Musika

badok

2022.03.04

badok

Haritz Harregi da Delirium Tremenseko kide berria

Delirium Tremens hirukoteak kide berri bat du: Haritz Harregi gitarrista eta soinu teknikaria izango da laugarren partaidea Mutrikuko (Gipuzkoa) taldearen bigarren aroan. “Hola tio” abestiaren bideoklipa aurkeztearekin batera eman du albistea sare sozialetan.

Delirium Tremens 2022 koloretan

Juan Jose Iurrita + Andoni Basterretxea + Patxi Irisarri + Haritz Harregi = Delirium Tremens 2022.

Hortaz, hirukote gisa jaio bazen ere, taldea 1991. urtean desegin zenean zuen laukote formatura itzuli da Delirium Tremens. Orduan Iñigo Muguruza zen taldearen gitarrista. Muguruza 2019an zendu zen eta Harregik beteko du haren hutsunea Delirium Tremensen itzuleran.

30 urteko etenaldiaren ondoren, disko berria kaleratu eta zuzenekoetara itzuliko zela iragarri zuen taldeak iaz. “Ordago”  abestia izan zen lan berriaren lehen aurrerapena eta orain “Hola tio” bigarren singlea plazaratu dute. Disko osoaren kaleratze datarik ez dute iragarri oraingoz. Haritz Harregik berak grabatu du diskoa, Usurbilgo (Gipuzkoa) bere estudioan. Aurretik zenbait taldetan izan da Harregi, Larrua Truk, Sen eta eMe, kasu. Horrez gain, hainbat disko grabatu ditu soinu teknikari gisa Euskal Herriko zein kanpoko taldeentzat.

Delirium Tremensek maiatzaren 28an eskainiko du lehen kontzertua, Barakaldoko Bizkaia Arenan, Des-kontrol eta McOnak taldeekin batera.

ETIKETAK:Delirium TremenseMeHaritz HarregiLarrua TrukSen