Musika

Urko Ansa

2021.12.14

Urko Ansa

Gontzal Mendibil (Durango, 2021.12.05)

Urteak pasa eta Zeanuriko kantugileak diskoak ateratzen eta kontzertuak ematen jarraitzen du. Betidanik, asmo-handiko proiektuak (Iparragirre, Olentzaro, Arrupe, Memorian, Zuri so) formatu txikiagoko formulekin uztartzeko gaitasuna erakutsi du. Azken horien artean, 2019an Bittor Kanpanagaren omenez egindako disko xumea. Urte hartan Bittorrekin egindako elkarrizketa liburu bat argitaratu zuen Gontzal Mendibilek, diskoarekiko edizio independente batean. Kantugile, enpresari (hainbat ikuskizunen sustatzaile ere izan baitzen) eta konposatzaile izateaz gain idazlea ere bai baita. Aipatutakoaz gain, “Gorbeiako haizea” ere argitaratu zuen 2010ean, eta horrez gain Agirre lehendakaria eta Iparragirreri buruzko bi liburutan ere parte hartu du.

IMG_0426

Gontzal Mendibilek bere taldeaz gain Durangoko Orfeoia izan zuen lagun. (Urko Ansa)

Kantautoreen loraldiko gazteenetakoa (gazteena ez bada, 1956an jaioa baita), duela 45 urte argitaratu zuen lehen lana, Xeberrirekin batera. Xeberri (1948-2021) aurtengo irailean zendu zen istripu batean, euskal kantagintzan hutsune handi bat utziz. XIV. mendean eraikitako Andra Mari Elizako kontzertu hau haren omenez izan zen, nahiz eta Gontzalek bere azken diskoko kantu mordoa jo zuen, baita beste garaietako abesti sorta bat ere. Beraz, bi gauzak batera egin zituzten. Egia esateko, Xeberri eta Gontzalek grabatu zuten diskoko hiru kanta bakarrik entzun ahal izan genituen, eta horrek gure esperantzak ezer gutxian utzi zituela egia den arren, han ikusitakoa hunkigarria izan zenaren zalantza izpirik ere ez daukagu.

Gontzal Mendibilen azken lana aurtengoa dugu: Neugan bizi gabe biziz (San Joan Gurutzekoren poema musikatuak). Markinako Luis Baraiazarra Karmeldarrak San Joan Gurutzetakoaren obra guztia euskaratu du “Idazlan guztiak” izeneko liburutzarrean. Luis, 1940ean jaioa, karmeldarra izateaz gain, maisua, filologoa eta 1996tik euskaltzain urgazlea da eta ohorezko euskaltzaina ere dugu. Egin duen itzulpena liluragarria, elegantea eta historikoa izan da. Luisek San Joan Gurutzetakoaren obran euskararen hutsune bat ikusi zuen, eta horri buelta eman nahian hasi zen lanean. Ekainean argitaratua, Hitza egunkarian esan zuenez “min ematen zidan euskal letretan Joan Gurutzekoaren hutsunea egoteak. Ez al gara gauza izango mistiko eta poeta handi honen oihanean barneratzeko?”. Esan eta egin; itzulpen dinamikoa, erakargarria, dotorea eta jatorrizko metrika eta errima errespetatuz egin gainera.

Gontzalek obra hortatik poema batzuk hartu eta hamairu kantuko disko elegantea osatu du. Euskal Herriko Elizetan zuzenean aurkezten dabil geroztik. Leku bereziki aproposak dira aurkezten ari den lana kontuan hartzen badugu. Oraingoan, gainera, bost musikariko bandaz gain Durangoko Orfeoia ere izango zuen lagun. Ikusmina apartekoa izan zen, eta eliza lepo bete zen. Arrakasta itzela, beraz, elizaren tamaina kontuan hartzen badugu. Hemeretzi kantu eta era guztietako bizipenak, sentimenak, testuak eta orgasmo musikalak, eta barka hitz hori azpimarratzeko aretorik egokiena aukeratu ez badut.

Ohituta gauzkan moduan, lan berriari errepasu zabala egin zion, baina urrian Markinan ez bezala, oraingoan espektroa aunitz zabaldu zuen beste diskoetako piezei erakusleiho bat zabaltzeko. Lan berriarekin hasi zen, noski, “Eutsi gabe eutsita” (bere amaierako a capella ahots zoragarriekin) eta guztiz iradokitzailea den “Maitemina”rekin. Argiztapen moderno eta teknologikoki aureratua, parrokiaren edertasuna eta handitasuna, bertaratutako jende andana, Orfeoiko abeslari multzo amaiezina… Hasieratik goia jo zuen emanaldia izan zela esan genezake. Goia jo eta hor mantendu, esan nahi dugu. Xeberri oroitzeko bi pieza historiko eta momentu benetan hunkigarriak geneuzkan zain: “Gogoa nun dugu” eta “Laster, laster” alegia.

