondate horrekin
kantu hau jartzea:
Suerte ezagutzea
izan zen suertea.
Zoria ote da dena? Badirudi 70 eta 80ko hamarkadetan abangoardia zena egun anakronikoa dela, edo ez ote da poesiak zein musikak jendartea hunkiarazteko gaitasuna lortu dutela eta orain reality show eta oilo loken eztabaidek asetzen gaituztela intelektualki?
ABESTEKOAK
udazken hondarrean
nork abestuko du orbelaren birundaz
azala lehortu didan haizea
ari delarik lanean gizateria osoarentzat
nork abestu behar dio errepide erreari
bidean galdu ditugunei
libreagoa den espazio batetik…
garai bateko deiak jasotzen ditut
konformismoaren posta kodeaz
karta azalean
nork abestuko die gure mito erotikoei
deblauki hil ziren nire ikasleek
euren amildegitik
euren auto lehertutik
euren eskopetaren kanoitik
ibaiko euren osin izoztutik
euren zelula matxinatuetatik
egiten didate agur
deitorez natorkielako esku hutsik
nork abestu behar die ordu hilduratu nagiei
nork memoria suntsituari
nork akordu ezaren igali geza haiei
nork inoiz izan ez balitz
irristatu den maitasunari
nork historiako etxe hustuei
nork abandonuari
udazken hondarrean
nire eztarri galgarritik
ez dakidan mintzoan
neuk abestuko dut
mintzoa ez dakidan lagun-ustel limurtu
ez nagoen jende bati
ez naukan aldi honi
abestuko diot nik
(Jose Luis Otamendi, Kapital publikoa, Susa, 2014)