Musika

Andoni Tolosa

2018.10.24

Andoni Tolosa

Euskal rockaren hirugarren harria

Ruper Ordorika-k Azukre koxkorrak diskoan (Elkar, 2013), euskal kantutegiko hainbat ale ezagunen artean (“Sarri, Sarri”, “Kanpo”, “Sigarrillos Amarillos”…), “Garraztasuna” izeneko kantuaren bertsioa ere egin zuen. Hitz ilun baina melodia argiz jantzitako kantu honek bat baino gehiagoren arreta erakarri zuen. “Norena da?” galdetu zuen hainbatek, “Koskarena… zein ziren horiek?”. Aitzindarien patua. Beste askotan gertatzen den moduan, itzal handiagoko musikari batek, nahita ala nahigabe, esnatzen du, handik urte batzuetara, entzule gehienek ahaztuta daukaten talde, egile, kantu, bere garaian, berritzaileren bat. Gaitzerdi, sekula ez da berandu harribitxiak berriz deskubritzeko.

Koska taldea.

Koska taldea Elgoibarren sortu zen 70eko hamarkadaren erdialdean.

Honelaxe azaldu zuen egoera Alfonso Guillo-k, Koska taldeko baxu jotzaile, kantari eta kantu gehienen idazleak, bere blogean: “Expresión Sonoraren revival-aren sasoi hartan Koskaz oroitzeko txanda ere gerta zitekeela iruditzen zitzaidan, baina inolako antsiarik ez neukan. Pasatako denborak ziren, polita da antzinako bizipen sendo haiek gogoratzea noizean behin, baina ez dago gauza ezatseginagorik artifizialki piztutako oroitzapen erdi gaixo bat baino; nire ustez, noski. Halere, denbora pittin bat pasa denean gertatu da naturaltasun guztiz Ruperren telefono deia jasotzean “Garraztasuna” grabatuko zuela. Eskertzekoa da orduan hartu genuen bide hura Ruperrek kontuan hartu izana eta, areago, gure disko bi horietako bat ere ez baitzuten CD formatura pasa”.

Horixe da, errazegi azalduta, euskal rockaren abiapuntuetako bat den Koska taldearen lehen diskoarekin gertatu dena. 1976an argitaratua, Errobi-ren izen bereko diskoarekin batera kasik, euskal rockaren etxearen hirugarren harritzat har dezakeguna urtetan egon da hautsa jaten gure memoria musikalean, denborak iparraldekoen lehenengoaren itzala amatatu ez ezik, handitu eta belaunaldi gazteetara zabaldu duen bitartean.

Egia da Errobi diskoa (Elkar, 1975) hilabete batzuk lehenago grabatu zutela, baina diskoak kasik batera argitaratu zituzten. Hori dela eta, askotan elkarbanatu zuten agertokia bi taldeek. Egia da, baita ere, Koskaren diskoa orotara ilunagoa, gordinagoa, gertatzen dela Errobirena baino. Mixel Ducau eta Anje Duhalde espezialistak ziren kantu dirdiratsuak egiten. Baina bi taldeen ildo musikala ez dago hain urruti bata bestetik, nahiz eta gipuzkoarrena rockeroagoa izan erritmo eta doinuetan, esperimentalagoa eta “urbanoagoa”. Zerikusia edukiko du, ziurrenik, Errobikoen urte haietako jardun musikal “hiperaktiboak” (lau disko bost urtetan). Aldiz, elgoibartarren jarduna “motelagoa” izan zen, handik hiru urtera kaleratu baitzuten bigarren eta azken diskoa: Bihozkadak (Xoxoa, 1979). 80ko hamarkada hasieran plaza-taldea bihurtzeko hautua egin zuten.

Zortea, kantuek jendea erakartzeko duten gaitasuna, zuzeneko emanaldien arrakasta… ezaugarri asko daude disko batek lortzen duen oihartzuna azaldu dezaketenak. Baina, nago Koska taldearen izen bereko lehen diskoari ez zaiola aitortu, oraindik, daukan garrantzia.

1976an argitaratua, Errobiren izen bereko diskoarekin batera kasik, euskal rockaren etxearen hirugarren harritzat har dezakeguna urtetan egon da hautsa jaten gure memoria musikalean

70. hamarkadaren erdialdean, euskal rocka, oraindik, abenturazale gutxi batzuen kontua zen eta Iparraldetik zetorren gurean haizea. Ez da harritzekoa, 40 urteko diktadura filtro eraginkorra gertatu zen hegoaldean kanpotik zetorren ezer berritzailerekiko, eta batez ere, beti susmopean zegoen rock musikarekiko. Susmagarria, baita ere, kantaldien munduan erabat murgilduta zegoen entzule askorentzat. “Zer ari zarete egiten? Hori ez da gure musika! Esaten ziguten batzuek. Nik erantzuten nien: ‘gitarra elektrikoa edo rapa txistua bezain beharrezkoak dira!’. Eta orain ere berdin pentsatzen dut!”, zioen Mixel Ducauk garai hartako giroa azaltzerakoan (Argia, 2003-05-11).

