2014.11.03
Ezaguna da Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaileak (Zeberio, Bizkaia, 1904-1988) bere burua animatzeko bota ohi zuen oihua: Aupa Maurizia! Sarri askotan, Bonifazio Arandia Fasio trikitilaria eta Leon Bilbao albokaria izan ohi zituen aldean. Lehena totela zen; bigarrenak alboka izan ohi zuen ahoan. «Nik neuk animatzen ez badut neure burua, nork animatuko nau!», zioen pandero jotzaileak. Plazandrea zen, bere nortasun eta ezaugarriak unean uneko egoeretara eta plazara egokitzen zekiena, eta besteak ez ezik bere burua ere animatzen zuena. Gerraurre eta osteko garai gordinetako erromeria giroetan abangoardia. Mauriziaren istorioa da, baina izan liteke geroztikako emakumezko musikari eta kantari guztien istorio eta historia ere.
Kontraesana dirudien arren, edo agian horrexegatik, baina oraindik urri izanik, abangoardia dira, edo abangoardian daude. Abangoardian dira musikari, kantari eta instrumentu jotzaile emakumezkoak, gizonezkoen mundu batean irauteko beste erremediorik ez dagoelako, baina baita azken lauzpabost urteetan indar bereziz molde eraberritzaileak, ahots eta forma berriak ekarri dituztelako ere herri musikagintzara. Ale bakanak dira oraindik, baina arrastoa uzten ari dira. Atentzioa ematen du, gizonezkoak baino askoz ere musikari eta kantari gutxiago izanik, emakumezkoen edo emakumezkoak ere badauden taldeen musika proposamenek duten kalitatea, eta dakarten berritasuna eta aniztasuna ahots (bi adieratan) eta formetan. Urrutira joan gabe, aurten plazaratu dira Bakelite, Neighbor, Perlak, Libe eta Tania de Sousaren estreinako lanak. Zer dute elkarrekin ikustekorik? Ezer askorik ez, non eta ez den denek ere ekarpen interesgarriak egin dituztela.
Bikote formatuan sortua da Bakelite, eta Azeriak lana plazaratu du aurten. Perkusioa jo eta kantatu egiten du Naiara Anasagastik, eta gitarra jotzen du Sergio Llanosek. Blues, folk eta rockean oinarrituriko kantu erritmiko ilunak sortu dituzte, aurrez gurean apenas entzundako moldean, eta euskarazko kantagintzan hain ohikoa ez den ahots lodiz.
Bikote izanik ere oso bestelakoa da Maite Larburuk eta Josh Cheathamek osaturiko Neighbor bikotearen musika. Disko aparta da Ura patrikan, jazz, folk, bossa-nova eta herri kantagintza uztartzen dituena. Larburu da kantuen egilea, eta ahots ahalmen zehatz apartekoz kantatzen du. Estilo ariketa aipagarria.
Perlak laukotea da, eta hiru emakumezkoak dira. Patxi Agirrek baxua eta teklatua jotzen ditu, Oihane Abarrategik gitarra eta teklatua, Maitek Martiarenak gitarra eta teklatua, eta Ilargi Agirrek bateria. Lehen hirurek kantatzen dute, eta Agirrek koruak ere sartzen ditu. Post-punka jorratzen dute, 80ko hamarkadako soinuetarako apeta erakutsiz, Euskal Herrian oso gutxik egin bezala. Lotura handixeagoa dute Tania de Sousaren eta Liberen lehen diskoek. Biak dira kantari (teklatua ere jotzen du Libek), rock talde baten laguntzarekin, Kashbadek, Zea Maysek eta Sorkunek berak zedarrituriko bidean.
