2020.01.22
Iaz Ruper Ordorikarekin egin zuen bezala, Bilboko Loraldia jaialdiak ibilbide luzeko musikari bati eskainitako gaualdia antolatu du aurtengo egitarauaren barruan. Oraingoan Fermin Muguruza izango da protagonista eta hura hartuko dute gogoan beste hainbat musikarik Muguruza mani-fest ekitaldian. Mad Muasel & La Tokokera Kumbia Power, Juantxo Arakama (Glaukoma) & Asmathic Band eta Nerea Erbiti, Ion Celestino & Eskola Ergatiboa izango dira Muguruzaren abestiak “berrikusiko” dituztenak martxoaren 28an Bilboko Kafe Antzokian. Izar & Star zikloarekin lankidetzan antolatu du Loraldiak emanaldi hau.
Horrela dio Loraldiak ekitaldia aurkezteko zabaldu duen testuak:
“Fermin Muguruza dugu ikusmiran. Euskal musikaren esploratzaile iraultzailetako bat. Irungo berritzaile nekaezinari begira, kolpez kolpe, beste hiru sortzaile eraberritzaile jarri ditugu. Kortatu, Negu Gorriak eta Fermin Muguruza izenekin plazaratutako hamaika kantuk buelta bat izango dute. Ez da omenaldirik, gure bizitzaren soinu-banda izan diren kantuen berrikusketa baizik. Neo-soul, reggae, rap, dancehall, kumbia… entzungo dira gaueko giroan. Muguruza komandante zaharra gaurko garaietara ekarriko dugu. Jakin badakigu Ferminen kantak ez direla sekula zahartzen. Horregatik, manifestu berri bat idatzi nahi izan dugu eta festa baten bidez eskaini. Ateak ireki, gora Herria! Erdu, Muguruza Mani-Festara!”
Loraldia jaialdia martxoaren 10etik 29ra bitartean egingo dute, eta, ohi duenez, arte diziplina askotariko sorkuntza lanak eskainiko ditu Bilboko hainbat gunetan. Musikari dagokionez, Muguruzaren inguruko ekitaldiaz gain, Mikel Urdangarinen kontzertua —martxoaren 12an, Arriaga antzokian—, Petti eta Harkaitz Canoren Manipulazio estrategiak emanaldia —Noam Chomskyren Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak testuan oinarrituta dago eta martxoaren 15ean eskainiko dute Guggenheim museoan, diskoa argitaratzeko bezperan, Juantxo Zeberiok eta Et Incarnatus orkestrak lagunduta—, Thierry Bizkariren Muda lan berriaren aurkezpena —martxoaren 20an, Azkuna Zentroan—, Alos Quartet-en 20. urtemuga ospatzeko kontzertua —martxoaren 21ean, Euskalduna jauregian—, eta Muga taldeak Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuan oinarriturik iaz kaleratu zuen diskoaren zuzeneko emanaldia —martxoaren 25ean, Euskararen Etxean— antolatu ditu Loraldiak.