Kontzertu amaierara arte ez genuen etapa haren erreferentzia gehiagorik izango, zoritxarrez. Albo batean jarritako pantailan Luis Baraiazarrak itzulitako poemen hitzak ageri ziren, eta orain Xeberriren argazkia eta kantuen testuak agertu zirenean, bihotza uzkurtu zitzaigun. Nola liteke? galdetu genion geure buruari, izen bereko kantua oroituz, duela zazpi urte Alex Angulo hil zenean Gontzalek eskaini zion kantan egin zuen moduan. Behin bakarrik ikusi genuen Xeberri. Duela hamar urte izan zen (2010eko azaroaren 27an) Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herriko Lur Maitea izeneko ikuskizunean. Hiru hamarkada baino gehiago elkarrekin kantatu gabe zeuden biak.  Egun hartan “Laster, laster” eta “Gogoa nun dugu” kantatu zituzten.

Zuri so diskoko “Billoxik” abestiari ekin ziotenean, ez dugu sorpresa hartu genuela ukatuko. Segur aski denbora dezente pasa baita 2004ko kantu hau zuzenean jo ez duela. Bittoriano Gandiagaren testu batekin eraikia, kantu motza eta argitsua dugu. Eta Mendibilen obran oso present egon den lehen euskal kantautore modernoa (Jose Mari Iparragirre) ezin falta zen kontzertuan. Oraingoan “Ez bedi galdu euskera” eta “Beltzarana” aukeratu zituen, hurrenez hurren. Xeberrik 1973an Iparragirre izeneko lan luzea argitaratu zuela gogorarazi zigun Gontzalek. Handik bi urtera elkar ezagutu zuten durangarrak eta zeanuriarrak, eta 1976an argitaratu zuten diskoa. Askoz beranduago, 1992an egin zituen Gontzalek Iparragirre Hegalaria ikuskizuna, bideoa eta bi disko, bigarrena 1993koa. Gontzalekin jarraituz, kontatu zigun nola Iparragirre 1877an Euskal Herrira itzuli zenean esan zuen horrela jarraituz gero, euskara galdu egingo zela. Zorionez, ez da hala gertatu.

Kantu horren amaieran Luis Baraiazarra bera gonbidatu zuen oholtzara. Luisek kontatu zigun nola aurriritzi eta zailtasun asko gainditu behar izan zituen San Joan Gurutzetakoaren obra euskaratzerakoan. Literatura klasikoa jatorrizko hizkuntzan irakurri behar dela dioenik ere bai baitago, baina “guk hori zor diogu gure herriari, gure hizkuntza txikiari”. Maitasunari buruz idatzi diren poesiarik ederrenetakoak direla esan zigun, eta maitasun hori jainkoarenganakoa dela, noski. “Euskarara ekarri nahi nuen, baina kalkoan jausi gabe. Hasieran zaila da, baina pertsonaiak bereganatu egiten zaitu. Erdarazko klixeetan erori gabe egin nahi nuen; erdal ura euskal ura bihurtu”. Biziki hunkituta eta malkoak erortzeko zorian, “eder laino batek hartuta, liluratuta gelditu nintzen”, esan zigun. Lehen esan bezala, jatorrizkoaren metrika berean eta konbinazioak berdin berdin egin zituen, eta errima berak erabili; euskaraz, noski.

Guzti honengatik, liburu eta disko historiko baten aurrean gaude. Luis txalo zarta handi batek besarkatu zuen, eta lehen lerroko aulkietara itzuli zen. Markinako kontzertuan (etxean) ere lehen lerroan egon zen. Gu ere hantxe geunden, eta hark bere ondoan zegoen Gontzal Mendibilen osabarekin edukitako elkarrizketa adi-adi entzun genuen: “Ederra egin dek, Luis. Dotorea. Jatorrizkoa baino lan hobea egin dek”. Horren adibide gutxi batzuk: “Mila heriotza zait, bada,/hemen nago bizi-minez/hiltzen banaiz hil ezinez” (“Neugan bizi gabe biziz” kantuan). “Gau ilun batez barnea/Maitasunetan sutan nuena/oi zorion unea!/inork ez nakusela/irten naiz nire etxea bakez zela”. Azken hauek “Gau iluna” izeneko bertsoak dira. Akaso lan berriko kantarik hunkigarriena eta onena, Easo Abesbatzako Ainhoa Tabuyo gaztearen ahotsak zeruetara (literalki) aupatzen du. Edota “Betiko iturri hau dago gordea/ongi dakit non dagoen, ordea/gaua izan arren”, “Betiko iturria” kantuan.

