2018.11.15
Gabonak gainean dira, eta laster hasiko dira, batean eta bestean, garai eta jai egun horiei estuki lotutako kantuak entzuten. Ez dira asko izango, ordea, errepertorio hori osatuko duten abestiak, eta hutsune hori betetzera dator, neurri batean bada ere, Ur berri, urte berri, Igelaren Bandak hainbat lagunen konplizitatearekin eta Elkar diskoetxearen babesarekin argitaratu berri duen diskoa.
Orain dela urte batzuk Natxo de Felipek Bixente Martinezi egindako opari bat dago proiektu honen ernamuinean. Aita Donostiak bildutako gabon kantuak ziren, eta, haiek irakurtzean, «liluratuta» gelditu zen gitarrista. Horrek bultzatu zuen Gabonetako kantutegian arakatzera, arreta, batik bat, doinuetan jarrita. «Ez pentsa sotoetan eta liburutegi ilunetan ibili naizenik. Hemen bertan [Donostiako Elkar dendan egin du aurkezpena] aurkitu ditut hainbat ale».
Zeregin horretan, «altxor ezkutuekin» egin du topo, «doinu interesgarriekin, aukera handiak ematen dituztenekin», bai eta testuei lotutako sorpresa handiekin ere. «Ama Birjina, Jesusito… ez zaizkit interesgarriak egiten, baina Gabonei lotutako ohitura politak ere badira. Adibidez, Nafarroan bada ohitura bat. Gabon Zahar gauean iturrietara jotzen dute ume eta gazteek, urte berriko ura jaso eta gero etxez etxe ur hori eramanez kantuan ibiltzea». “Hela, hela!” eta “Urteberri-egun ona” kantuetan dago jasoa, hain zuzen ere, tradizio hori.
Diskoan hamabost pieza jaso dituzte, eta badira horien artean erlijioari zuzenki lotutakoak ere. Gaur egungo ikuspegitik begiratu die, baina, Martinezek, Bibliako pasarte batzuek eta gaur egungo egoerak paralelismoak dituztelakoan. «Errefuxiatuen gaineko albisteak irakurtzen ditugu, nola iristen diren egoera larri batean eta babes bila. Eta hori bera dago Maria eta Joseren istorioan».
“Errefuxiatuen gaineko albisteak irakurtzen ditugu, nola iristen diren egoera larri batean eta babes bila. Eta hori bera dago Maria eta Joseren istorioan”
Diskoan jatorri ugaritako kantuak bildu dituzte. Badira Resurreccion Maria Azkueren kantutegian jasotakoak (“Urteizu jentea”, “Ai, Hau gabaren preziosoa!”), Aita Donostiak bildutakoak (“Gabon etxekoandre”), Antonio Zabalaren Euskal erromantzeak liburuan agertutakoak (“Iletargi ilargia”)… eta badira jatorri ezberdinetako testu eta doinuekin osatutakoak ere. «Gaitegiaren gainetik, kantu oso politak dira. Ez dira erabat ezezagunak, baina ezagunak ere ez dira». Gabonetako kantuek beren gain duten klixeetatik urruntzen ere saiatu da. «Kantuak dira, kantu normalak zentzu horretan».
Elkarlanetik sortua
Martinezek Igelaren Bandako kideekin —Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria)— egin zituen kantuak moldatzeko lehen lanak, baina berehala gehitu zitzaizkien Xabier Zeberio (biolina, nyckelharpa eta biola) eta Julen Izarra (saxoa), eta segidan ahotsez arduratu diren bost lagunak: Izaro, Maddi Oihenart, Maite Larburu, Mikel Urdangarin eta Natxo de Felipe, Martinezekin urte luzez Oskorri-n ibilitakoa. «Parterik politena izan da hori, nola joan diren kantuak osatzen denon artean. Elkarlan bat izan da». Aste Santuan hasi ziren diskoa grabatzen Victor Sanchez teknikariarekin, eta irailean amaitu zuten lana.
Gabonetako kantuek osatzen dute bilduma, eta, horren ondorioz, egun horien atarian emango ditu Igelaren Bandak diskoa aurkezteko kontzertu bakarrak. Azaroaren 30ean Sopelako (Bizkaia) Kurtzio kultur etxean ariko dira diskoan parte hartuko duten hamar lagunak, eta abenduaren 22an Donostiako Viktoria Eugenian errepikatuko dute. Eta Gabonak urtarrilean itzaltzen diren bezala, Igelaren Bandak ere atseden hartuko du Ur berri, urte berri lana aurkezteari dagokionez, behinik behin.
Hurrengo Gabonak arte.