Musika

badok

2020.09.24

badok

Haxotz-ek ‘Lore hilak’ kaleratu du, bere lanik “ausartena”

Haxotz taldeak bere bosgarren diskoa kaleratuko du bihar, ostirala. Lore hilak du izenburu eta Bilboko boskotearen “lanik ausartena” da, taldekideen hitzetan. Hirugarren aldiz Urtzi Izak egin ditu ekoizle lanak eta aurreko lanekiko aldaketa bat egon da taldekideen artean, Unai Luzuriagak (Raust!) ordezkatu baitu taldearen jatorrizko bateria jolea, Unai Castañeda.

Haxotz 2020

Haxotz taldeak udan grabatu du ‘Lore hilak’ diskoa.

Aurreko astean “Higiduraren lehen legea” abestiaren bideoklipa zabaldu zuen taldeak, eta bigarren single gisa “Eguzkiloreak” aurreratu du. Abesti horretan Belako eta Lukiek taldeetako kide Josu Ximun Billelabeitiak kolaboratu du. Hemen entzun dezakezu orain eta bihartik aurrera disko osoa BADOK atarian.

Lore hilak-en berri emateko Haxotzek zabaldutako testuak dioenez, “senezko hardcore melodikotik hasita, stonerraren, bigarren olatuko emoaren edota Washingtongo post-hardcore eszenaren eraginak” aurkituko ditu entzuleak diskoko bederatzi abestietan. “Egurra eta popo estribiloak neurri berean”, azaldu du taldeak.

‘Lore hilak’ diskoaren azala, Iñaki del Olmok egina.

Diskoaren izenburuari dagokionez,  “lore hilen sorta baten forma hartzen du diskoak, abesti bakoitza zimeldu den ezeren ikur izanik: adiskidetasun ozpindu bat, kapitalaren indar korrosiboa, norbera berrasmatzeko promesen hutsalkeria ala maskulinitate toxikoa”. Ondorioz, “apokalipsiaren ertzean bizi garela dirudien garaian, egoera honi soinu banda” jarri dio Haxotzek. Kantuak koronabirusaren pandemiak ezarritako itxialdiaren aurreko hilabeteetan sortu zituen, baina udan grabatu ditu Urtzi Izaren estudioan.

ETIKETAK:BelakoHaxotzJosu Ximun BillelabeitiaLukiekRaust!Urtzi Iza