IMG_0658 (2)

Ainhoa Tabuyo, Gontzal Mendibil eta Iñigo Dieguez. (Urko Ansa)

Hirurak hurrenez hurren jo zituzten. “Neugan bizi gabe biziz” eternala, “Gau iluna” bere fintasun loriatsuaz beztitua, edota “Betiko iturria” ederra. Angel Unzuren gitarra era zabalean entzun genuen lehen bietan, eta bere bouzoukia hirugarrenean. José Luis Canalen pianoa, magiaren sortzaile izan zen; eta Rober Caballerok baxua dedikazioz jotzen zuen bitartean, Iñaki Dieguez eskusoinua dotoreki interpretatzen aritu zen. Musikari hauekin oinarri guztiz profesionala bermatuta zegoen, baina ñabarduretan eta aportazio pertsonal sentituetan dago ezberdintasuna. Gainera, Ainhoa Tabuyoren presentzia erabatekoa da. Kontzertu ia osoan parte hartu zuen, eta Gontzalekin oholtza erdian bikoa osatuz akatsik gabeko kantaldi oso tekniko eta sentibera biribildu zuen. Kantu espiritualei zein bestelakoei ematen dien betikotasuna aipagarriak baitira guztiz.

Zazpi urte atzera egin zuten Nire bihotzak zure begiak ditu diskora, “Badakizu zer den gure herria?” kantarekin. “Ez dut ezagutzen gure herriari egindako poema hoberik. Zorionak, Joseba” -esan zigun Gontzalek. Sarrionandiak egindako poema da, eta Joseba bera ere bertan zen kontzertua ikusten. Azken aurreneko diskora (Biok, 2019) pasaporte bikoitza, “Ama Gorbeia” eta “Esperantza bihotzarentzat” kantuen eskutik. Argi geratu zen biak ere oso sakonean sentitzen dituela. Aipamen berezia Iñaki Dieguezen eskusoinuari, lehenengoan, eta bigarrengoaren soiltasun hunkiberari.

Ekitaldiaren izpiritua, lekuaren magia, aurkezpenaren solemnitatea eta Orfeoiaren botere ia zerutarra direla eta, handia izan zen emanaldi osoa. Lan berritik beste bi kanta: “Non ezkutatu zera” eta “Maitasun gar bizia”. Bietan Angel Unzuren bouzoukia protagonista, Gontzalen sentiberatasunak hunkitu gintuen lehenengoan, eta bigarrengoaren sasi-reggae erakargarriak asetu. Hurrengoan, Ainhoa erretiratu (oso gutxitan egingo zuen) eta Xeberriri eskaini zioten “Memorian”, izen bereko diskotik jo zuten bakarra. Eta Xeberrirekin egindako kantuetatik aukeratu zuten hirugarrena eta azkena: “Bagare”, emanaldiko maitatuenetakoa. Emozioak pil-pilean zeudela erretiratu ziren, beraz.

Bisetan, “Maitemina” berriz ere jo zuten. Disko berriko (edo zaharrago bateko) beste edozein jotzeko aprobetxatu beharrean, kantu bat errepikatzeko erabakia eztabaidagarria izan daiteke, baina Gontzalek sarritan egiten duen gauza da hau (aurten Markinako kontzertuan edo 2014ean Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian berdina egin zuen, adibidez), eta Orfeoiaren koruak entzun eta gero, txapela kendu besterik ez dezakegu egin. Lan berriarekin hasi, eta lan berriarekin bukatu: “Edertasun denagatik” eta bere magia liriko guztiarekin. Ikusgarria da nola Luisek (San Joan Gurutzetakoaren poemen itzultzaileak) txertatzen dituen silabak: “On-zapore mugatuak/baditu bere arriskuak/jateko nahia galtzeko/dastamena hondatzeko”.

Goian utzi zuten, beraz: eliza osoa esku-zartak jotzen eta zutunik, hemeretzi kantuko emanaldia amaitutzat eman ezinean. Orfeoiko 31 kideak (18 emakumezko eta 13 gizonezko) erretiratu eta zutik geratu ziren lau musikariak, Gontzal eta Ainhoa. Orfeoiko zuzendaria (hogeita hamabigarren partaidea) aipatu gabe ere ezingo genuke kronika hau amaitutzat eman, bera lanean horrelako dedikazioz sentitzea ikuskizun aparta izan baitzen. Azkenik, Xeberriren memoria gogora ekarri bazuten ere, ez zen hasiera batean espero genuena izan, askoz ere gehiago izan baitzuen lan berriaren aurkezpenetik, Xeberriren omenalditik baino. Zendutako durangarrari omenaldiren bat egiteko planik dagoen ez dakigun arren, merezi duen azken agurra beste modu batera irudikatzen dugu, bere garaiko kantekin, alegia. Gontzali dagokionez, bere aurkezpen birarekin jarraituko du. Momentuz, abenduaren 17an Gasteizko Karmengo Elizan joko du, eta eliza gehiagotan arituko da aski segur. Musikariak aldatu egin zituen Markinako kontzertutik Durangokora, baina Angel Unzu eta Ainhoa Tabuyo finkoak direla dirudi.

ETIKETAK:Ainhoa TabuyoDurangoko OrfeoiaGontzal MendibilLuis BaraiazarraXeberri