Musika

badok

2016.02.15

badok

Gutun-azal batean gordetakoak

Eraberritu ala hil. Zertarako mugatu norbere sormenaren zabalkundea disko baten formatu zurrunera? Hori pentsatu du Iban Urizarrek, alegia Amorantek, bere kantuak argitaratzeko modua aztertzean. Elgoibarko musikariak datorren ostegunean aurkeztuko du bere lehen grabazioa, Donostiako Garoa liburu-dendan, 19:30ean hasiko den zuzeneko emanaldi baten bidez. Ez da disko baten aurkezpena izango, bost kanturen aurkezpena baizik. Rafa Rodrigo Willis Drummond taldeko kideak origamiz egindako gutun-azal batean bildu baititu bost abesti horiek Amorantek. Gutun-azalaren barruan beste horrenbeste postal aurkituko ditu erosleak —Alaitz Alberdik eta Joseba Agirrezabalagak marraztuak eta serigrafiatuak— eta postal bakoitzean idatzitako kodearen bidez deskargatu ahal izango dira abestiak Amoranteren bandcamp-eko gunetik.

Bost kantu horietako bat, “Dorre baten gordetakoa”, aurrerapen gisa entzun dezakezu BADOK atarian.

amorante

Hainbat instrumentu jotzen ditu Amorantek, tartean harmoniuma.

Iban Urizarrek 2014. urtean jarri zuen martxan Amorante bakarkako proiektua —aurretik hainbat taldetan aritu zen: Cafe Teatro, Andrakan, Mengele Quartet…—, eta ezer grabatuta ez eduki arren, ahoz ahokoari esker, kontzertuak eskaintzeko eskaera dezente jaso zituen iaz. Horietako bat Zarauzko Garoa liburu-dendan eman zuen, Paperezko Kontzertuak egitarauaren barruan.

Bost kantu hauek Xabier Erkizia ekoizlearekin grabatu ditu Amorantek. Ezaguna da Erkiziak egin ohi dituen lanetan soinuari ematen dion tratamendu berezia, eta Amoranteren grabazioa ez da salbuespena izan. Hainbat lekutan hartutako landa grabaketak erabili dituzte kantuak osatzeko, ia-ia beste musika tresna bat balira bezala. Gitarra, ukelelea, saxofoia, harmoniuma, korneta… jo ditu Amorantek, eta kolaboratzaileek (Patxi Zabaleta, Mursego, Niño de Elche, Francesca Romana di Nicola…) harpa klasikoa, elizako organoa, biolontxeloa edota marimbak gehitu dizkiete abestiei.

Aurrerago, kantu berriak grabatu ahala, soinu postal gehiago etorriko direla iragarri du Amorantek.

ETIKETAK:AmoranteAndrakanGaroaIban UrizarPaperezko KontzertuakWillis DrummondXabier Erkizia