Azken urteotan sorturiko egitasmo interesgarri gehiago ere bada. Napoka Iria bikoteak (Miren Narbaiza eta Ander Mujika) blues, rock eta folk nahasketa dotorea egiten du. Jupiter Jon laukoteak (Baxi Ubeda, Nerea Garrido, Jose Caballero eta Aida Torres) rock primitiboz eta gizon-emakume ahots jokoz ondu zuen Pleistozenoko astelehenak 2011n. Mursegok sorkuntza eta irudimen jario agorrezina duela erakutsi du 2009an Bat plazaratu zuenetik, hamaika musika tresna joz, kantu propioak eta bertsioak osatuz, kantatuz eta loop-aren erabilera bistaraziz. Eta Belakorena izan da agerpen indartsuenetakoa azken bizpahiru urteotan. Bi mutilek (Josu Ximun Billelabeitia eta Lander Zalakain) eta bi neskak (Cristina Lizarraga eta Lore Nekane Billelabeitia) osatzen dute laukotea, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko arreta bereganatzen hasi dira, 80ko hamarkadako post-punka eta 90eko urteetako rock alternatiboaren arteko zubia eginez, eta ingelesez eta euskaraz (gutxiago) kantatuz.
Emakumezkoek parte hartzen duten egitasmo horiek neurri batean berritzaileak izateko arrazoia aurrez eredu kanoniko askorik ez izatea izan liteke, hain zuzen ere. Honela dio Leire Lopez Ziluaga musika kritikari eta mugimendu feministako kideak: «Emakumezko musikariek ez dute izan hainbeste denborarik kortsean sartzeko, eta, gainera, nahi gabe ere, posizio ez-hegemoniko baten zaudenean, errazagoa da apurtzera joatea».
Kantarien rola apurtuz
Historiari begiratu bat ematea nahikoa da ohartzeko emakume kantari eta musikariak ugaritzen ari direla, eta ekarpen aski interesgarriak egiten. Baina egoera normalizatu bat dela esateko lain ba al da? Lopez Ziluagak «asko esatea» dela deritzo: «Emakume gehiago ikusten ditugu agertoki gainean, eta, nire ustez garrantzitsuagoa dena, gorputz eta ahots desberdinekin ikusten ditugu, eta instrumentuak jotzen, gainera, ez soilik abesten. Horrek ez du esan nahi egoera zoragarria denik. Kuantitatiboki gizonak baino askoz gutxiago dira».
Leire Lopez Ziluaga: “Emakumezko musikariek ez dute izan hainbeste denborarik kortsean sartzeko, eta posizio ez-hegemoniko baten zaudenean, errazagoa da apurtzera joatea”
Hori baita azken urteetan sumatu diren aldaketa nagusietako bat, kantari soilik ez, musika tresnak jotzen ikus daitezkeela oholtzaren gainean. 60ko hamarkadatik aurrera, Mixel Labegerieren bi grabaketaz geroztik, euskal kantagintza berria deituriko aroan emakumezko kantariak ere azaldu ziren. Ordura arte abesbatzetan edo erromeria giroan aritutako pandero jotzaileak baino ez ziren jendaurrean arituak (Maurizia, Primi Erostarbe, Felisa Arrizabalaga…).
Ez Dok Amairun eta ondoren bakarlari arituriko gizonezkoak (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete…) gorde ditu irudimen kolektiboak batez ere ikur gisara, baina 60ko hamarkadan, frankismo betean eta Euskal Herriko giro elizkoian, hainbat emakume atera ziren oholtzara. Kantariak ziren gehienak, nahiz eta gitarra ere jotzen zuen hainbatek (Lourdes Iriondo, Estitxu, Erlak…).
Eredu horrek gerora ere indar handia izan du, bai 70eko hamarralditik aurrerako folk-rock taldeetan (Haizea, Ganbara…), bakarlarietan (Amaia Zubiria, Maddi Oihenart), bai 80ko erditik aurrerako rock taldeetan ere (O.K. Korral, Beti Mugan, Kashbad, Zea Mays…). Urriak izan dira salbuespenak oraintsu arte. Izukaitz taldeko Odile Krutzetak teklatua eta txistua jotzen zituen, baina ondoren ia triki-poparen loraldira (Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider) arte joan beharra dago, kantuak sortu eta musika instrumentu bat joz plazara ateratzen zirenak ikusi arte. Aztertzekoa da 80ko hamarraldian, Euskal Rock Erradikala deitu zen mugimenduaren aroan ez zela emakumezko musikari edo kantaririk agertu. Euskal Herrian gaztelaniaz jarduten zuten Las Vulpes Bilboko hirukoa eta Aurora Beltran iruindarra izan ziren salbuespen urrietako batzuk.
