Musika

Andoni Imaz

2022.01.30

Andoni Imaz

Goizegi itzalitako ahotsa

Leire Iribarne Olhagarai Lasan jaio zen (Nafarroa Beherea), 1997. urtean. Umetatik aritu zen musikan, kantuan eta zenbait instrumentu jotzen, eta Diabolo Kiwi taldean aritu zen azken urteetan. Joan den ostiral iluntzean hil zen, trafiko istripu batean, A-64 autobidean, Bellocq parean (Okzitania), Euskal Herrirako noranzkoan.

Leire Diabolo

Leire Iribarne Olhagarai kantari eta musikaria. (Pierre Balacey)

Irulegiko Irratiak eman du istripuaren berri. 20:30 aldera hiru autok talka egin zuten, antza denez, basurde bat bidera atera zenean. Iribarne bigarren autoan zihoala adierazi du France Bleu irratiak. Beste zazpi lagun zauritu ziren ezbeharrean; horietako bat bertan artatu zuten, eta beste seiak Baionako eta Paueko (Okzitania) erietxeetara eraman zituzten, zauri arinekin.

Iribarne kantuan eta pianoan aritzen zen Diabolo Kiwi musika taldean. Iaz atera zuten beren bigarren diskoa, Uhin galduak izenekoa. 2018an osatu zuten taldea Iribarne, Amaiur Epher (gitarra), Allande Etxeberri (baxua) eta Julen Etxeberri (bateria) gazteek. Ordutik, hainbat kanta sortu dituzte, erritmo dantzagarrien eta melodia sarkorren arteko nahasketa baliatuta. Kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herri osoan.

Argitaratutako bi diskoez gain, taldeak 2020ko Herri Urratsen kanta grabatu zuen: “Gaki ge”.

Dena den, Iribarne ume-umetatik aritu zen musikan, 6 zituenez geroztik. Kontrabaxua izan zen haren lehen instrumentua, Ipar Euskal Herriko Hitza-n orain hiru urte egindako elkarrizketa batean kontatu zuenez. Baionako kontserbatorioan sartu zen, eta han ikasi zuen hiruzpalau urtez. Gero, kontrabaxua utzi, eta gitarran eta pianoan jardun zen Donibane Garaziko musika eskolan. Gitarra lantzeko sartu zen kontserbatorioan berriz, eta solfeoa ere egin zuen. Jazz ikasketak egin zituen azken urteetan.

Haurra zela zenbait kantu txapelketatan parte hartu zuen gitarrarekin, eta sari batzuk irabazi zituen.

Ama musikari, kantari eta irakasle izatearekin lotu zuen zaletasuna, elkarrizketa hartan: «Betidanik horretan gara. Etxean musika bazen beti. [...] Zinez, beti a tope zen guk musika egiteko. Ebidentea zen gu musikan aritzea».

Diabolo Kiwi taldea sortu aurretik, beste proiektu batzuk izan zituen, musika garaikideko eta jazzeko ikasketen bueltan. Horietako bat zortzi neskak osatu zuten, a cappella abestuz; bestea lagun batekin sortu zuen, eta jazz errepertorioa kantatzen aritu ziren gitarraren laguntzaz. Paxkal Irigoien musikariarekin ere aritu zen Iribarne, Kontsumo Orkestran, pianoan batez ere.

Musika, gozatzeko

Diabolo Kiwi taldeko kideek musika landua sortu dute urte hauetan guztietan, umorez betetako hitzekin, eta, batez ere, entzuleei gozarazteko asmoarekin: «Maite duguna egin nahi dugu. Maite badugu egiten duguna, besteek sentituko dute. Jendea dantzarazi nahi dugu. Plazera hartu nahi dugu», azaldu zuen Iribarnek. Funka da taldeak sortutako musikaren oinarrietako bat, eta kanta bakoitzak poperako edo rockerako bidea egiten du hortik abiatuta.

Diabolo Kiwi berri berria

Leire Iribarne Diabolo Kiwiko taldekideekin.

Kanturako ahotsa lantzean, zenbait abeslarirekiko miresmena erakutsi izan zuen. «Biziki maite ditut Nina Simone eta jazzean diren boz lodi eta indartsu horiek». Kantu ikasketak egin izan zituen, eta haren ahotsa zen, hain zuzen, Diabolo Kiwiren bereizgarrietako bat.

BERRIAk iaz antolatutako Sortzaileak garai pandemikoan mintegian parte hartu zuen Iribarnek. Pandemiaren garaian kultura babesteko beharraz mintzatu zen orduan: «Guk segitu behar dugu sortzen, gauzak eskaintzen, eta gizartea ohartuko da inportantea dela kultura sostengatzea».

Abeslari gaztearen heriotzak atsekabea eragin du, eta hainbat musikarik eta erakundek dolumin mezuak idatzi dituzte Interneten; besteak beste, Euskal Kultur Erakundeak eta Gerediaga elkarteak. «Euskal kantagintzako ahots ederrenetako bat galdu dugu», adierazi du Ahotseneak.

ETIKETAK:Diabolo KiwiLeire Iribarne Olhagarai