Musika

badok

2015.03.28

badok

Governorsen su garaiak

Apirilean ikusiko du argia Governors taldearen zuzeneko diskoak. Su garaian izenburua du urtarrilaren 31n Bilboko Santana 27 aretoan emandako kontzertua jasotzen duen CD-DVDak, eta Arrasateko taldearen orain arteko ibilbidearen laburpena eskaintzen du. Diskoa kaleratzearekin batera zuzenean aurkezteko emanaldiak eskaintzen hasiko da Governors —lehenengoa Ondarroako Beikozini aretoan izango da, apirilaren 17an, eta hurrengo egunean Otxandion joko du—, baina aurrerapen gisa osaturiko bideoa aurkezten dizuegu Badok atarian.

https://youtu.be/f1JNC-0jmSc

Governors 2006. urtean sortu zuen Juan Sangrek, Ekon eta Fjord taldeetako kide ohiak. Aitor Andruejo (gitarra), Heloy Galan (bateria) eta Beñat Zubizarretarekin (baxua) grabatu zuen lehen diskoa, Itxaron beharra ez da itxaropena (Oihuka, 2007), baina Pako Ramos (gitarra) eta Jorge Moro (baxua) taldekideek eman diote finkotasuna proiektuari hurrengo hiru diskoetan: Frenetikodrome (Oihuka, 2010), Collage (Mauka, 2011) eta Morphinapolis (Baga-Biga, 2013). Andruejo Madrilera joan ondoren, gitarra bakarlariaren hutsunea hainbat musikarik bete dute zuzenekoetan: Keu Agirretxea-k —urtebetez egon zen taldean eta Collage diskoa grabatu zuen—, Yago Garonaetak edota Iñigo Zubizarretak (Soziedad Alkoholika). Azken honek hartu du parte Su garaian-en grabazioan.

Zuzeneko diskoa grabatzeko ideia Baga Biga diskoetxearena izan zen. Governorsen kontzertuetako eszenografia ikusgarria irudietan jasotzeko proposamena egin zion taldeari, eta hasieran zalantzak izan bazituen ere, taldearen lau diskoetako ibilbidea laburtzeko eta “aro baten amaiera” irudikatzeko aukera ona zela iritzi zion Juan Sangrek. Jarraitzaileei laguntza eskatu zieten “gau berezi” horretako kantu zerrenda osatzeko, eta orokorrean ustekaberik hartu ez bazuten ere —gehien eskatutako kantuak taldearen ohiko errepertorioan zeuden—, egon da salbuespen bat edo beste. “Geldoagoak direlako ustez zuzenekoetarako aproposak ez diren kanturen bat edo beste eskatu ziguten, “Uneak” esaterako, eta ikusi dugu jendeari bost axola zaiola kantuak azkarrak edo geldoak diren, gustuko ditu eta kito”, dio abeslariak. Tamalez, zale horietako asko kontzertura joan ezinik gelditu ziren azken momentuan, egun horretako elurteak errepideetan sortutako arazoak zirela medio. “130 gonbidapen inguru jaso gabe gelditu ziren”.

Zuriñe Hidalgo (Hesian) eta Naroa Gaintza (22m2) gonbidatu zituzten kontzertuan kolaboratzera. “Hatortxurock jaialdirako Sorkun-ekin “Kristal kolpatuak” egin genuenean Zuriñek esan zigun gustatuko litzaiokeela kantu hori abestea. Eta Naroaren kasuan, Governorsen kontzertuetara etorri da askotan, gustuko du taldea eta batzuetan igo da gurekin kantatzera”. Horrez gain, Andruejo taldekide ohia ere oholtzara igo zen zenbait kantutan.

Santana 27 aretoa aukeratu zuten diskoaren grabaziorako, eszenatokia erdian jartzeko eta jarraitzaileez inguratuta jotzeko aukera ematen zuelako. Gurean ideia “berritzailea” izanik, lan handia eman zuen alderdi teknikotik pieza guztiak ondo egokitzeak. “Atzerriko taldeek egiten dutenean errazagoa ematen du, baina asko kostatu zitzaigun. Artemanek oso lan profesionala egin du, luxuzkoa, eta emaitza ere horrelakoa da”.

DVDak emanaldi osoa jasotzen du, editatze-gelan mozketarik eta ukiturik egin gabe. Diskoak aldiz, iraupen muga dela medio, bi kantu gutxiago ditu. Su garaian jarri diote izenburua lanari, arrazoi bikoitza dela medio: “Su garaiak, garai beltzak bizi izan ditugu arlo politikoan eta sozialean, eta bizi ditugu oraindik ere. Familia eta lagun asko mugan bizi dira, eta gertutik ikusi dugu Arrasaten, Fagorren auziarekin; bestetik, sua ezinbesteko osagaia da Governorsen zuzenekoetan”, azaldu du Juan Sangrek.

ETIKETAK:22m2Baga BigaEkonFjordGovernorsHesianKeu Agirretxea