2021.06.04
Badira bi urte hainbat taldetan aritutako lau musikari elkartu zirela proiektu berri bati ekiteko asmoz. Oinarrian, Eñaut Gaztañaga musikariaren eta soinu teknikariaren kantu batzuk zeuden orduan. Grises taldeak etenaldi bat egin zuenean, berak bazeuzkan rock abesti batzuk eginda, euskaraz, eta horiek argitaratzeko talde bat sortzea erabaki zuen. Arrimatu zituen Xabi Arrieta bateria jotzailea (Bulego), Juanjo Berasain abeslaria (Los Moths) eta Unai Eizagirre baxu jotzailea (Voltaia). Aurten, Janardana Iglesiasek ordezkatu du Arrieta. Kolpatu topatu bigarren diskoa aurkezten ari dira azken boladan; lehenengoaren ezpalekoa, baina zur trinkoagokoa.
2019ko udaberrian kaleratu zuten Ezpalak izeneko estreinako diskoa. 1990eko hamarkadako rock alternatiboaren soinua landu zuten, batez ere. Bederatzi kanta zituen, gehienak Gaztañagak lehenago sortuak: «Beste pare bat moldatu genuen, entsegu batzuk egin, eta diskoa grabatu genuen», azaldu du berak. Azkar joan zen dena. Kontzertuak ematen ari ziren, eta kideen asmoa zen haien beste taldeen arabera egokitzea ibilera. «Pixkanaka, ikusi genuen oso gustura ari ginela jotzen elkarrekin eta kontzertuak irteten zirela, eta, azkenerako, gure proiektu nagusia bihurtu da».
Disko berriko kantuak grabatzen hasiak ziren iazko itxialdia ezarri zutenerako. Kantu bat grabatu zuten, udari begira EP bat ateratzeko asmoz, baina konfinamenduak eten zuen hori ere. Bakoitzak bere etxean jarraitu zuen musika sortzen eta egindako kantuak egokitzen. «Konturatu ginen disko bat egiteko material nahikoa geneukala. Konfinamendutik atera ginenean, berehala hasi ginen disko hau grabatzen, pentsatu gabe noiz aterako zen». Iazko ekainean kaleratu zuten lehen singlea: “Itzala”. Arrakasta handia lortu zuen.
«Gustatzen zaigu gure rock energia horren barruan errepikak izatea eta melodia zaintzea; horri garrantzi handia ematen diogu, eta justu abesti hori, “Itzala”, pop kutsurik nabarmenena dutenetako bat da», Gaztañagaren hitzetan. Diskoari bi alde sumatzen dizkio berak, abesti batzuk melodikoagoak baitira, eta besteek, berriz, gehiago dutelako punketik edo rocketik. “Itzala” izan zen lehen multzo horretatik argitara eman zuten aurrenekoa. «Ez genuen uste horrelako oihartzunik izango zuenik, baina oso gustura geratu ginen jendearen erantzunarekin». Haren atzetik iritsi dira “Tristura” eta “Zatoz”, besteak beste, eta horiek ere asko zabaldu dira.
Kolpatu topatu-ren grabazioa Zestoan (Gipuzkoa) egin dute, aurrekoa bezalaxe, Gaztañagaren Gaztain estudioan. Ekoizpenean izan da aldaketarik, baina, lehenarekin konparatuta. Lehenengo diskoa azkar egin zuten, eta taldekideek ez zuten horren ondo ezagutzen elkar, musikari dagokionez. «Esan genuen: zer gustatzen zaigu denoi? 1990eko hamarkadako taldeak, grungea, soinu mota hori, eta joan ginen egitera disko klasiko moduko bat soinu aldetik». Ondoren, ordea, ikusi zuten zuzenekoetan taldeak soinu punkagoa zuela eta beste musika mota batzuetan ere bazutela interesa.
Elementu berriak probatu nahi izan dituzte ekoizpenean: «Badaude psikodelia kutsuko sintetizadore batzuk, perkusioak… Orokorrean, gaur egungo ekoizpen bat nahi genuen, eta, aldi berean, aurrekoak baino amorru biziagoa izan zezala». Gaztañagak lau musikarien nortasuna ikusten du diskoan islatuta.
“Esan genuen: zer gustatzen zaigu denoi? 1990eko hamarkadako taldeak, grungea, soinu mota hori, eta joan ginen egitera disko klasiko moduko bat soinu aldetik”
Eragin berrien artean post-punk britainiarra nabarmendu du berak: Idles, Fontaines D.C. eta Foalsen azken diskoko ekoizpena, besteak beste. Eta gero, «betikoak»: Dinosaur Jr., The Smashing Pumpkins… Gitarren soinuaren atzean rock alternatiboa dago.
Kontzertuetarako gogoz
Lehen diskoa haiek ekoitzi zuten, eta bigarrenarekin gauza bera egiteko asmoa bazuten ere, Ayuken etxeko managerrari bururatu zitzaion Last Tour enpresaren Oso Polita zigiluari bidaltzea diskoa kaleratzeko proposamena. Haiek onartu egin zuten, eta, azkenerako, hiru aldeen arteko elkarlan bat osatu dute, Gaztañagaren hitzetan.
Kolpatu topatu izena honela azaltzen du berak: «Batetik, saiatzen gara gure zuzenekoak kolpe bat izan daitezen, sendoak, eta, bestetik, ikusten genuen taldeak kolpe bat emateko garaia zela: gauza asko ari dira pasatzen, eta zain egon beharrean, kolpe bat eman nahi genuen, horrek eragin bat sortzeko».
Zuzenean aurkezten aritu dira azken hilabeteetan, eta Gaztañaga ez da nekatu kantuak jotzeaz: «Normalean, diskoa egin eta handik denbora bat pasatu eta entzutean, pentsatzen duzu: ‘Hau ezberdin egingo nuke’, ‘hurrengorako hau hobetu behar dugu’… Eta disko hau, aspaldi grabatu bagenuen ere, freskoa iruditzen zaigu oraindik». Taldekideak gustura daude lortu duten soinuarekin eta egindako ekoizpenarekin.
Nahi baino gutxiago, baina ari dira kontzertuak ematen, gainera. Hurrengoak Donostiako Dabadaba aretoan egingo dituzte, bihar, 17:30ean eta 19:30ean. Bi saioetarako sarrera guztiak saldu dituzte. Dena dela, Gaztañagak badu lehengo kontzertuetara itzultzeko gogoa, areto txikietan jo eta entzuleak gertu edukitzekoa. Izan ere, nabari zaie hori dutela lehentasuna: «Zuzenekoan pentsatuta egiten ditugu gauzak, batez ere».