Musika

Jon Eskisabel

2015.11.09

Jon Eskisabel

Ez diote joaten utziko

Musika eta hitzak tartekatuz, kantuak abestuz eta despedidako mezuak irakurriz, Amaia Apaolazarekin lan egin zuten taldeek omenaldi soila eta ederra egin zioten uztailean minbiziak jota zendutako musikari eta managerrari, igande iluntzean Ordizian (Gipuzkoa). Akeita enpresako arduraduna zen Apaolaza, eta besteak beste Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Joseba Tapia, Esne Beltza, Gose eta Niña Coyote eta Chico Tornado-ren kontratazioa eramaten zuen. Goseko Ines Osinagak nabarmendu zuenez, izen horiek denak biltzeko gai izan den pertsona “ez da edozein”. Aipatutakoez gain, Betagarri, Arkada Social eta Kaotiko taldeek ere parte hartu zuten omenaldian, eta Iñaki Muruaren bertso banak ireki eta itxi zuten ekitaldia, mukuru betetako plazan.

apaolaza

Amaia Apaolazaren omenaldian erabilitako irudia.

Negu Gorriak berriz oholtzan, horra hor omenaldiak utzitako irudietako bat. Bost taldekideak —Fermin eta Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Mikel Abrego— eszenatokian elkartu ziren hainbat urteren ondoren –jendaurreko azken saioa 2001ean eman zuten— eta Esne Beltza taldekoen laguntzaz “Gora Herria” abestia eman zuten. Ia bi orduko ekitaldiari ginga jartzeko gordetako sorpresa zen.

Momentu hori jasotzen du Josu Odriozolak grabatutako bideoak.

https://youtu.be/Q-apIvUSU4o

Baina horren aurretik beste hainbat gauza gertatu ziren. Ruper Ordorikak zabaldu zuen emanaldi laburren sorta, horrelakoetarako propio egindakoa dirudien kanta batekin: “Lagunaren heriotza” —hain zuzen, Mikel Errazkin zenaren omenezko Bidean aurkitu zintudan diskoan grabatu zuen abesti hori, Luigi Anselmiren letrarekin—. Lutxo Neirak lagundu zion kontrabaxuarekin kantu hori ematen, eta ondoren Arkaitz Miner (biolina) eta Hasier Oleaga (bateria) batu zitzaizkien. “Agurraren lezioa” jo zuten segidan —Ordorikak gogoratu zuenez, Apaolazak berak grabatu zuen kantu horretan entzuten den akordeoia—, eta Lurrean etzanda azken diskoko “Egia da” kantu baikorrarekin biribildu zuten saioa.

Eszenatokiaren atzealdean lanean, “zorrotz baina beti goxo”, oroitu zuen Joseba Tapiak Apaolaza. Xabier Berasaluze Leturia-rekin batera, “Maitatzen zaitudalako”, oraindik izenbururik ez duen pieza berri bat eta “Elgeta” eskaini zituen trikitilariak. Beste bikote batek hartu zion txanda hurrengo minutuetan, Niña Coyote eta Chico Tornadok. Pieza instrumental bat eta “Lainoa” jo zituzten donostiarrek, lehen distortsio hotsak ekarriz omenaldira. Ekitaldiak aurrera egin zuen Betagarri, Arkada Social eta Kaotikoren saio laburrekin. Esne Beltza taldekoentzat Apaolaza “lehoi ama” bat bezalakoa zela, behar zuten hura beti emateko prest zegoela esan zuen Xabi Solanok. Bi kantu eman zituen Esne Beltzak: “Malko bakoitzeko” eta “Gogoak”.

Omenaldiko une goren eta hunkigarrienetako bat Gosek eskaini zuen, Gosariak diskoko “Errua” kantua letra aldatuta jo zuenean. Ines Osinagak azaldu zuenez, Goseren azken proiektuen “kapitaina, motorra, aingura eta lemazaina” izan zen Apaolaza, eta hark jarri zituen harremanetan Joseba Sarrionandia eta taldea. Harreman horretatik sortu zen gero Gosariak disko-liburua. Lan hartarako Sarrionandiak idatzitako testuen artean Ez nazazu utzi, tristura izenekoa zen Apaolazaren gustukoena, baina gero idazleak hura baztertu eta Errua izenekoa sartzea erabaki zuen. Hortaz, jatorrizko testua berreskuratu zuen hirukoteak Apaolazaren omenezko ekitaldian emateko. Horrela dio letrak:

Ez zaitez betirako joan, tristura,
etor zaitez lantzean behin.

