Musika

badok

2020.10.01

badok

“Geruzak”, Keu Agirretxearen abesti berria estreinatu dugu

Keu Agirretxeak abesti berria plazaratuko du bihar, ostirala. “Geruzak” du izenburu eta martxoko konfinamenduan sortu zuen Ondarroako (Bizkaia) musikariak. Gaur kantuaren bideoklipa estreinatu dugu. Irailaren 12an grabatu zuten Ondarroako portuan, Eneritz Zeberio dantzariarekin, egunsentiarekin batera. Leire Ikaran eta Beñat Bidegain dira bideokliparen egileak.

Koronabirusaren ondorioz Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta konfinamendua agindu zuen egunean konposatu zuen Keu Agirretxeak abestiaren doinua. Hitzak berriz, Aiert Goenagak idatzi zituen egun gutxi batzuk geroago, telefonoz bien arteko elkarrizketa izan ondotik. “Hausnartu behar genuke momentuko paradaz, garen horretaz eta izan nahi duguna. Geruzaz geruza erantzi”, adierazi dion Goenagak Agirretxeari. Gogoeta horretatik abiatuta sortu zuen letra.

Geruzak Keu Agirretxea

Keu Agirretxearen abesti berriaren azala.

Ura eta bakea diskoan bezala, Jon Badiolarekin lan egin du Keu Agirretxeak abestiari forma emateko. Ekoizpenaz eta nahasketez arduratu da Badiola. Diskoaren sorkuntzan eta grabazioan zein bideoklipean parte hartu duten guztiak ondarrutarrak direla nabarmendu du Agirretxeak. “Lan talde bikaina izan dut ondoan, eta denak herritarrak izateak poz berezia eman dit”, azaldu du. Airaka diskoetxeak argitaratuko du abestia bihar plataforma digitaletan.

ETIKETAK:Aiert GoenagaAirakaBeñat BidegainEneritz ZeberioJon BadiolaKeu AgirretxeaLeire Ikaran