2019.06.14
Eñaut Elorrietak ekainaren 20an emango dio amaiera azken hilabeteetan Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin egin duen birari. Donibane Lohitzuneko Jai Alain eskainiko dituzte azken aldiz Harian proiektuko abestiak. Eta horrekin batera, egun berean, bira horretako zuzeneko grabazio bat argitaratuko du Elorrietak formatu digitalean soilik. Bilbo, Donostia, Iruñea, Burlata, Azpeitia, Amurrio, Beasain eta Santurtziko emanaldietan grabaturiko zortzi abesti plazaratuko dituzte, eta horrekin esango diote agur proiektuari.
Jarraian, bigarren diskoaren argitalpena prestatzeari ekingo dio Elorrietak. Udazkenean argitaratuko du Elkar diskoetxeak Irteera argiak, Gernikako musikariaren lan berria. Deserriko kantak kaleratu zuenetik sei urtera dator Elorrietaren bigarren diskoa, eta bertan, Jose Luis Otamendi, Uxue Alberdi eta Joseba Sarrionandiaren hitzak musikatu ditu Ken Zazpi taldeko abeslariak. “Disko distiratsua eta sosegatua da aldi berean, kantua da egilearen oinarria eta obsesioa”, azaldu du Elkarrek. Abenduaren 1ean Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko du Elorrietak Irteera argiak.