1976an zehazki, Ramones taldeak izen bereko bere lehen lana kaleratu zuen, punk musikaren leherketa iragarriz. Eagles taldeak, berriz, Hotel California, rockaren historian arrakasta handien eduki duten diskoetako bat, Tom Petty & The Heartbreakersek estreinakoa, Led Zeppellinek Presence funtsezkoa… eta, bien bitartean, Koskak frontoiak betetzen zituen, kanpoan 30 urteko bilakaera zuen baina haientzat “berria” zen musika harekin txundituta zeuden gazte andanak bilduz. Baldintza kaxkarrak baina gogo izugarriak, ez zen erraza zuzeneko rock emanaldiren bat txukun egitea Euskal Herriko plazetan.

Hurbilagora begiratuta, Katalunia aldean, rock sinfonikoa, psikodelia eta free-jazza uztartzen zituzten Iceberg, Secta Sónica edo Música Urbana ziren entzute gehiena zuten taldeak, eta Andaluzian, urte berean, rock andaluz zeritzonari hasiera ofiziala eman zion Triana taldeak Triana diskoarekin, gero hainbat taldek arrakastaz jorratuko zuten bidea (Guadalquivir, Iman, Medina Azahara). Rock sinfonikoak bere azkenak eman ditu kanpoan, baina penintsulako taldeentzat orduan, hamarkadaren erdialdean, lekuan lekuko eraginekin uztartuta, hasi zen musika mota honen urrezko aroa.

Koska azala

Jose Felix Igartuak egin zuen Koskaren lehen diskoaren azala.

Nabaria da ingurumaria horren eragina Koskaren lehen diskoan. Nabardura azpimarragarri batzuekin baina, erabat lerratu dezakegu diskoa rock progresibo (egun rock sinfonikoari ematen zaion izena) deritzon joeraren baitan. Diskoa, adibidez, “Otaloreen antzera” kantuaren gitarra distortsionatu eta erritmo rockeroaz hasten da, nahiz eta minutu gutxira, jakina, datorren lehen erritmo aldaketa eta kantua balada geldo bilakatzeko bidean geratzen den, berriro indarrez itzultzeko azken ahapaldiarekin. Erritmo aldaketa hauek generoaren ezugarrietako bat dira eta oso ohikoak ziren garai hartako disko gehienetan. Hurrengo kantua, “Baserriak”, berriz, melodia gozo batek janzten du, denbora ertaineko baladatxo bat bilakatuz naturara itzultzeko dei ozena, garai hartako beste gai klasiko bat. Musikalki, berriz, Kaliforniako rock melodikoaren oihartzunak oso nabariak dira kantu honetan, Guillok iturri askotatik edaten zuenaren seinale. Konplexuagoa da “Beldurrez”, Gabi Agirregomezkorta taldeko beste konpositore nagusiak sinatzen dituen kantu guztiak bezala. Erritmo aldaketa etengabeek, gitarraren presentzia ahalguztidunak, harmonia korapilatsuak… beldurraren isla obsesibo bihurtzen dute beste balada bat izan zitekeena. Itzuli egiten dira Kaliforniako hotsak “Ogia eska” kantuarekin, flauta gozo baten (garai hartan, rock taldeen artean modan jarri zen flauta jotzea) ukitu folk-rockeroak, ahots joko ederrak, melodia dirdiratsua… Balada borobila.

Beste kontu bat da diskoaren A aldea ixten duen “Beldurrezko gau batean”, sei minutuko instrumentala. Ez dago melodiarik, erritmo hipnotikoa, haizea eta urruneko ahots batzuen ulu gero eta ozenagoek betetzen dituzte kantuaren lehen minutuak, irrintzi batek giroa hautsi eta gitarra riff primitibo bat errepikatzen hasten den arte, eta kantua azeleratzen hasten da, garrasi batzuk entzuten dira, gitarra gero eta azkarrago doan bitartean. Zeinek agintzen ote du, gitarrak ala baxuak? Bukaerak hausten du berdinketa, gitarraren riffa itzultzen da-eta. Psikodeliaren eta esperimentazioaren eraginak oso nabarmenak dira, baita euskal herri kulturaren oihartzunak ere, kantu luze eta “premonitorio” honetan. Handik aurrera hamaika aldiz errepikatzen dira antzeko eskemak. Mikel Laboa-ren kantu esperimental bat izan zitekeen (bi urte lehenago kaleratu zuen Bat-Hiru), Laboak rock talde batekin lan egin izan balu.

