2022.03.08
Goroldio talde berriak bere lehen diskoa plazaratuko du bihar, asteazkena. Baztan, Xareta eta Bidasoa bailaren inguruan sortutako laukotea da eta Kaskezur, More edota Tumatxak taldeetan ibilitako musikariek osatzen dute. Briofito izenburua du bere lehen lanak, eta bertatik ateratako “Elizak hustuz doaz” singlearen bideoklipa estreinatu dugu gaur.
Iñigo Belzunegi Iturria (ahotsa eta gitarra), Naxara Meoki (ahotsa eta gitarra), Imanol Zubieta (baxua) eta Xabier Pumar (bateria) dira Goroldio osatzen dutenak, eta Kaliforniako kostaldeko 80. hamarkadako punk-rockaren oihartzunez bustitako gitarra distortsionatuak eta ahots koruak nahasten dituzte Briofito diskoan. Berako (Nafarroa) Atala estudioan grabatu zituzten gizartearekiko jarrera kritikoa erakusten duten 12 kantuak Iñigo Irazoki soinu teknikariarekin, eta lagun artean zenbait kontzertu eman ondoren, diskoa jendaurrean aurkezten hasteko asmoa dute.