2023.03.03
Eguneroko bizitzaren alde argiak zein ilunak eraman ditu Janus Lester talde eratu berriak Ez gaitzala loak harrapatu bere lehen diskora. «Lotan baino gehiago, ametsetan harrapatu gaitu diskoak», dio, hala ere, taldeko abeslari Jokin Pinatxok. Hala egin du diskoaren argazkia: «Egungo garaietara egokituko zen musika bat egin nahi genuen; bai doinuen aldetik, eta baita hitzen aldetik ere. Eguneroko gauza guztien A eta B aldeak islatu nahi genituen abestietan; alde alai zein ilunei buruz kantatu, baita tartean egoten diren eta presaka eta noraezean mugitzen gaituzten ate birakariei buruz ere». Horixe islatzen du, hain zuzen, diskoaren izen bera duen kantuak: «Ate birakariak/ bueltaka dirau/ noraezean/ lekutik mugitu gabe/ banoa eta banator/ ez noa inora/ inertziak/ ibilarazten nau».
Bederatzi abesti jaso dituzte diskoan: DAP DAP, Maitasuna tabu, Orain, Gazi Gozoak, Ihes, Zurriola, Anai, Udazken egun hura eta Ez gaitzala loak harrapatu. Melodia dantzagarriak eta itsaskorrak dira gehienak, baina badira doinu eta hitz ilunagokoak ere; Udazken egun hura, esaterako, Pinatxok osabaren heriotzari idatzitakoa. «Egun gogorra izan zen niretzat, eta uste dut garrantzitsua dela halako kontu eta emozio ilunak kantuz adieraztea».
Pinatxok konposatutakoak dira doinu guztiak eta hitz gehien-gehienak. Bakoitza bere aldetik sortzen du, eta gero bihurtzen ditu kantu. «Musika egiten dut lehendabizi, eta, behin musika prest dudanean, doinu hori nire bizitzako zein momenturen soinu banda izango litzatekeen pentsatzen dut. Orduan hasten naiz abestiaren hitzak idazten».
Askotariko musika tresnek laguntzen diote diskoan; harekin batera sei musikari baitira taldean: Garazi Esnaola (teklatua), Mattin Arbelaitz (bateria), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia), Ane Bastida (baxua) eta Javier Etxarri (gitarra).
Janus Lester. Hala izendatu dute taldea. «Buelta asko eman nizkion», aitortu du Pinatxok. Hasiera-hasieran, taldeari bere izena jartzearen aldekoa zen, Jokin Pinatxo, baina baztertu egin zuen. «Egokiagoa iruditu zitzaidan beste izen bat jartzea; nahiz eta proiektuaren zama handiena nik eraman, talde bat gara». Fikziozko izen bat jartzea erabaki zuen azkenik, «pertsonaia kuttun bat» hartuta erreferentziatzat. «Bi izen elkartzea erabaki nuen. Lester [Young] saxofoi jotzaile baten izena da, eta Janus, berriz, hasiera bat irudikatzen duen erromatar mitologiako jainkoa».
Pinatxok badu eskarmentua musikan. Berako (Nafarroa) Azken Trena rock taldean aritu zen aurretik; ikasketak zirela medio, baina, utzi egin behar izan zuen. «Lan berri batekin hasteko beharra sentitu nuen, baita ordura arte egiten nuen musikatik pixka bat aldentzekoa ere. Zerbait pertsonalagoa egin nahi nuen». Hala, orain dela hiru urte hasi zen, bere kasa, Ez gaitzala loak harrapatu diskoan ondu dituen kantuak idazten.
Argi du, «oraingoz behintzat», ez dutela estilo jakin batekin definituko taldea; askotariko estiloetan aritu nahi baitute. «Ez nuke nahi Janus Lester estilo jakin batekin lotu. Probatu nahi ditut estilo desberdinak, eta horien arteko nahasketa bat egin».
Zuzeneko emankizunak
2022ko azaroaren 30ean egin zuten diskoaren aurkezpena, Donostiako Dabadaban; Durangoko Azokan aurkeztu zuten ondotik, eta hainbat txokotan izan dira harrezkeroztik. «Ari gara, poliki-poliki, agenda betetzen». Gaur, hain zuzen, Iruñeko Txintxarri aretoan izango dira iluntzean, eta hilaren amaiera aldera, martxoaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian joko dute.
Pinatxo: «Disko bat sortzeak bere lana du, baina publikoa zure kantuekin dantzan eta kantuan ikustea bezalakorik ez dago». Azaldu du askotarikoa dela euren kontzertuetara joan den jendea, eta hasieratik izan dutela hori helburu. «Ez zait gustatzen adin tarte jakin bati zuzentzea nire kantuak. Nik musika egiten dut; beraz, gustuko duenak entzun ditzala».