Musika

Juan Gorostidi

2018.07.24

Juan Gorostidi

Euskal megapolisaren barnean

Aski da disko honetan parte hartu zuten musikariak zerrendatzea, belaunaldi berri baten agerpena antzemateko: Angel Celada, Bixente Martinez, Josu Zabala edo Mixel Ducau bezalako musikariak apenas zeuden “euskal kantagintza berria” osatua –eta ordurako ustez finkatua– zirudien esparruan[1]. Geografikoki ere, nolabaiteko periferiatik zetozen (Baiona, Gasteiz, edo Bilbo bera, periferikoak baitziren), baina, batez ere, musika herrikoiaren beste ikusmolde bat zekarten. 80ko hamarkadak erakutsiko zuen eztandaren eta eremu aldaketaren isla da Hautsi da anphora, baita hori baino askoz gehiago ere.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorika, Angel Celada, Bixente Martinez, Josu Zabala, Xabier Olloki, Jean Phocas eta Jose Dufourg.

Izena bera hausturaz ari da, baina metafora literarioen gainetik, berehala antzeman zitekeen benetako haustura batez ari zela, aurreko hamarkadetan gertatu zenaren bigarren urrats bat: maila aldaketa bat aldarrikatzen zuen. Azken finean, Ez Dok Amairukoek jarraipen bat gauzatu zuten hein handi batean, gerra eta gerraosteko garaian zapuztu zen “euskal pizkundearen” jarraipena, eta haien lanean –eta, batez ere, izan zuten oihartzun sozialean– atzean galdutakoa berreskuratzeko gogoa gailendu zen. Laboa/Artze/Zabalaren ildo esperimentalaz aparte, kontserbadoreak ziren mugimendu haien joera musikalak, baita hitzei ematen zitzaien lehentasunean ere; poesia idatziaren molde ohikoenak apenas gailendu ziren. Joera haietatik aparte ari ziren Arestiren oinordeko zenbait Bilbo aldean, eta Pott bandaren (1977-1980) helburu eta egitekoak azaleratzeko ere balio izan zuen Ruper Ordorikaren estreinako diskoak. Joseba Sarrionandiaren hitzetan, “kontrakultura ere egiten genuen, korrontearen kontrako ia dena estimatzen genuelako eta, gainera, trantsizio garai hartan kultura espainol nazionalkatolikoa joan orduko euskal kultura ofizial bat zetorrela susmatzen zenez gero, Pott-en horren kritika hasi zelako”.[2]

Ordura arte, “pop” ideia bera arrotza zen euskal giroetan. Kontu horiek guztiak erdal kulturei zetozen lotuak, gurearen itogarri, eta erromantizismora itzultzea bilatzen zen edo, elite artistiko baten itzalean –Oteiza buru–, edozein modernitateren aurreko ustezko izpiritura. Gainbehera zetorren baserri girotik hirira eman beharreko urratsa mesfidantzaz hartzen zen, larriminez.

Zirimola honen barru gatazkatsutik, “euskal megapolisaren” barnean kokatu gintuen Ordorikak, Juan Carlos Eguillorren azaletik beretik hasi eta Bernardo Atxagak ondutako poesiaren tratamenduraino; jauzi horrek ez baitzuen orduraino poesiaren esparru txikitik ateratzea lortzen eta nabarmentzen. Ruperren trataera musikalak lortu zuen jauzia.

Aurkezpen lana izanda, klasiko-aitzindari izateko osagarri guztiak daude lanean; eta kantari baten lehen kantuak izanda (ez baitzen Ordorika jendaurrean aritua ordura arte), heldutasuna ageri da bertan eta, horrekin bat, ibilbide luze bat izan zitekeenaren lerroburuak argi iradokita.

Lerro horiei erreparatuz, hiru kanta mota ageri dira diskoan, hirurak aitzindari gertatzen direnak. Hartzen baditugu “Hi hintzena”, “Kalatxoriena”, “Esploradorearena” edo “Esparta, Liliput”, poema musikatuen tradizioari lotuko litzateke Ordorikaren lana, baina ordura arte gurean arras modu ezezagunean burutua: nagusi ziren moldeetatik lekora, melodia eta konponketa instrumentaletan ez da borobiltasuna bilatzen, entzulearen belarria aseko dituen kadentzia beteak. Aldiz, frase bakoitzak hurrengoaren zain uzten gaitu, aseezin azkenerako… Melodien egituratik eta trataera musikaletik etorri zen lehenik eta behin pieza hauek sortu zuten harridura –baita arbuioa ere, askorengan–: “beren ekilibrista bihotzek gehien maite zutena, egunen mudapen amaiezina infinitoa” zenez.

