Musika

Nora Arbelbide

2018.04.04

Nora Arbelbide

Folkaren altzoan

Xabi Etxeberri biolin jotzaileak ehun metroko lasterkaldirako prestatzen ari den kirolariaren performantziarekin konparatzen du Paco Etxebers Paco-ren (Irulegi, Behe Nafarroa, 1980) Denbora disko autoekoitzia. Prestaketarako urteetako lana behar izan du, detaile bakoitza aitzinetik kalkulatuz, «perfekzionista» baten moldean; gero, grabaketan, lasterraldi bat balitz bezala, kolpe bakar batean dena eman du. Eta hori izan da emaitza.

Paco

Paco Etxebers, Donibane Garaziko Gaztetxean, joan den larrazkenean. (Bob Edme)

Denbora diskoak badu horretarik. Gaur egungo teknikek disko perfektu baten ateratzeko aukera ematen ahal badute ere —eta horretaz badaki zerbait Etxebersek, soinu teknikaria baita—, Pacok ez du horrelakorik erabili bere diskorako. Soinu teknikari gisa ere ezagutua da haren perfekzio gustua, hain zuzen. Zenbait mikro dauzka zakuan, gelaren arabera lortu nahi duen soinuaren araberako mikroa hautatzeko.

Bada, hori dena menperaturik ere, artistak badu hauskor agertzeko indarra ere. Folkaren altzoan, gitarra du lagun, bereziki, eta ahotsa. Paco eta Marieder taldea ezagutu dutenek ezagutuko dute haren ahotsa, eta bere gitarraren soinua eta jokoa. Zenbait lagunek eskukaldia eman diote: dela Etxeberri biolin jotzailea, Aguxtin Alkhat, kantu baten hitzetarako, edota Elorri Lambert, haren ahotsarekin, “Zure irria” kanturako.

Gezurrik ez diskoan. Eta hori bada bere indarretako bat. Egiten duena egiten duela, entzulea hunkitzeko bidea errazten duela. Baina, bestalde, hori: esperientzia luze baten miraila ere bada diskoa. Menperatzen du afera Pacok, baita gitarra jotzeko moldean ere. Picking izeneko teknika erabiltzen du anitz, Mikel Laboak egiten zuen bezala. Laboa preseski erreferentzietako bat du Pacok. Begi keinu bat ere egiten dio diskoak, musika hutsezko doinuekin, Laboak egiten zituen bezala. Laboak eragina izan zuen Pacori euskara ikasteko sortu zitzaion gogoan ere. AEKn ikastaldi labur bat egin, eta hurbileko lagun batzuei euskaraz hitz egiteko eskatu zien. Horrela hasi zen Paco. Diskoak badu hasierako garai horietan idatzi zuen lehen euskal kantua: “Haizegoaren oihua”. Paco eta Marieder taldean jadanik arrakasta izan zuen. Hemen bakarrik kantatzen da. Gainerako kantu gehienak ere Pacok ditu idatziak, hamarnaka. Hautatzea izan da kontua. Diskoan parte hartu dutenek lagundu dute horretan. Etxeberri bera gogoratzen da nola 30 kanturen artean hautatu eta bertan biolina sartzeko parada eman zion.

Urteak dira diskoa prestatzen ari dela. Ez agian diskoa bera, zehazki, baina urteak dira Paco bakarka ari dela, nahiz eta parareloki beti aritu zenbait taldetan, baita metal taldeetan ere. Ez da usu agertu bakarrik publikoki, baina beti izan du alde hori. Etxean berean. Gitarra egunero ukan du ondoan. Eta egunero jo du, eta jotzen du. Diskoa ibilbide luze horren biribiltzeko manera bat ere bada. Denbora du izenburua diskoak, eta ez da kasualitatea. Denboraren kontu horren metafora haren gitarrak berak irudi dezake. Urteek gitarra hobetzen dutela baieztatu du Pacok. 9 urtetan erosi zuen gitarrarekin grabatu du diskoa, eta horrekin ari da zuzenean ere. Zuzenekoetarako ere, hain zuzen, denbora hartzen ari da Paco. Ez ditu zuzeneko anitz, eta, dena den, ez ditu sobera nahi. Berriki Itsasun (Lapurdi) emana behar zuen bat, baina azkenean deuseztatu egin dute. Orain, ikusteko dago noiz emanen duen beste bat.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatElorri LambertMikel LaboaPacoPaco eta MariederPaco EtxebersXabi Etxeberri