Musika

badok

2021.06.17

badok

Euskarazko disko onenaren MIN saria jaso du Zetak-ek

Unión Fonográfica Independiente elkarteak antolatzen dituen MIN Sariak banatu dira asteazken gauean Burgosen (Espainia). Sarietako atalen artean euskarazko disko onenari emandako Etxepare Institutua saria dago eta aurtengo edizioan Zetak taldeak eraman du Zeinen ederra izango den lanarengatik. Pello Reparazek gidatzen duen proiektuaren diskoaz gain, beste lau hautagai zeuden: Bat edo hiru (Amorante), Musikak salbatuko gaitu (Gatibu), Hemen herensugeak daude (Liher) eta Under alt (Nøgen).

Zetak_PremiosMIN2021_®GianfrancoTripodo

MIN sarien banaketa ekitaldian parte hartu zuen Zetak-ek. (Gianfranco Tripodo)

Nafarroan seme-alabentzat D eredua aukeratzen duten gurasoei eskaini zien saria Pello Reparazek, eta «abestiak euskaraz sortzen dituen jende orori». Euskarak egunez egun gero eta ate gehiago ireki dizkiola adierazi zuen sortzaileak, eta bere senideei eskerrak eman zizkien, hizkuntzaren «oparia» egin ziotelako. «Horrez gain, eskaini nahiko nieke sari hau Nafarroan seme-alabak D ereduan, euskarazko ikasteko, matrikulatzen dituzten gurasoei. Opari zoragarri horrek ate asko zabalduko dizkielako seme-alabei, neuk esaten dizuet».

Beste euskal talde batek ere saria jaso zuen Burgosko Principal antzokian egindako ekitaldian. Rock album onenari emandako Gibson saria Belako taldeak irabazi zuen Plastic drama diskoarengatik. Talderik sarituena ordea, Delaporte izan da, hiru ataletan nagusitu baita, eta haren atzetik, bi garaikurrekin, Triángulo de Amor Bizarro eta Rigoberta Bandini.

ETIKETAK:AmoranteBelakoGatibuLiherMIN SariakNogenSariakZetak