Gitarra eta flautak daude, bai, baina ez soilik melodia eta ahotsaren lagungarri. Kantu bakoitzari giro berezi bat ematen zaio, eta zeregin hori, instrumentu eta musikari baten esku utzia da: “Kalatxoriena”-n Jose Dufourg-en baxu elektrikoak lortzen du; “Esploradorearena”-n Zabalaren eskusoinuak eta Celadaren bateriak, eta “Esparta, Liliput”-en Xabier Ollokiren pianoak. Laguntza lanaz gain, berezko atmosfera bat lortzen du instrumentista bakoitzak, baliabide soilenekin. Nahikoa zitekeen ildo horri jarraiki, beste dozena erdi bat poema gehitzea, eta erabat finkatua legoke Ordorika kantu egilearen ibilbidea… Baina hori, eskaini nahi zigunaren herena baino ez zen.

Oso gurea zen tradizio baten jarraitzailea ere bazela erakutsi nahi izan zigun eta, horretarako, antzinako moldeei egindako keinua: bertso eta koplen birsortzearena. Edozein solemnitateri uko eginez, halere, ironiaren eta jolasaren ildotik, eguneroko gristasunaren kontrapuntuan, nolabait. “Bertso berriak” eta “Zenbait bertso xelebre” kantek giro herrikoi ezagunean ipintzen gintuzten, ironia lehenetsiz betiere. Eta material xumeena lehenetsiz, haurrekin erabiltzen ditugun joko onomatopeikoak hain justu, “Sagarrondo bati seaska kanta” ondu zuen, ohikoari ordura arte ezezaguna zitzaigun beste zerbait gehituz. Gerora Hiru Trukurekin guztiz hedatuko zuen ibilbide bat seinalatu zen bertan, bi ahots iheskor horietan –Ducauk ipintzen du bigarrena–, eta Jose Manuel Cachoren arrabita konponketetan.

Azkenik, “kantu berriak” daude, ordura arte gurean apenas lekurik izan ez zuten horietakoak, hurrengo urteetan euskal musika herrikoiaren baitan gune zentrala hartuko zutenak. 1960an Mixel Labegerierekin gertatu bezala, Ipar-Ekialdetik zetorren bultzaka joera berri hura 70. hondarrean, Niko Etxart eta Errobiren eskutik. Rock’n rollaren gureganatzea geldiezina zen, eta Ruperrek garbi bereganatua zuen ordurako, bide luzeena izango zuten disko honetako hiru kantuk erakusten zuten moduan. “Herdoilarena”, “Begira egiezu” eta “Fas fatum” dira kantu horiek, eta esaten ari naizena azpimarratuz bezala, etorri ziren gerora hauen zuzeneko interpretazioak, rock bandaren moldera gehien egokitu zen urteetan: 1992ko Mugalarisekin grabaturiko “Begira egiezu”-ren bertsioa, 2000ko Gaur zuzeneko diskoa zabaltzen duen “Fas fatum”, eta 2008ko Hamar t’erdietan diskoko “Herdoilarena” (Mixel Ducauren eta Jean Phocasen parte hartze zuzenak Hautsi da anphora-n, zerbait esaten du joera honen gainean).

