2016.02.04
Elaudi taldea zenetik etorriak, Mirentxu Agerre eta Pantxix eta Marie Bidart hirukoteak osatzen du Behi Bideko Andere Xuriak talde berria. Bere lehen diskoan, Gure etxen badira… izenekoan (ZTK Diskak), herri kantak ditu biltzen, baina bere moldera. Molde hori zein den idatziz zehazteko, agian Agerrek diskoa grabatzerakoan erdi irriz bota zuen honek pista bat eman dezake: «Modernoentzat, tradizionalegiak izanen gara, eta tradiziozalentzat, modernoegiak».
Gaur egun kantatzeko era «arrunt formateatua» dela deritzotela, nahi dute ikusi ea «pixka bat urrunago» joaten ahal diren, Marie Bidartek dioenez. Lehengo kantatzeko moldea nolabait berreskuratzen ahalegintzen da taldea: «Nola noten bihurguneak hartzen zituzten gainetik, azpitik, eskuinetik edo ezkerretik…», horri gero eta «grazia» gehiago aurkitzen dio Pantxix Bidartek. «Lehengo garaietatik gustukoa duguna atxiki dugu. Kantuarekin jostatzeko zuten manera hori. Askatasuna hartuz erritmoan, melodian», Marie Bidartek. Baina ahantzi gabe XXI. mendean direla bizi. Instrumentuak lagun dituzte, eta beren gaur egungo erreferentziekin ere jostatzen dira. Diskoari izena ematen dion “Gure etxen badira” kantua izan daiteke horren adibide. Herri kantari Deep Purple taldearen “Child In Time” kantuaren riff-a gehitzen diote, baita kantuko kopla oso bat ere. «Erritmika aldetik, lotura» segidan agertu zitzaion Pantxix Bidarti. Behin entseatu, funtzionatzen zuela ikusi, eta ideia atxiki dute.
Beste berezitasun bat baldin badu diskoak, grabatu kantuen iturrien aipamen zehatza izan daiteke. “Gure etxen badira” kantuarekin segituz, egileen berririk ez dutela abisatu badute, eta haiei kantua 1947ko Arnaud Laxague kantariaren grabaketaren bidez zaiela iritsi zehaztu dute. Grabaketaren zati bat ere eman dute kantu hasieran: «Normalean horren baliapena debekatua da, baina, artxiboen munduko korapiloei esker, libre den bertsioaren minutu eta erdi bat» aurkitu dute Genevako museo baten atarian.
«Kantu horiek ez dira bakarrik gustukoak ditugun aireak. Ez da melodia bat bakarrik. Guretzat, badute bospasei urteko istorio bat, eta kantuek berek badute 70 urteko istorio bat. Eta, oraino, ez dakigu nondik heldu diren gehienak. Gu hari bat bezala gara hor. Nik hori dut maite». Iturriekiko errespetu horrek baduke zer ikusirik taldeko Marie Bidartek egin tesiarekin. Euskal kantu zaharrez egin zuenak zenbat altxor dauden hor gaindi ohartzeko doia eman die. Sü Azian ere aritua da lanean, kantu artxiboak digitalizatzen. Grabaketak babestu eta, aldi berean, guztientzat ahal bezain eskuragarri egitea, hori garrantzitsua zaio hirukoteari. John eta Alan Lomax etnomusikologoen grabaketak Interneten baloratzeko manera dute eredu (www.culturalequity.org/lomaxgeo).
Hitzen aldetik ere, bilaketa lan bat ageri da diskoan diren kantuetan. Hautatu dituzten kantuek ematen dute nondik edan. Beti adibide berarekin jarraituz, “Gure etxen badira” kantuak familia drama bat kontatzen du, sexu engainatzeak oinarri. Batek: «gizatzar zunbaiteki pilaz gainkatürik» leporatzen diola besteari. Besteak: «Oilo bat jan duñala jaun errejentareki».
BBAXk, gainera, istorio kronika segitzeko parada ematen du, kantu bakoitz ezagutuak diren kopla guztiak baititu kantatzen. Baita hamahiru direlarik ere “Itsua eta sastrea” kantuan bezala. Desafioa gustukoa du taldeak. Ondoko proiektuetako bat, Piarres Topet Etxahunen “Ahaide delizius huntan” kantuaren 26 bertsoak kantatzea luke. «Berak egin du, eta, beraz, guk ere eginen dugu. Berarekiko desafio bat bezala», Pantxix Bidartek. Oroz gainetik, kantu joko eta desafio artean, plazera da nagusi hirukotearentzat: «Bada pentsatzen dena, jokoa, eta plazera, pentsatu gabekoa», laburbildu du Marie Bidartek.
(Berria egunkarian, 2016ko otsailaren 3an argitaratutako artikulua)
1 IRUZKIN