Musika

Alex Uriarte

2021.12.28

Alex Uriarte

Garai zailetan, «gau musikaren» sua

«Ia-ia nahi gabe» abiatu ziren, eta orain musika proiektu sendo bat errotu dute elkarrekin. Fernando Sapo eta Zigor Lampre kasualitatez elkartu ziren, duela bi urte, elkarrekin musika sortzeko. Hortik jaio zen Onki Xin taldea. Orain, Hikikomori albuma kaleratu dute. Lamprek musika oinarriak eta programazioa sortzen ditu; Sapok, berriz, bien artean jositako letrak abestu. Onki Xin «pandemia sasoian ernaldutako hazia» da, dio Lamprek. 2018an hasi zuten bidaia musikala: Lampreren etxean zirela, hark bere musika erakutsi zion Sapori, eta ez zen denbora larregi igaro Sapok abestientzako letrak ondu zituen arte. «Modurik naturalenean, kasik kasualitatez, elkarlanean jarri ginen martxan», gogoratu du Lamprek.

Onki Xin Berria egunk

Fernando Sapo + Zigor Lampre = Onki Xin.

«Geurean ere badagoen arren», Hikikomori hitzak Asian du jatorria: sistematik kanpo dauden sentimenez beren burua bakartzen dutenei egiten die keinu. «Hikikomori dira, adibidez, ikasketetan porrot egiten dutenak, erretiroa hartu eta zer egin ez dakitenak… gizarteari uko egiten diote, tokirik ez dutela sentitzen dutelako», azaldu du Lamprek. Fenomeno horren isla ikusi dute pandemia garaian; jendeak, etxean gotortuta, «kapitalismoaren aurpegi basatiena» bizi izan du.

Diskoa osatzen duten 11 kantuetan, «kapitalismoa saretzen duten orotariko ikuspuntuak» jorratu dituzte. “Medusse”-n, kasurako, immigranteen gaia jorratu dute; “Herri-Mekanika”-n herritarren indar batasunari «aldarri» egin diote, «egoera aldatzeko era bakarra denok biltzea eta lan egitea baita»; “Extraball”-en, ostera, ez dira itzulinguruka ibili: «You don’t hate mondays, you hate capitalism! (ez dituzu astelehenak gorroto; kapitalismoa gorroto duzu)».

Konfinamendua tarteko, etxean sortutako ideia etxean garatu da. Sapok eta Lamprek, bakoitzak bere aldetik, etxean sortu dituzte diskoko musika eta hitzak. «Oinarri instrumentalak bidaltzen nizkion Ferri, eta hark ahots melodiak helarazten zizkidan; oinarri horiekin heldu genion lanari». Murrizketak leundu zirenean, baina, aurrez aurre funtzionatzeari ekin zioten, eta Peio Gorrotxategiren Aieka estudiora abiatu ziren, albuma grabatzeko.

Hala grabazioan nola zuzeneko emanaldietan, Onki Xin proiektuak bikote formatua gainditzen du. Grabatzeko, Habi taldeko Jon Ander Artolaren laguntza izan zuten bateria jotzaile gisa, Mikel Benitorena gitarretan, Miren Urangarena hitzen moldaketetan eta itzulpenetan, eta Gorrotxategirena berarena, baxua, gitarra eta teklatuak jo baitzituen. «Kontzertuetan ere, banda txiki eta eder bat daukagu aldamenean», dio Lamprek. Izan ere, Artola eta Benito zuzenekoetako ere errekrutatu dituzte.

Dantzarako, borrokarako

Oro har musika elektronikoa lantzen dutela esan daiteke, baina haien hautu sorta are zabalagoa da. «Dantzarako eta borrokarako musika sortzen dugu». Ondorioz, ez dute zalantza egin elektronika maite duten doinu ororekin nahasteko orduan: «Fer rock-and-roll hutsa da, eta lanak, hortaz, asko du rock oinarrietatik; horrez gain, funkaren, hip-hoparen eta, funtsean, musika beltzaren ñabardura ugari ditu».

“Fer rock-and-roll hutsa da, eta lanak, hortaz, asko du rock oinarrietatik; horrez gain, funkaren, hip-hoparen eta, funtsean, musika beltzaren ñabardura ugari ditu”

Estilo oparotasunak mapan bidaiatzera eraman ditu: Berlingo Kreuzberg auzoari kanta bat gorde diote. «Saltzen den turismo eskaintzaren gerizpean, izugarri maite dugun eremu bat da Kreuzberg». Alemaniako rockaren eta hip-hoparen epizentro gisa bataiatu dute ingurune hori, eta esanahi berezia du Euskal Herriko musikari ororentzat: «Clash taberna han dago; hainbat euskal talde esku zabalik hartu dituen areto mitikoa da».Hurbilagokoak dira, bestalde, albumean kolaboratu duten egileak. Izan ere, Anari Alberdi eta Erik Berganza Abereh Hikikomori-ren lantaldean murgildu dituzte: «Ferrek aspalditik nahi zuen Anarik gurekin parte hartzea, eta, “Abbisal”-en, bere abesteko moldetik atera dugu, berezkoa duen kutsu iluna galdu gabe». Abereh, ordea, baxua jotzen jarri dute. Ferren taldekidea da Estricallan, aspaldiko ezaguna, eta “Kreuzzberg” kanta «rock doinuz jantzi du».

Bi parte hartze horiez harago, sampler-etarako, orotariko erreferenteetara jo dute bi musikariek, hala nola Nina Simoneren eta Mario Savioren grabazioetara. Baina Lampreri ilusio gehien egin dion parte hartzea bere seme Ondarrurena da: «Etxean, diskoa entzuten ari ginela, Ondarruk garrasi soinu bat egin zuen, eta asko gustatu zitzaidan; momentuan grabatzea erabaki nuen, eta, azkenean, nire kakanarrua ere diskoaren partaide da».

Etorkizuna beltz marrazten du Lamprek, zuzenean jotzeaz mintzo dela. «Gau musika gisa defini daitezkeen rockaren eta musika elektronikoaren suak murriztapen ugari ditu, egungo egoera tarteko», dio. «Gainera, pandemiarekin, bizirik irauten duten kontzertu programatzaile gehienak instituzioetakoak dira, eta ez dute interes handirik guk egiten dugun musika estiloan eta gure jarreran». Egoerak hobera egin artean, «zirkuitu ez-komertziala gure musikarekin eta izaerarekin astintzen jarraituko dugu».

ETIKETAK:AberehAnariEstricallaFernando SapoHabiOnki XinZigor Lampre