Musika

Andoni Imaz

2023.05.08

Andoni Imaz

Gor diskoetxea itxiko dute udazkenean, Patxi Goñik erretiroa hartzean

Talde berriak plazaratzea eta euskal musikarien esparru estilistikoa zabaltzea izan dira, besteak beste, Gor diskoetxearen ardura nagusiak. Erreferentziazko zigilua izan da urte askoan. Orain, 32 urteko ibilbidearen ondoren, azkenera iristear da: udazkenean itxiko dute, Patxi Goñi diskoetxeko arduradunak erretiroa hartzearekin batera. Disko gogoangarri ugari argitaratu ditu Marino Goñi eta Antonio Goñi anaiekin abiatutako bidean.

Patxi Goñi, Gor diskoetxeko arduraduna

Patxi Goñi Gor diskoetxeko arduraduna, artxiboko argazki batean. (Gorka Rubio / Foku)

Hirurek sortu zuten Gor, 1991. urtean, Iruñean, Soñua eta Oihuka zigiluetan lortutako esperientziaren laguntzaz. Ordurako editatuak zituzten Kortatu, Hertzainak, La Polla Records, Barricada eta Delirium Tremens taldeen lehen lanak. «Beste batzuentzat lan egindakoak ginen, baina independentzia nahi genuen», kontatu du Patxi Goñik. «Gauza askotan aritu gara: goitik behera ibili ditugu Albaceteko Mediamarkt [Espainia], Alucheko Fnac [Espainia]… Euskal industrian gutxik egingo zituzten horrelako lanak». Izan ere, diskoak argitaratzeaz gain, kontratazioan eta banaketan zuzenean jardun du Gorrek.

Euskaraz argitaratu zituzten lehen diskoen artean dira Julio Kagetaren Bihar eta berandu (1991), eta, nola ez, Balerdi Balerdiren aurreneko lana (1991); Marino Goñi eta Patxi Goñi musikari aritu ziren taldearen lehenengo aroan. Gainera, Balerdi Balerdik aurten atera duen Udaberri alua singlea izango da Gorren azken erreferentzia: «Kasualitate hutsa izan da. Durangoko Azokarako prest izan behar genuen, baina, fabrikakoak atzeratu zirenez, martxoaren 21ean atera genuen, eta, hala, Udaberri alua kantuari keinu bat egin». Kasualitate polita, hala ere: «B aldeko Azken kanta-k esanahi berezia hartu du».

Independentzia ez ezik, izaera eklektikoa ere bere-berea izan du zigiluak. Rockaren inguruan aritu dira nagusiki, baina hor egon dira, esaterako, Zazpi Eskale, bertsoa musikara eramanda; Jousilouliren metala; Hemendik At taldearen dancea; Kerobiaren pop-rocka; eta Kojon Prieto y Los Huajolotesen rantxerak.

Diskoetxearen aurreneko arrakasta Urtz taldeak ekarri zuen, Ekaitzaren garrasia lehen diskoarekin (1992) —hurrengo hirurak ere Gorrek argitaratu zituen—, eta ondorengo urteetan ere asmatu zuen gerora ospe handia izango zuten zenbait talderen lehen lanak argitaratzen. Berri Txarrak da, segur aski, adibiderik garbiena: Gorrek argitaratu zuen taldearen lehen lana, 1997an, baita hurrengo laurak ere, Jaio.Musika.Hil-era arte (2005). Bidea Gorren abiatu zuten, bestalde, Ken ZazpikAtzo da bihar (2001), Bidean (2003) eta Gelditu denbora (2005) diskoekin— eta Zea MaysekZea Mays (1998) eta Elektrizitatea (2000) lanekin—.

Zerrenda luzea da, hala ere: ehun talde baino gehiagoren lanak kaleratu ditu Gorrek. Gertutik erreparatu izan die, bereziki, Nafarroako proposamen berriei (Leihotikan, Hesian, Vendetta, Altxatu…).

Bigarren garai neketsua

280 bat erreferentzia argitaratu dituzte denera, Goñiren arabera. Katalogo horrekin guztiarekin zer egin pentsatzen aritu dira azken urteetan, baina ixtea beste erremediorik ez dute izan: «Zigilu askorekin hitz egin dugu, kolaboratzaile bila aritu gara, eta gauzak ez dira aurrera atera».

Diskoetxearen bilakaeran bi aro bereizi ditu Goñik: 2004ra arteko garai bizi eta oparoa, eta ordutik aurrerako beherakada, 2008ko krisiak muturreraino larriagotu zuena: «Formatuaren krisia ekarri duen iraultza teknologiko basatiaren ondorioz, mundu analogikotik mundu digitalera egindako jauzian geure burua birziklatu eta berrasmatu behar izan dugu», kontatu zion BADOK atariari 2015ean.

2011ko udaberrian, Marino Goñik eta Antonio Goñik erretiroa hartu zuten, eta, geroztik, Patxi Goñi izan da zigiluaren arduraduna. «Ez zeudenen partez ere lan egin dut ordutik; ahal izan dudan beste, muga fisikoen eta psikikoen barruan. Lehengo guztiari eutsi diogu, apalago aritu arren. Beti gurutzatzen dira taldeak, eta atera ditugu lehen aro hartako Gorrek aterako ez zituen lan batzuk agian, baina beti daude harritzen zaituzten gauzak; gure ideiak ez dira askorik aldatu».

Gor diskoetxearen itxiera musika industriaren barneko eredu baten agortzearekin ere lot liteke. «Agian, gu berandu gabiltza, sistema osoak pare bat urte baitaramatza zeharo eraldatzen. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina garai aldaketa betean gaude. Hala ere, zuzeneko kontzertuek eta kantuak egiteko gogoak hortxe iraungo dute; beti ezagutu ditugun bezala, edo antzera», Goñiren hitzetan.

Udazkenean, erretiroarekin batera, atsedena iristea nahi luke, beste ezer baino gehiago. «Ez dut plan handirik: atseden hartuko dut, musikaren aktualitateari kasu egingo diot, eta nahikoa». Hortaz, abenduan, Gorrek ez du erakusmahairik izango Durangoko Azokan. «Ez dut izango Durangoko Azokarik, eta ez dut izango Durangoko Azokara joan behar dudala pentsatzeak sortutako estutasunik», esan du, barrez. Hala ere, badu nahikoa lan, dena bukatu aurretik: enpresa ixten, eta materiala husten.

ETIKETAK:Gor