2022.03.30
Gari kantariak zuzeneko diskoa grabatuko du ekainean, eta udazkenean argitaratuko du Elkar diskoetxearen eskutik. Hertzainak taldeko kide ohiak lau kontzertu eskainiko ditu zuzeneko lana osatzeko: ekainaren 3an Lazkaoko (Gipuzkoa) Areria aretoan; 7an, Bilboko Arriaga antzokian; 10ean Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri antzokian eta 17an Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan.
Hogeita zazpi urte igaro dira Garik bere bakarkako lehen diskoa kaleratu zuenetik, Gari (Elkar, 1995), eta geroztik beste hainbat lan argitaratu ditu, baina hau izango da bere lehen zuzeneko diskoa —2002an ateratako Gari ta Otoitz Gure Alde izenburuko lana kontuan hartzen ez badugu—. Azken urteetan Maldanbera taldearekin aritu da Gari, hala diskoetan nola zuzenekoetan, eta musikari horiek lagunduko diote ekaineko lau kontzertuetan, alegia, Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoan (baxua, teklatuak eta ahotsak) eta Miguel Moyano (gitarra, teklatua, programazioak eta ahotsak). Diskoa grabatzeaz Unai Mimenza arduratuko da eta argien arloa John Luhmanen esku egongo da.