2014.09.08
Maketa edo aurreneko grabazioetatik egin ohi den jauzia pixkanaka desagertzen ari da. Ordea, Mutrikuko Kraussk taldearen Gudaberria estreinako lanak fenomeno hori errespetatu du. Originaltasunaren mamuari erreparatu gabe, proposamen interesgarria lortu dute, eta ez dira maketako hasiberriak. Metal modernoa eta groove metal doinuak euskaraz jorratzen dituzte. “Bizi” eta “Piztiaren krausskada” kantuen sintetizadoreek zein erritmoek alde modernoa islatzen dute. “Kareak erre ez duena” eta “Lehertu” dira groove girokoak. Altxorra, ordea, “Eten” abestia da. Anariren ahotsa metal musikarekin uztartzea lortu dute. Fusio perfektua bezain erakargarria. Entzun ez duenak, badaki.
(Berria egunkarian, 2014ko irailaren 7an argitaratutako iruzkina)