Musika

Haurtzaroko erroetarako bidaia

Amonari entzundako esaldi bat izan du abiapuntu Olaia Inziartek (Oronoz, Nafarroa, 1999) bere bakarkako lehenengo diskoa osatzeko: Lehengo lepotikan burua. «Erran nahi du pertsona bat ez dela aldatzen, edo lehengo martxa berean jarraitzen duela», azaldu du. Bere buruari egin nahi izan dio erreferentzia adiera horrekin: «Onerako zein txarrerako, uste dut zentzu askotan ez naizela horrenbeste aldatu Olaia txiki horrekin alderatuta». Sustraietara jo du, eta «bidaia emozional» horretan, txikitako bizipen ugarirekin egin du topo: «Barrenak askatzeko balio izan dit». Hamar kantuz eta estilo propioz osatutako lana kaleratu du, eta zuzenekoekin bete-betean sartuta dago orain: igandean Ondarroako (Bizkaia) Beikozinin izango da, Janus Lesterrekin batera.

Olaia Inziarte

Olaia Inziarte musikaria, Lehengo lepotikan burua diskoa iragartzeko argazki batean. (Olaia Inziarte)

Aspalditik izan du bakarka zerbait kaleratzeko gogoa Inziartek: «Kontzientzia nuenetik izan dut buruan bakarkako lan bat egitea, baina, orain arte, ez naiz inoiz ausartu edo, besterik gabe, ez da momentua izan». Terapiako gomendio gisa hasi zen kantuak sortzen, eta «bat-batean» suertatu zitzaion ametsa betetzeko aukera: «Neure burua ongi inguratuta ikusi nuen, eta, batez ere, prest». Joan den apirilean ekin zion lanari, eta abenduan aurkeztu zuen emaitza, Durangoko Azokan.

Prozesu osoan zehar «burbuila batean» egotearen sentsazioa izan duela kontatu du musikariak: «Arraroa izan da, benetan ari zen gertatzen aspalditik bueltak ematen ibili naizen hori, eta gai sentitu naiz kantuei zein forma eman nahi diedan irudikatzeko». Sormen prozesua «katarsi bat»balitz bezala oroitzen du: «Oso inspiratuta nengoen, ordu pila bat sartzen nuen estudioan eta asko gozatzen nuen, gogotsu nengoen». Hala ere, prozesua ez da beti erraza izan.

Mimoz landutako diskoa da, eta, horretarako, bidelagun izan ditu Josu Erbiti, Ander Unzaga, Eric Deza eta Joseba San Sebastian musikariak. «Oso besarkatua eta arras lagundua sentitu naiz, konfiantza handia eman didate», gaineratu du. Abesti guztiek izan dute bilakaera bat hasieratik amaierara. Jatorrian gitarra eta ahotsa soilik erabiltzen bazituen ere, pixkanaka joan da diskoa janzten. Eta horrexek eragin die, hain zuzen ere, buruhauste gehien: «Kostatu zaigu sonoritate konkretu batzuk bilatzea edo kanturen bati forma estruktural jakin batzuk ematea».

Bizipenen bilduma

Abesti bakoitzean istorio edo egoera bat kontatzen da, baina badago horiek guztiak lotzen dituen hari bat: «Bizitzak kutsatu gabeko Olaia txikian bilatu dut diskoa osatzeko inspirazioa eta indarra». Bidaia bat da diskoa, eta, ibilbide horretan, hainbat emozio islatu nahi izan ditu. Besteak beste, miresmena, kritika, haserrea edo mina. «Emozio guztiak onartu eta beraien baitan egotean dago gakoa», adierazi du.

Nagusiki, pop iluneko melodiek dute protagonismo handiena disko osoan, baina, errekurtso ugari ere nahastu ditu tartean: «Beldurra ematen dit nire estiloa deskribatzeak: ez dut nahi jendeak nitaz zerbait konkretua espero izatea, eta, aldi berean, ez dut nire burua mugatu nahi».

Bide horretan, hainbat musikarirekin kolaboratu du. Amona Maria Jesusi eskainitako M.J. abestian, kasurako, Joseba Tapia, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe aritu dira; Zerua gorriz kantuan Pettik parte hartu du, berarentzako «erreferente» bat izaki; Hoferekin ere aritu da Berak badaki abestian; Ion Celestinok jo du tronpeta Zure mina abestian; eta, azkenik, Olatz Salvadorrekin osatu du diskoko singlea: Behe klasekoa. «Egia esan, ez nuen espero kantu hori singlea izango zenik, eta ezustekoa hartu dut izan duen oihartzunarekin. Oso erraza izan da Olatzekin lan egitea, musikari gisa ez ezik, pertsona gisa ere arras berezia da», kontatu du. Diskoaren azala Garaxi Inziarte bere lehengusinak osatu du: «Tradizioa adierazten du».

Abestietako batzuk aspaldi idatzitakoak badira ere, beste batzuk denbora laburrean idatzi ditu. Bereziki, Zure mina grabatzeko nahia zuen diskoa kaleratu aurretik: «Galera handi eta zail bat lantzeko abesti sendagarria izan da. Egin beharra nuela sentitu nuen».

Halaber, Gereziak abestia ere bada berezia musikariarentzat. Txikitako bideo batetik abiatu zen kantua idazteko unean: «Buelta-bueltaka agertzen naiz bideoan, dantzan, eta bat-batean aitona entzuten da hau esanez: ‘Xoratuko zara, maitia’». Abestian zehar askotan errepikatzen den esaldia da hori, eta «nolabaiteko ohartarazpen bat» egin nahi izan du: «Guretzat xoratu hitzak zorabiatu esan nahi du; beste askorentzat, erotu. Maitasun kantu bat da, eta ohartarazpen moduko bat egiten da. Aldi berean, aitonari keinu bat egiteko ere baliatu nahi nuen aukera».

Txikitatik izan du musikarekin harremana Inziartek, eta orain arte ere hainbat musika taldetan aritu izan da. Pleura taldeko abeslaria izan da duela gutxira arte, eta, Joseba Tapiarekin, Chica Sobresaltorekin eta Iker Laurobarekin kolaboratu izan du, besteak beste. Datozen hilabeteetarako hainbat kontzertu ditu programatuta, baina, ahal duenero, kolaboratzen jarraitzeko asmoa du: «Libre baldin banago, joango naiz».

Oraingoz, baina, buru-belarri ari da bere diskoa jendaurrean aurkezten. «Espero nuen baino askoz harrera hobea izan du diskoak; oso pozik nago, baina, aldi berean, autoexijentzia puntu bat ere badut», aitortu du. Igandean Ondarroako Beikozinin izango da, eta, haren ondotik, hainbat kontzertu iragarri ditu: Gasteizko Jimmy Jazzen, otsailaren 9an; eta Elizondon (Nafarroa), otsailaren 12an, besteak beste.

ETIKETAK:Olaia Inziarte