2024.09.26
Sinopsia:
MICE (Miren Narbaiza) musikariaren inguruan eraikitako dokumental labur honek sormenaren prozesua aztertzen du, zuzeneko grabazioak, entseguak eta hausnarketa pertsonalak uztartuz. Filmak musika eta zinemaren arteko elkarrizketa bat sortzen du, non egilearen begirada pertsonalak introspekzioa eta sormen prozesuaren kontraesanak azaleratzen dituen. MICEren unibertso musikalaren barnean murgilduz, dokumentalak artista baten izaeraren eta desioaren konplexutasunak islatzen ditu.
Bi musikari, bi adiskide; baina baita dokumentalista bat eta sortzaile bat aurrez aurre. Hannot Mintegia da Lautada izan zen dokumentalaren egilea, eta MICE (Miren Narbaiza) da, haren musika eta sortze prozesua zehazki, lanaren inspirazio iturria. “2023 eta 2024 urteetan zehar, MICE (Miren Narbaiza + taldea) zuzeneko saio batzuetan filmatu nuen, Lautada diskoaren (2022) aurkezpen bira luzean zehar. Grabatu behar zenaz gain, beste une batzuk ere jaso nituen; beste mota bateko egoerak eta gertaerak: elkarrizketak, hausnarketak, entseguak eta hutsune momentuak. Hasieran intuizioz abiatu nintzen, hurbiltasunagatik, dibertsioagatik, inspirazio edo asperduragatik; zer egin nahi nuen ez nekielako. Hemen hasi zen ikerketa txiki eta berezia, orain dokumental labur gisa aurkezten dudana”, azaldu du Mintegiak. Aurrez eginak eta zuzenduak ditu hainbat dokumental Mintegiak: zuzendari laguntzaile aritu zen Jai Alai Blues-en (2015) eta Markak (2016) zuzendu zuen.
Norbait sortzaile baten figurara hurbiltzen denean, “lehenik eta behin lilura sentitzen du”, Mintegiaren hitzetan. “Estetika hain zaindu horrek, hain garbi den sentsibilitate horrek eta introspekzio hain atseginak engantxatzen du. Baina norberak haren musika entzutean sentitzen edo irudikatzen duena ez da irudi bat ez beste ezer, mamu bat. Erretratoa benetan interesgarria bihurtzen da -eta indar guztia hartzen du- irudi hori apurtzen denean eta haren zauriak agertzen direnean, zerez egina dagoen ikusten dugunean. Hau izan da nire bidaia pertsonal txikia, MICErekin batera eginiko bide bat, eta film honetan gauzatu dena”.
MICErekin batera egin du, ez alferrik bien arteko harreman artistikoak zutarri sendoak ditu duela hainbat urtetatik, Hannot Mintegiak ere musika ibilbide luzea baitu Audience taldearekin aurrena, eta Moxal bezala azken bospasei urtean. Honela oroitzen du Miren Narbaizak bien arteko lehen enkontru musikala: “Esango nuke Aitor Etxeberria-ren bandakide izan ginenean kointziditu genuela lehengoz musika elkarrekin jotzen. Gero, Forbidden Coloursek [diskoetxea] elkartu gintuen. MICEren diskoaren bideoak egiteko ideia sortu zenean zuzenean jotzea erabaki genuen, zuzeneko soinuarekin eta zuzeneko irudiekin. Erkarlana urte batzuetan luzatu da eta horrek eman digu aukera diskoak izan duen ibilbidea jasotzeko, grabaziotik eta zuzenekoetara arte”.
Bi artisten arteko gertutasunaren lorratza agerikoa da, Mintegiak dioenez: “Sumatzen da gertutasuna eta adiskidetasuna, eta gertutik egindako dokumentala dela. Entzuten dira nire esanak, baita Mirenenak ere. Prestatutako gidoi batetik haragoko zerbait da, ikusten bainuen saio horien grabazioetan bazegoela zerbait bereziagoa”.
“Pelikula honek artista batek bere burua nola baloratzen duen, birbaloratzen edo gutxiesten duen adierazten du; bere izatearen desira zer elementuk bultzatzen duten. Horretaz hitz egiten du”
Hannot Mintegia / Zuzendaria
Izan ere, sorkuntzaren ekintzari buruzko (ia) pelikula guztietan bezala, “pelikula honek artista batek bere burua nola baloratzen duen, birbaloratzen edo gutxiesten duen adierazten du; bere izatearen desira zer elementuk bultzatzen duten. Horretaz hitz egiten du”, dio egileak.
Miren Narbaiza gustura da lanarekin eta prozesuarekin: “Hannotek, grabatzen ari denean, dagoeneko bere buruan ikusten du emaitza, hain da efizientea. Badaki materiala elkartu, txukundu eta dena harmonian jartzen, erritmo perfektua ematen, argazkiaren zein soinuaren tratamendua zaintzen du. Bere lengoaia propioa du eta guretzat altxor handi bat izan da, taldekide bat gehiago.
Lanak 12 minutu pasatxo irauten du, eta “dokumentalaren denborak etengabe erronka egiten dio denbora eta orden kronologikoari”. Begirada pertsonal bat gailentzen da, bai edukian eta baita formetan ere. “Egile-begirada ideia hori filmean erabilitako enkoadraketa eta formatu aniztasunean ere islatzen da. Ia beti pertsonaiak enkoadre barruan birenkoadratuta daude. Kameraren bidez ikusten ditugu, bai, baina aldi berean kamera bera ate baten artetik, baso trinko batean bi zuhaitzen artetik edo tresna eta soinu tresneriaren artean harrapatuta ikusten ari da”.
” Hannotek Badaki materiala elkartu, txukundu eta dena harmonian jartzen, erritmo perfektua ematen, argazkiaren zein soinuaren tratamendua zaintzen du. Bere lengoaia propioa du eta guretzat altxor handi bat izan da, taldekide bat gehiago”
Miren Narbaiza / Musikaria
Biak musikariak izanik denboratasunak badu “logika musikal bat” ere, egilearen iritzian: “Filma abesti luze baten moduko zerbait bezala uler daiteke. Bertan, bere zati ezberdinak aurkitzen ditugu: estrofak, zubiak, estribilloak eta atal instrumentalak”.
Hain zuzen ere, lanak Lautada abestiaren bertsio oso berezi bat jasotzen du.
Bi musikariek, Moxalek eta Miren Narbaizak, kontzertua emango dute Donostiako Tabakaleran, irailaren 29an, igandearekin, arratseko 20:00etan, Zinemaldia bukatu berritan.