Eta ez zen soilik kantariak izatea ia-ia bakarrik, baizik eta kantatzeko modu jakin bati oso lotuak zirela, gainera. Itsaso Gutierrez musikariak eta Iratxe Retolaza EHUko irakasleak Euskal musika larrutuz. Gorputz-adierazpenak eta gorputz-irudikatzeak euskal musikan izeneko hitzaldia eskaini zuten udan UEUko ikastaroetan, Bilbon. Bertan, azaldu zuten ahots zuri deitua izan dela zabalduriko eredua. «Emakume kantarien ahots-moldeak ez du gorputz horren femeninotasuna (jakina, femeninotasun kanoniko bat) auzitan jarri behar: fintasuna, goxotasuna, oreka…», diote ondoren artikulu bilakaturiko hitzaldi horretan.
Itsaso Gutierrezek bere larruan bizi izan du ahots zuri izeneko eredu horren diktadura musikala. «Euskal emakume kantariek ahots sendo, goxo eta gorpuzduna izan dute, eta abesteko era bat… Kashbadeko Sorkun, Zea Maysko Aiora, Afrika bera… eta lehenago ere halako ereduak izan ditugu: Lourdes Iriondo, Maite Idirin, Amaia Zubiria… Eredu horietara egokitzen ez bazinen… ummm», erantzun dio Retolazak berak egindako elkarrizketan.
90eko hamarkadaren bigarren erdialdean, Anariren agerpenak inflexio unea eragin zuen. Bakarlari moduan hasi zuen ibilbidea. Harenak ziren doinu nahiz letra guztien konposizioak, eta ordura arte ohikoa ez zen ahotsez emanak: tentsioa, dardarizoa eta tonu baxuak gailenduz. Kritikak laudorioz hartu zuen, baita ondoren rock izaerako taldeaz inguraturik eginiko bidea ere.
Bateria jotzen hasi zuen bere ibilbidea Anarik, Psych Out taldean. Urte batzuk geroago sortu zen Lisabö, Aida Torres bateria jotzaile zuela. Jupiter Jon taldean ari da egun. Badirudi emakumezko bateria jotzaileak boladako direla. Gora Japon eta Magmadam proiektuetan ari da Myriam Petralanda; Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteko kidea da Ursula Strong (Zuloak-en ere aritua), eta Ilargi Agirre (Perlak) eta Naiara Anasagasti (Bakelite) dira beste bi adibide.
Anari eta Lisabören garai bertsuan azaldu zen Jauko Barik, emakumez soilik osaturiko lehen rock taldea. 1997an sortu zuten, Donostian, Itsaso Gutierrez berak (gitarra, ahotsa, biolina), Enara Mateok (baxua eta ahotsa) eta Haizea Loirak (ahotsa, bateria). Bi disko plazaratu zituzten rock, hardcore eta punketik edanez. Jauko Bariken ondotik, Ain_1 folk-pop boskotea, Mor More pop hirukotea, Saioa bikotea —ez nahastu bakarlariarekin— eta kontzientzia eta aldarri feminista esplizituko Pottors ta Klito punk-rock boskotea dira aipa daitezkeen gutxietako batzuk.
Emarock, MEFSST, Zuloak
Itsaso Gutierrez egiten ari da ahalegin handienetakoa musika feminismoaren ikuspegitik nola birpentsa litekeen jendaurrean azaltzeko. On rock taldea sortu zuen Jauko Barik, Keike eta Xarman aritu ostean, bere ahots eta kezka propioz kantuak sortzeko, eta, horrez gain, Emarock egitasmoaren (www.emarock.com) sustatzaileetakoa da, Saioa Cabañas argazkilariarekin batera, besteak beste, zeinak Euskal Herrian musikan aritzen diren emakumeei protagonismoa eta espazioa eman nahi dien.
