2021.03.12
Joan den urteaz geroztik Fenix Tour izeneko bira egiteko ahaleginetan aritu da Anestesia, baina iragarritako datak behin baino gehiagotan atzeratu behar izan ditu pandemiaren ondorioz. Azkenean, bira bertan behera uztea erabaki du, “zuzeneko musika egiteko ditugun zailtasunak ikusita“. Datozen hilabeteetarako lau kontzertu iragarrita zituen Zarauzko taldeak: apirilean, Totem aretoan (Atarrabia, Nafarroa), maiatzean Bilboko Kafe Antzokian (itxita dago aretoa iazko martxoaz geroztik) eta Atabal aretoan (Miarritze, Lapurdi), eta ekainean Doka aretoan (Donostia). Saldutako sarreren dirua bueltatu egingo zaiela erosleei azaldu du taldeak.
Egoera argitu bitartean, “lokalean entseatzen” jarraituko duela azaldu du Anestesiak, “taldea bizirik dagoelako, eta laster berriro elkar ikusiko dugun itxaropenarekin”.