Musika

Mikel Lizarralde

2019.10.03

Mikel Lizarralde

Hatortxu Rock, maitasun aldarria

Atarrabiak (Nafarroa) hartuko du, aurten ere, Hatortxu Rock jaialdia, euskal preso eta errepresaliatuen eskubideen alde eta haien senideei babesa eta laguntza emateko antolatzen den festibala. Maitasunaren apologia izango du aurtengo leloa jaialdiak, eta antolatzaileek dagoeneko aurreratu dute bertan parte hartuko duten talde eta bakarlarien zerrenda: Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauría, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound, Onki Xin, Koban, Nøgen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy. «Egoerak bultzatuta, eta elkartasuna eta maitasuna inoiz baino beharrezkoagoak direla sinetsita, ahaleginean aurrerapauso bat ematea erabaki du Hatortxu Rockek. Aurreko urteetan, 11 edo hamabi talde igotzen ziren oholtza gainera, baina, aurten, hemezortzi izango dira Hatortxuren mezuarekin bat eginez elkartasun gaua gidatuko dutenak», adierazi dute.

Hatortxu Rock 2019

Hatortxu Rock jaialdiaren 23. ekitaldiko afixa.

Parte hartuko duten artista guztien artean, beren berezitasunengatik, batzuen parte hartzea nabarmendu nahi izan dute Hatortxu Rocken antolatzaileek. Hain zuzen ere, Oi! The Arrase Mallorcako taldea (Herrialde Katalanak) Hatortxu Rocken izango da hogei urte agertokietatik kanpo egon ostean. Iheskide taldeak ere, hainbat urteren ostean, jaialdian itzultzea erabaki du. Era berean, antolatzaileek Rotten XIII taldeari ere eskerrak eman nahi izan dizkiote. «Urtarrilean zendu zen Javi Fernandez baxu jolea, lan istripu batean, eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak husteko asmoz, Atarrabian izanen dira».

Azpiegitura aldetik ere, apustua egingo du aurten Hatortxu Rockek. Aurreko urteetan bi oholtzatan banatzen ziren kontzertuak, eta aurten gune berri bat eta hirugarren oholtza izango dira.

Hogei urte igaro dira Hatortxu Rock sortu zenetik. «Hamar urte lehenago espainiar eta frantziar estatuek martxan jarri zuten urruntze eta sakabanaketa politikari aurre egin behar dioten euskal preso politikoen senideei babesa erakutsi, lagundu eta gatibu daudenen eskubideak aldarrikatu». Hori izan du asmo nagusia jaialdiak hasiera-hasieratik. «2019 honetan, Euskal Herriak gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman beharko lituzkeen honetan, ordea, egoera herri honek behar duenetik urrun dago oraindik».

Horri lotuta, presoenganako maitasun keinuak kriminalizatzeko egiten diren saioak salatu nahi dituzte aurten, eta «maitasunaren apologia» egin. «Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute. Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek. Senideei maitasuna adierazteko eskubidea, lagunari maitasuna adierazteko eskubidea, espetxean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea, etxera bidean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea edo deserrian dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea».

Sarrerak, salgai
Gaur bertan jarriko dira jaialdirako sarrerak salgai. Oraingoz, Hatortxu Rocken webgunean eros daitezke. Eta, laster, ohiko lekuetan ere izango dira eskuragarri. Aurretiko salmentan prezioa 20 euro izango da, eta, egunean bertan, oraindik ere sarrerarik izanez gero, 25 eurokoa izango da salneurria.

www.hatortxurock. eus

ETIKETAK:Bad SoundElkartasunaEn Tol SarmientoGatibuHatortxu RockHuntzaIheskideJaialdiakKobanNerabeNogenOnki XinPresoakRotten XIIISkabideanSu Ta GarSuaia eta Ama RebelXabi Bandini