2018.01.15
Donostiako Aurrera tabernan zeuden bilduta Mikel Laboa, Marisol Bastida eta Joxan Artze. 60ko hamarkada zen. Mahai zapi batean poema bat idatzi zuen Artzek. «Hegoak ebaki banizkio/ neurea izango zen/ ez zuen alde egingo./ Baina horrela ez zen gehiago txoria izango/ eta nik/ txoria nuen maite». Laboak kantu bihurtu eta sortu zen ereserki bat. Ez ereserki izateko jaio zelako, ziur aski, baizik eta kantuak topatu zuelako biderik aske hegan egiteko, eta lau haizeetara barreiatzeko. Ez dira asko izango “Txoria txori”-k bezainbat bertsio dituzten euskal kantuak, hura adina kantatu direnak. Laboaren jatorrizkoaz gain, hor dira Joan Baezek, John Kelly & Maite Itoiz eta The Kelly Familyk, Ester Formosak, Angel Katarainek, Etsaiak taldeak, Kepa Junkerak (Pablo Milanesekin batera), Maialen Errotabehere, Mixu eta Xabaltxek, eta Anne Etxegoienek egindako moldaketak, besteak beste.
Baina “Txoria txori” baino gehiago da Artze. Haren poema eta hitz asko musikatu izan dituzte beste musikari batzuek. Mikel Laboak 1974ko Bat-Hiru diskoan bildu zuen “Txoria txori”. Disko horretakoak dira” Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak” (BAP!!-ek eta Zea Maysek bertsionatua gerora), “Ama hil zaigu” (M-ak, Le Mans, Bukaera), “Baztan” (Delirium Tremens), “Nere juaneteak”, “Geure bazterrak” (askok ondoren: Betagarri eta Lain, We Are Standard, Ruper Ordorika, Izaki Gardenak) eta “Zaude lasai” ere (M-ak-ek gero, eta Mursegok hurrena), eta “Gernika (Lekeitio 4)“, 1972an plazaratua aurrez) ere bai, denak Artzek idatziak. Laboaren Lau-Bost lanak ere (1984) Artzeren hiru kantu zekartzan: “Nahiz eta heriotza”, “Besterik ezagutu ez eta”, “Martxa baten lehen notak” (Iheskidek ere bai gero, eta Mikel Urdangarinek eta Oreka TX-ek).
Artzek berak behin baino gehiagotan azpimarratua zuen bere kantuak besteen ahotsean entzuteak sortzen zion sentipen gozoa: «Hunkitu egiten nau hainbeste jende desberdin ikusteak kantu horiek modu diferentean ematen».
Laboaz harago
Berezia izan zen Laboa eta Artzeren arteko harremana, eta islatzen zen sinergia hori bien arteko sorkuntzan, baina beste musikari garaikide askok ere baliatu zituzten Artzeren hitzak. Ez Dok Amairu kolektiboan kide izandako Benito Lertxundik “Zure askatasunagatik borrokatzen banaiz” eta “Txori ttikia” kantatu zituen Oro laño mee batek estalia diskoan (1974); Urkok “Usurbilgo Eliza” kantua sartu zuen Sakonki (Maite zaitut Euskal Herria) lanean (1976); “Gure uso xuria” Iokin eta Iosuk Nire herria bezala lanean (1977); “Amaren sabela”, “Apala haiz”, “Barka ama”, “Beste bat”, “K.K.ren edestia” eta “Itxuraldatze” kantuak ziren Jon Bergaretxeren izen bereko diskoan (1978); “Herriagatik” Oskarbiren Euskara eta txakolina-n (1979) eta “Mutiko atzeratua” Imanol eta Klabelin Komiken Jo ezanlanean (1980).
Antton Valverdek 1975ean jo zuen lehen aldikoz Artzerengana. “Pisako dorrea” kantua egin zuen poetaren hitzekin. «Oso idazle originala iruditzen zitzaidan, eta orain ere bai, poeta handi bat. Inoiz aurretik irakurri gabeko poesia iruditzen zitzaidan harena. Eta pertsona moduan ere apartekoa, pertsona ona eta berezia», adierazi zion atzo BERRIAri. Gerora beste kantu bat egin zuen Artzeren hitzekin, “Sir Charles”, 1997ko Larogeitamazazpi diskoan bildua: «Charles Darwinen omenezko kantua da; hura ere berezia. Saiatu izan naiz haren beste poema batzuk musikatzen, baina askotan zaila egin zait haren testuak kantu bihurtzea, formaz ere berezi baitziren».
Maddi Oihenartek 2000ko hamarkadan sartu baino pixka bat lehenago ezagutu zuen Artze. «Etorri zen Zuberoara, eta egun batzuk eman zituen gurekin. Mendira joan eta ibilaldiren bat egiten genuen. Gutxi hitz egiten genuen, eta, hala ere, oso gertuko sentitzen nuen. Musika ulertzeko ez ezik, bizitza ulertzeko zuen moduak batzen gintuen. Oso zen hurbileko gizona». Maddi Oihenarten Lürralde zilarra diskoan (1998) txalaparta jo zuen Artzek Jexux anaiarekin batera, eta 2002ko Arbaila-n “Sua eta ura” kantuaren hitza idatzi eta ahotsa ere sartu zuen. «Geroztik, Usurbilera behin baino gehiagotan joan naiz, eta egin ditugu emanaldiak bertan», oroitu du Oihenartek.
Gisa askotako musikariek jo zuten Artzeren kantu hitzetara. Berdin Gontzal Mendibilek (“Ez zara aske” kantua sartu zuen 1988ko Egunen batean diskoan), Txomin Artolak (“Iragana eta geroan” 1995eko Zurartean-en), Akauzaztek (“Antzina, basabereek” 1998ko Ur gardenak-en), Trepi eta Arawakek (“Galipotakumeak” 1999ko Sorterrira-n), eta Oskorrik (“Iturri zaharretik” 2000ko Ura-n) besteak beste.
Artzeren iloba da Haritz Harregi musikari eta soinu teknikaria. Hura aritu den hainbat taldek ere Artzeren hitzak erabili izan dituzte. Sen taldeak “Zer nahi eta hura eman”, “Erdibiderik ez”, “Ezertarako astirik gabe” eta “Begi bat” kantuak bildu zituzten 2000ko Sen diskoan. eMe proiektuko “Beleak elurretan” kantua (2017) izan da musikatu duten azkena. Hego askeak zituzten Artzeren kantuek.
(Berria egunkarian, 2018ko urtarrilaren 13an argitaratutako artikulua)