Zure laguntza behar dut gauzak aintzat hartzeko,
gelditu eta gauza bakoitzaren balioa sentitzeko,
bizi garen bezala pentsatu ordez
zelan bizi garen pentsatzeko.

Ez nazazu bakarrik utzi, tristura,
lagundu bizitzaz pentsatzen

Pozez zoraturik ikusten dira telebista aurkezle gaixoak,
alaitasuna kosmetikoa da espektakuluan, amarrua merkatuan,
malenkoniaz zentzatu beharko dugu lantzean behin.

Ez nazazu bakarrik utzi, tristura,
lagundu bizitzaz pentsatzen

Zer zoritxarrekoa den lurrera sekula erori ez den jendea,
erori direnak ere bai, baina bestela, oso bestela,
minak irakasten duelako bizitza ederra dela.

Ez nazazu bakarrik utzi, tristura,
lagundu bizitzaz pentsatzen

Zer sentitu, zer pentsatu, zer egin programatutako bizimoduan,
ahulen indarra sentimendua da eta pentsamendua,
eta benetako pentsamendua bere hitzak janez hasten da.

Ez nazazu bakarrik utzi, tristura,
lagundu bizitzaz pentsatzen

Pentsatzea ez da zertan izan depresioa, bakardadea,
baizik bizitzaren zentzuaz kontzientzia.
Alaitasunaren osagarria da tristezia
nahiz eta gero esplikatzen jakin ez, ezpada abesti arraro moduan.

Ez nazazu bakarrik utzi, tristura,
lagundu bizitzaz pentsatzen

Bukaera aldera, Fermin Muguruza igo zen eszenatokira. Esne Beltzako kideek eta Iñigo Muguruzak lagunduta, “Sarri, Sarri” abestu zuen. Eta segidan, Apaolazaren senideei eta Angel Katarain soinu teknikari eta Apaolazaren lagun minari eskerrak eman eta haientzat txalo bero bat eskatu ondoren, gaueko sorpresa iragarri zuen. Mikel Abrego, Mikel Kazalis eta Kaki Arkarazo igo ziren oholtzara, Negu Gorriak-en “Gora Herria” jotzeko eta plaza osoa dantzan jartzeko.

Musika emanaldien artean, hitzek osatu zuten omenaldia. Karlos Gimenez musikariak, Karmele Jaio idazleak, Tania de Sousa kantariak, Soziedad Alkoholika taldeak, Bruno Galindo kazetariak, Kubako —”Amaiaren bigarren etxea”— lagunek eta Javier Arzuaga Lasagabaster fraide frantzizkotar ohiak omenaldirako idatzitako testuak irakurri zituzten Fermin Muguruzak eta Ines Osinagak. Halaber, Rosario Flores eta Amparo Sanchez kantari espainiarrek bideoan grabatutako agurrak erakutsi zituzten pantaila handian. Javier Arzuagak idatzitako testuaren azken esaldiak laburbildu lezake beharbada igande iluntzean Ordizian bildutakoen sentimendu orokorra: “Ez dizut agur esango, ez baitizut joaten utziko”.

Omenaldiko hainbat irudi bideo labur honetan bildu ditu Gaizka Peñafiel argazkilariak.

https://youtu.be/FKqvkF18RMQ

Amaia Apaolazaren omenaldian jotako kantu gehienekin zerrenda bat osatu dugu. Hemen entzun daiteke.

ETIKETAK:Arkada SocialBetagarriEsne BeltzaFermin MuguruzaJoseba TapiaKaki ArkarazoNegu GorriakRuper OrdorikaTania de SousaTapia eta Leturia