2018.11.24
Euskaraldia hasi berritan, eguzki izpien distira igartzen da ahobizi eta belarripresten paparreko txapetan. Eguzkiaren babesean, aldiz, beste pertsonaia batzuk dira protagonista Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernan: «Belarrimotzak». Maketoak, mantxurrianoak, koreanoak, hezurbeltzak. Francoren garaian, hala esaten zitzaien Euskal Herrira etorritako migratzaileei. Hezurbeltzak iruditu zaie guztien artean politena, eta izen horrekin sortu dute musika taldea Gorka Hermosak, Jon Maiak eta Jesus Prietok, Pitti-k. Atzo aurkeztu zuten izen bereko diskoa: hamahiru kantatan bildu dute taldearen unibertso partikularra. DeepSoda zigilu berriarekin kaleratu dute.
ELE! Lorca-Lauaxeta antzezlanean ezagutu zuen elkar hirukoteak, eta harreman estua egin dute ordutik. «Lorcaren eta Lauaxetaren semeak» direla dio Maiak, eta kontzeptu horren bueltan eraiki dute haien proiektua, bi identitateren eta bi kulturaren artean kantuan. Egungo testuinguruan, «gero eta laino beltz gehiago dituen Europa xenofobo honetan», beste balio batzuk aldarrikatzera iritsi dira Hezurbeltzak, «kantuz, eta, gainera, umorez».
Ez dira musikari gutxi igaro grabaketa estudiotik, baina hirukotea da taldea, eta hirukotean emango dituzte kontzertuak. Maiak jarri dio ahotsa taldeari, eta hark idatziak dira diskoko kantu gehienen hitzak ere. Musika, berriz, Hermosa akordeoilariak eta Prieto gitarristak —baxu eta perkusio jotzailea ere bada diskoan— sortu dute. Orain egun gutxi, munduko akordeoi konposizio onenenaren saria eman zioten Hermosari; laugarrena, sei urtean. Prieto Bartzelonan aritzen da irakasle, Musika Goi Eskolan. Talde askorekin jo izan du gitarra: Los Secretos, La Cabra Mecanica, Celtas Cortos… Baita Manolo Escobarrekin ere; «horrek grazia handiagoa dauka», Maiarentzat.
«Heroi anonimoak»
Maiaren alboan, lanaren «inspirazio nagusia» direnak: «Gure bidearen argia, heroi anonimoak». Migrazioarekin bere istorioa du bakoitzak. «Etxean bezala» hizketan, Agus Rodriguez Rekalde tabernako nagusia. Francoren diktaduran, Andaluziatik (Espainia) etorri ziren gurasoak Euskal Herrira. «Etorkin horiek euskara maitatzen irakatsi ziguten». Rodriguezen etxean, entzuten ziren Pantxoa eta Peio, Oskorri, eta Gorka Knorr, Rocio Juradorekin batera. Hamar senide dira, eta gaztelania zuten hizkuntza ia bakar. Gaur egun, «bakoitzaren ahaleginari esker», gehienak dira euskaraz bizitzeko gai.
Amets Arzallus bertsolariak ekarri ditu euskarara Romeo migratzailearen hitzak. Kristaua da bera, eta, aitak musulman bihurtzera behartu nahi zuelako, 2015ean utzi zuen Boli Kosta. Zeharkatu zuen Maliko basamortua, eta torturatu ere egin zuten bidean. Aljerian egon zen, handik Marokora, eta bi urte Nadorko basoan. Hemeretzi aldiz saiatu zen itsasoa zeharkatzen; hogeigarrenean lortu zuen. Azkenean, uztailean iritsi zen Irunera (Gipuzkoa) , eta ezagutu zuen hango Harrera Sarea. «Babestuta sentitu da» Euskal Herrian, eta euskara ikasteko asmoa ere badauka.
Iruñean, Hezurbeltzak Gorka Hermosaren “Gernika” pieza jotzen ari zirela, «ni han egon nintzen» esan zuen emakume batek. Paquita Bretos zen, 91 urte ditu, eta bizirik atera zen Gernikako bonbardaketatik. Urteek ez diote memoriari kalte egin, eta zehaztasun handiz oroitzen du haren ondoan bonbardaketako metrailak besoa eraman zion neskatilaren soineko zuria. Mendizale porrokatua, estraperloan ibili zen gerraostean, baita mugalari lanetan ere: «Gurdian ere pasatu nuen jendea, lasto azpian ezkutatuta».
Horrelako istorioak hartu eta harilkatu ditu Hezurbeltzak taldeak, «disko sailkaezin» batean. Maiak 1997ko Bertso Txapelketa Nagusian abestu zuen azken agurra ere sartu dute diskoan, hor baitago diskoaren ideia ere: «Denek kantatu dute/ nere ahotik».