2021.03.24
Ezpalak taldearen lan berriak badu, azkenik, kaleratze data: apirilak 23. Egun horretan ikusiko du argia Zestoako (Gipuzkoa) laukotearen bigarren diskoak, Kolpatu Topatu izenekoak. Oso Polita zigiluak eta Ayuken management etxeak elkarrekin argitaratutako lehen erreferentzia izango da eta LP eta CD formatuetan argitaratuko da.
Halaber, diskoaren lehen aurkezpen kontzertuak iragarri ditu taldeak. Zestoako gaztetxean irekiko du bira apirilaren 17an eta 18an (lehen eguneko kontzerturako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko), eta ondoren Gernika-Lumon (apirilaren 24an, Iparragirre elkartean), Donostian (FNAC dendan, apirilaren 30ean), Bergaran (Seminarixoan, maiatzaren 8an) eta Tolosan (Bonberenean, maiatzaren 15ean) joko du.
Juanjo Berasain (ahotsa), Unai Eizagirre (baxua), Eñaut Gaztañaga (gitarra) eta Janardana Iglesias (bateria) —Xabi Arrieta ordezkatu du— dira taldeko kideak. 2019an lehen diskoa atera zuen taldeak, 90eko hamarkadako rock alternatiboaren eraginpean, eta oraingoan ildo horri eutsi dio: fuzz gitarrak, psikodelia kutsuak, noisea, riff indartsuak, punk boladak eta “halako pop malenkonia bat” bildu ditu diskoan, baina soinua “irmoagoa” da eta ekoizpena “eguneratuagoa”, taldekideek azaldu dutenez. Lagin gisa, hiru abesti aurkeztu ditu taldeak aurreko hilabeteetan: “Itzala”, “Tristura” eta “Hegan edo hilik”. Diskoak zortzi abesti biltzen ditu.
Diskoaren izenburuari dagokionez, zera azaldu du taldeak: “Bilatzen baduzu, topatuko duzu. Kolpatu Topatu kolpe bat da mahai gainean, ‘hemen naiz’ irmo bat, alegia. Ez dago saririk aurretik gogor eta gogoz lan egin barik”. Ildo beretik, diskoaren kontzeptuak “erakarpen-mugimendu” bati dei egiten dio, horixe baita lan honen intentzioa eta esanahia. “Ez dauka zentzurik aldaketaren zain egotea; horren alde egin behar baita. Une honetan aurrerapauso bat eman eta nahi dugun horrengatik borroka egin behar dugu. Lan honen bitartez, ondorengoa adierazi gura dugu nolabait: Kolpatu ala hil”, erantsi du Ezpalak.