Musika

badok

2015.11.18

badok

“Ez nago lo”, U.K. Billen bideoklip berria

Duela hamar urte, Hendaiako Kanttu tabernan, eman zuen U.K. Bill-ek bere lehen kontzertua. Hartaz taldekideek duten oroitzapena emanaldiaren ondorengoa da. “Kontzertua bukatu zen eta lagunek musika tresnak lokalera bueltan eramaten lagundu ziguten. Batzuk gitarrak hartu zituzten, beste batzuk bateria… Azkenean denak joan ziren eta gu tabernako atean gelditu ginen, musika tresnen erdiarekin, itzultzeko autorik gabe… Gure artean oraindik ez ginen oso ondo antolatzen, kar, kar”.

Urteurrena ospatzeko hamar kantu berri grabatu ditu Donostiako laukoteak, Ez nago lo izeneko diskoa osatuko dutenak. Diskoa abenduaren 1ean kaleratuko dute, baina diskoari izenburua ematen dion kantuaren bideoklipa estreinatzen dugu gaur BADOK atarian. Unai Aranak —taldeko managerra— zuzendu du lana, eta Lander Ayllonek egin du animazioa, Iñaki Chicoren eta Aranaren beraren gidoi batean oinarritua. Taldekideez gain, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa azaltzen dira aktore lanetan.

Utikan, Asgarth edota Lauroba taldeetan, besteak beste, aritutako lau musikarik sortu zuten U.K. Bill: Rafa Cabeza (ahotsa eta gitarra), Oier Txoperena (gitarra), Unai Corral (bateria) eta Iker Lauroba (baxua). Laukote horrek grabatu zituen taldearen lehen bi diskoak —U.K. Bill (2007) eta Paradisu sekretua (2009)—, eta duela bost urte inguru Iker Iparragirrek ordezkatu zuen Lauroba. Maite/Gorroto hirugarren diskoa plazaratu zuten 2012n, aurreko biak bezala taldeak berak sortutako Añorghetto Records zigiluarekin. Diskotik diskora, “egindakoetatik ikasten saiatzen gara, eta ahal den neurrian, aurrekoak hobetzen”, azaldu dute taldekideek.

U.K.BILL Taldea

Rafa Cabeza, Unai Corral, Oier Txoperena eta Iker Iparragirre, U.K. Bill (2015).

Joan den astean grabatu dute Andoaingo Garate estudioan Ez nago lo laugarren diskoa osatuko duten kantuen bigarren multzoa. Izan ere, diskoa bi alditan grabatzea erabaki dute. “Aurreko diskoa 20 egunetan jarraian grabatu genuen eta astuna egin zitzaigun. Gero plazaratzen duzu eta kitto. Hor bukatzen da bere ibilbidea. Disko honekin grabaketa fase motzagoak egin ditugu freskoago egoteko eta momentu bakoitza ondo disfrutatzeko. Bestetik, urtean zehar kantu berriak eskaintzen joan gara bideoklipen laguntzarekin. Urte osoan zarata egiteko era bat da. Txiklea luzatzeko. Ez dakit lortu dugun edo ez, baina hau egiteko modu desberdina bilatu nahi izan dugu…”. Kantu berrietako bat, “Gure hitza”, Irutxulo Hitza-ren 10. urteurrenerako sortu zuen taldeak, eta bideoklip baten bidez zabaldu zuen duela hilabete batzuk.

Martxel Arkarazo soinu teknikariarekin lan egin duten bigarren aldia izan da, eta horrek erraztu egin du grabazioa. “Martxelek hobeto ezagutzen gaitu orain eta nahi genuen soinua azkar aurkitu dugu. Denbora gehiago izan dugu abestiak ekoiztu, estudioan jolastu eta gauza berriak frogatzeko. Aurreko diskoetan nahiko itxita eramaten genituen abestiak lokaletik. Hauek estudioan bukatu ditugula esan dezakegu. Sentsazio onak uzten dizkigu disko honek. Oso gustura ibili gara Garateko familiarekin, eta orokorrean beste aurrerapauso bat dela uste dugu”.

Hamar urte eta gero, “momentu onean” dago U.K. Bill. “Proiektu berriak aurrera eramateko ahalmena dugu baina aberats egin gabe… Esan daiteke aberatsak garela baina beste zentzu batean”. Kantu berriak zuzenean jotzeko irrikan da taldea, diskoa prestatzeko apenas eman baitu kontzerturik aurten. Asteburu honetan bertan eskainiko dute Ez nago lo birako lehen emanaldia, U.K. Billen jatorrizko auzoan, Añorgan.

U.K. BILL-EN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Azaroak 21: Donostiako Añorga auzoko zinema aretoan
  • Abenduak 6: Durangoko Azokako Ahotsenea gunean
  • Abenduak 11: Donostiako Le Bukowski tabernan
  • Urtarrilak 16: Donostiako Gazteszena aretoan, Ttan Ttakun irratiaren festan
ETIKETAK:AsgarthLaurobaMartxel ArkarazoU.K. BillUtikan