Hitzei dagokienez, badago garai hartako rock musikari gehienek bezala transzendentzia gogoa. “Gure sentimenduen bidez historia kontatzea zen helburua”, zioen Guillok. Postfrankismoaren lehen urteetako gizarte aztoramenaren isla itzela osatzen dute hitzok, sozialagoak Guillorenak, barnerakoiagoak Antton Aranburu-renak; itxaropena, beldurra, errepresioa, iraultza, borroka. Batzuetan intimoago, bestetan sozialago; batzuetan kriptikoago, bestetan agerikoago, baina garai baten erradiografia itzela eskaintzen duten hitzak dira. Euskal Herri industrialaren bihotzetako batean kokatuak.

Batzuetan intimoago, bestetan sozialago; batzuetan kriptikoago, bestetan agerikoago, garai baten erradiografia itzela eskaintzen duten hitzak dira

Diskoaren B aldean, hiru kantutan garatutako “Bizitzaren poema” izeneko opus existentzialista agertzen da. Garai hartako diskoetan oso ohikoa zen beste joeretako bat da, urte batzuk lehenago modan jarritako disko kontzeptualen heredentzia moduko bat. Hiruretan lehena, 10 minutu irauten duen kanta geldoa da, non nabarmenak diren Laboarekiko erreferentziak, berriro ere. “Lokarriak eder eta polit baitire bizidunaren gorputzean” errepikatzen dute testu luzearen klimax-unea iritsitakoan (“Zaude lasai” kantuari egindako erreferentzia garbia). Bigarrenak, melodikoagoa izanda ere, aurrekoaren ildotik jotzen du, gitarra distortsionatuak gidatua. Bizimoduaren miseriak salatzen ditu hitz batzuetan kasik “surrealistekin”. Garai hartako rock kantuen beste ezaugarrietako bat agertzen da, beraz, rock poesiaren hitz apur bat “psikotropikoak”. Hirugarrena, azkenik, ereserki epiko gisara abiatzen da, nahiz eta gitarrak, berriro ere, ukitu esperimentala eman kantuari azkenean. Kantuaren hasierak eta amaierak zer ikusirik ez dutela esango luke bat baino gehiagok.

Hiru kantu hauetan nabarmena da Gabi Agirregomezkortaren eragina. Guillorekin batera taldeko sortzaile nagusia izanik, nabarmenagoak dira berak sortutako musiketan ukitu esperimental eta psikodelikoak, eta, berriz, ukitu melodikoagoak Guillok sortutakoetan. Oreka horretan igeri egiten du diskoak. Melodikotasunaren eta esperimentazioaren artean, alegia. Tentsio horrek, gainera, bereziago egiten du kantu-bilduma hau, eta taldearen musika. Diskoa amaitzeko “Garraztasuna” dator, taldea nolabaiteko gaurkotasunera itzuli duen kantua. Berriro ukitu kaliforniarrak diskoa bukatzeko, ez dakigu itxaropentsua ala ez baina balada baten ezaugarri guztiak biltzen ditu, melodia ederrez.

Talde baten lehen diskoaren ohiko aje eta bertuteak dituen diskoa da. Fernando Unsain-ek sortu berria zen IZ diskoetxearekin grabatu zuten Madrilgo Regson estudioetan, eta inongo “produkziorik” gabe burututakoa da. Beraz, “galbaherik gabeko diskoa” izan zela dio Alfonso Guillok, “gaztetasunaren hutsak ditu”. Nabarmena da, gaur egungo belarriekin entzunda, aipatutako garai hartako ezaugarri guztiez gain, musikarien eskarmentu falta, eta birtuosismoaren aldera jotzen duten moldaketek, askotan, agerian uzten dituzte hutsuneak. Hala eta guztiz ere, balio izugarriak dituen diskoa da, bere garaiaren isla ezin hobea, gaur egun ere oso gustura entzuten dena, Jose Felix Igartua-ren azal bikainarekin, eta kantu gogoangarri batzuk utzi dituena. Horregatik besterik ez bada, aparteko lekua merezi du gure rockaren historian.

ETIKETAK:Alfonso GuilloAnje DuhaldeAntton AranburuDiskoakErrobiFernando UnsainGabi AgirregomezkortaIZJose Felix IgartuaKoskaMikel LaboaMixel DucauRuper OrdorikaXoxoa