2015.10.13
Alt-country, americana eta antzeko etiketa estatubatuarrak irakurtzen edo entzuten ditudanean, elkarrizketa, iruzkin edota bestelakoetan, keinua garraztu egiten zait. Badakit aurreiritzi-sistemak eragindako ozpintzea dela, baina ezin dut saihestu, sasoi batean The Jayhawks taldearekin obsesionatu nintzen arren. AEBetako tradizioan sustraitutako estilo horiek jotzen dituzten taldeei sasi intelektualtasun kutsua eman zaie, goi-mailako musika izango balitz bezala, nahiz eta Hank Williams edota Gram Parsons musikari biziozaleen ondarean errotuta egon, besteak beste. Horren ondorioz, esaterako, Wilco hitza entzun, eta ogibide liberaldun gizonezko helduez osatutako entzuleria irudikatzen dut buruan (bai, nire baimena daukazue gizonoi bizar mardul eta zaindua gehitzeko).
Bada, aurreiritzi horiek tenkatu egin zitzaizkidan Lisabö-ko bateria jotzaile Ivan Zabalegik (Irun, Gipuzkoa 1974) country-folkeko disko bat grabatzen ari zela esan zidanean, Donostiako Le Bukowskin. Ivanek bidalitako diskoa jaso nuenean, baina, ezusteko ederra hartu nuen, ez bainuen, inondik ere, alternative country-ak eragiten didan artegatasunik sumatu. Hain zuzen ere, Zabalegik Nire proiektuan jasotako zortzi kantuetan, folk-songwriter-en edo bluesman bakartien trazak antzematen ditut, agian, doinuok one-man-band edo gizon-orkestra formatuan grabatu dituelako. Kantautoreen bakardade hori abestien biluztasunetik jaso dut, kantuak ñabardura sotilez jantzita izanagatik ere, hezurdura sendoa erakusten baitute haien ahultasunean.
Ezaugarriok argi antzematen dira “Ihesean” izenburuko abestian: gitarra akustiko errepikakor eta sinple batek mugitzen du pieza, bateriak, era berean, suabe-suabe bultzatzen du, arrastaka, suge baten antzera, eta tarte batez, mugako oihartzunaz altxatzen den gitarra bat entzuten da, osotasunean western kutsua txertatuz. “Ihesean” horretan, gainera, Ivanen beste lorpen azpimarragarri bat sumatzen da; hots, ahotsen tratamendua: distortsio fin batekin apainduak datoz, eta efektu horren ondorioz blues elektrikoaren ukitua ere hartzen dute. Horrekin batera, ezinbestekoa da ahoskatzeko modua aipatzea: Ivanek biziki maite dituen Ama Say bizkaitarren ahozko tradizio hibridoari jarraikiz, ingelesa tartekatzen du, eta euskaraz abesterakoan ere, anglosaxoi azentuarekin egiten du. Eta erabat artifizial geldi zitekeen ahots-baliabide hori, ezustean egoki gorpuzten da country-folk formulan.
Finean, Giant Sand edo Audience taldeetan inspiratu arren, Nire ezaugarri propiodun egitasmoa da. Musikariaren esanetan, «euskal countrya dela esango nuke, baina euriak eragindakoa». Esaldi egokia Zabalegirena, Bidasoaldea herdoildua ez baita Tucson.
(Berria egunkarian, “Country herdoildua” izenburuarekin, 2015eko urriaren 11n argitaratutako kritika)