1984ko ekainaren 20an kaleratu zuen Kortaturen lehen maketa Irunen. Geroztik, berrogei urte igaro dira; berrogei urte munduaren B aldea dantzan jarriz, berrogei urte lehen lerroan.
Lau hamarkada hauetan punka, rocka, reggaea, duba, hip-hopa, soula, drum&bassa, funka eta aurrean jarri zaion ezein musika estilo metabolizatu, eta kantuan, oihuka eta ostikoka ipini ditu hainbat belaunaldi. Faxismoa, hipokrisia edo burges madarikatua bezalako hitz itxuraz kantaezinak dantzarazi ditu, Bertolt Brecht, Mikel Laboa, Angela Davis, Rosie Perez, Malcolm X eta Sarri koreografia ezin pertsonalago horretara gonbidatuz. Ez gaudelako bakarrik eta ez dugulako bakarrik egon nahi, Fermin Muguruzak konexio zoroenak behartu ditu han eta hemen, eta munduko zoriona arto ale batean kabitu daitekeen gisan, munduko herri guztiak gure kantoi honetan kabitzen direla frogatu du behin eta berriz. Horrela, “Gora herria!” oihukatzen dugunean, ez dakigu zehazki zein herriri buruz ari garen, eta ez jakite horretan datza, benetan eta sakonki, honen guztiaren muina.
Nike-k Just do it leloa atera zuenerako, geuk, Do it yourself bazegoela ikasita geneukan Esan Ozenkiri esker. Zeren, Fermin Muguruza ez da bakarrik zer, baita ere da nola: gauzak zein modutara egin daitezkeen erakutsi digu hainbati, nola izan geure buruaren jabe, nola eutsi koherentziari edota izan nahi genukeenari garai ketsu hauetan.
Fermin Muguruza naturaren indar arraro bat da, nahi ez baduzu ere arrastaka eramango zaituena. Hori dela-eta saldu dira minutu gutxi batzuetan abenduan egingo dituen bi kontzertuetarako milaka eta milaka sarrera. Jarraian etorriko da munduari bira hamaika kontzertutan.
Inork ez dezala pentsa nostalgia denik: kontzertu kuantikoak izango direla aurreikusten da, non espazio berean garai ezberdinetako niak elkartuko diren, non kronologia linealaren diktatura suntsituko den, non izan ginena, garena eta izan gaitezkeenaren arteko espazioa birrinduko den, non onak eta txarrak urtu egingo diren, non, finean, bizitza den anabasa ospatuko den.