Itsaso Gutierrez: “Jaialdi bat antolatzen edo musika dinamika gehienetan ez dut nik, behintzat, aldaketa ikaragarria sumatu»
Gutierrezen iritzian, «asmoa, kontzientzia eta gogoa» ezinbestekoak dira emakumeek musikan duten espazio eta protagonismoa normalizazio bidean jar daitezen. Eta begirada kritikoz dakusa errealitatea: «Eredu gehiago egon badaude, baina jakinik horien eragina zein den, jaialdi bat antolatzen edo musika dinamika gehienetan ez dut nik, behintzat, aldaketa ikaragarria sumatu». Eta, hatz kritikoa Euskal Herriko jaialdi handietan jarri du, besteak beste. Bai EHZuzenean, bai Donostiako Piraten kontzertuetan, bai Kalerarocken, bai Bonberenea Sutan-en, bai Hatortxu Rocken, oso urriak edo bakar bat ere ez baita izan emakumezko musikari eta kantarien presentzia azken urtean. Beste ariketa bat egitea ere planteatu du. «Adibidez, tabernetako musikan, edo jai guneetako musikan… batzuetan gertatu izan zaigu orduak pasatzea gizonezkoz bakarrik osaturiko taldeen musika entzuten… nire inguruan, behintzat… Egongo da bestelako dinamikarik, ziur».
Antzeko gogoeta egin du Lopez Ziluagak ere: «Jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatu eta agertoki gainean gizonak baino ez egoteak badu zentzurik? Kontzertuak lortzeko orduan erabakiak zeren arabera hartzen ditugun pentsatu behar dugu». Ikuspegi feminista duten dinamika gutxi batzuk sortzen ari dira; Emarockez gain, Zarautzen antolatzen duten MAFSST jaialdia, esaterako. «Harekin batera, nazioarteko eta Euskal Herriko taldeak biltzen dituzten kontzertu feministak antolatzen hasi dira, nahiko sarri».
Zuloak egitasmoak —lau emakumez osaturiko taldearen sorrera, kontzertuak, izen bereko diskoaren agerpena, eta esperientzia harekin guztiarekin Fermin Muguruzak egindako fake dokumentala— sortutako eztabaidak ere indarra eman zion emakumeak musikan duen presentziaren gaiari. Mahai gainean jarri zuen, fokua jarri zioten, eta kritikak ere jaso zituen. Iratxe Retolazak Emakumeak ikusgarri… baina emakumeak? artikulua argitaratu zuen filmaren inguruan, eta hau zioen, besteak beste: «Txalotzekoa bada musika munduan posizio sinboliko garrantzitsua duen musikari batek —Fermin Muguruzak kasu honetan— emakume musikarien ekarpena ikusarazteko ahalegina egitea; baina, ahalegin hori eraginkorra izateko, ez al luke posiziodun horrek atzerapauso bat eman behar emakume musikari horiei ahotsa eta espazioa emateko?». Egunotan ere antzeko eztabaida berpiztu da zuzeu.com atarian, Tania de Sousaren Tania Tank lehen diskoaren harira. Hura ere Muguruzak ekoitzia izan da. Atzetik gizonaren eskua izatea gaitzetsi diote batzuek; halako «produktuek» ere eszena aberastu dezaketela uste dute beste batzuek.
Oso bestelakoa da oholtzatik kanpoko errealitatea, emakumearen presentzia ez baita ia batere handitu diskoetxe, soinu teknikari, programatzaile, antolatzaile eta abarren artean. Ordea, oholtza gainekoa mugitzen ari da, norbere gorputz eta ahotsez mugitzen ere, hori baita egitekorik behinena. «Agertokiak geure egin behar ditugu», dio Lopez Ziluagak. Mauriziak animatuko lituzke guztiak oholtza gainetik.
(Berria egunkarian, 2014ko azaroaren 2an argitaratutako artikulua)