Klasiko-aitzindari izateko osagarri guztiak daude lanean, eta kantari baten lehen kantuak izanda, heldutasuna ageri da, ibilbide luze bat izan zitekeenaren lerroburuak argi iradokita

Egin digu bi minutu eta erdiko aurkezpen deklarazioa Ruperrek: berak dakarkiguna “anphora hautsia” da, “mila ispilutan multiplikatua; gure oin birjinak zauritzen dituena labirintoaren harri txintxarretan”. Mezu garden eta bortitza, baina sotilki esana, instrumentazio akustikoz, insistentziarik gabe, isilka errepikatzeko moduko zerbait eskainiz, barne paisaia bat. Ondoren, barne paisaia horri kanpo kokapen batez osatzeko, “ziutate lanbrotsua, sukalde proletarioak, eskaleak, zubi zaharrak, trenak, boxeolari hilak, mozkorrak, kale garbitzaileak, prostitutak… herdoilaren tristeziaz gainezka, hitz ezezagunen hiztegi bati begira bezala”. Diskoaren B aldean bigarren lekua hartuko duen “Begira egiezu”-rekin batera, “Herdoilarena” da euskal rock kantuen artean goia jo duenetako bat, estrofa/leloa egiturarik gabe, crescendo batean dago egituratua, bi minutuko lehen zati batean akustikotik elektrikora; bigarren zatia, minutu batekoa, azken hitzarekin amaitzen da, prostitutak!, iltze bat kolpe bakarrez hondoratuz bezala; eta kantaren gorakako ibilia burutu beharrean, gitarra elektrikoa nagusitzen da, baxuarekin eta bateriarekin, hitzik gabe, rock banda soilaren ehundura gardenean. Nahikoa da 2008ko zuzeneko grabaketa entzutea, kantu honen bizi-iraupen luze osasuntsua antzemateko, eta ia hogeita hamar urte aurrekoak behar zuen guztia bertan zeukala entzuteko.

Esan bezala, “Begira egiezu” da, aurrekoaren leku simetriko berdinean kokatua, “Herdoilarena”-ren osagarri ezin hobea. Goraka doa hau ere, antzeko ehunduraz hornitua eta, poema legez, lelorik gabea; amaitzeko hiru aldiz errepikatzen den esaldiaz ordezkatzen da hori, eta amaierako hiruko instrumentalen azpimarratze argian.

Badirudi ordurako diskoak emana duela eman beharrekoa, baina “Esparta, Liliput”-ekin eta “Fas fatum”-ekin, Etiopia-ko azken zirkulu batean bezala, ordura arte baino zabalago edo sakonago irekitzen dizkigu Ruperrek maite dituen barne paisaiak. Nola jarraitu aitzina marraztu paisaia horretan; nola maitatzen segitu? “Ez al duzu aski gure oinetako lehertuekin, hire ateko burdinetan gelditu diren haragi hondakinekin? maitea, arreba, maitea”… dio “Esparta, Liliput”-ek, Ordorikaren inoizko kanturik hermetikoenak. Baina ahotsak hainbat du hemen esatekoa Xabier Ollokiren pianoak, hitzei eta melodiei kontrapuntua emanez bere konpas galdetsu eta errepikakorretan. Kantu honen konponketa instrumental guztiz lortuan, pianoari gitarra akustikoak emango dio erantzuna, ahotsak baino gehiago, eta hirurek egingo dute bat amaierarako, bakoitzak bere bideari jarraitu diotenez. Desolazioa erabatekoa dirudi azken kantu rockeroan: “lurrak orain ere infinituak ditun haur oin tipientzat; imajina ezina dun beste Lope Agirre bat”, urrats nekatuez doaz hitzak melodiaren barnetik, “Herdoilarena”-ren moldeari jarraituz baina apalago, bere baitakoago bezala, haren antzera bukatzeko, azkenik, bihozmin hori gitarra-baxu elektriko-bateriari utziz ia bi minutuz, baina askoz luzeagoa izan zitekeen zerbaiten inpresioa eskainiz.

Ez zuen Ruperrek ezer utzi airean; eta intentzio deklarazioa behar zuen estreinako lanean, nola hasi eta nola buka, orduko biniloen A eta B aldeak nola egituratu, garbi erabaki zuen: hondamendiaren paisaian gara, baina izan dira hauek baino une askoz larriagoak eta, gainera, musika daukagu, banda oso bat, eta umorea: “Apaizei sotanak dizkiet kenduko / itsasontzi piraten banderak egiteko… / musika joko dugu alde guztietan / batek bonboan eta besteak tronpetan / bilutsirik bainatu ilargi argitan /maitia bilatuko dugu ur azpitan”, azken “Inozoen koplatxoek” (“Zenbait bertso xelebre”) dioten bezala. Itxura horiek egingo ditugu, behar baldin bada, zergatik ez, “borreruak badittu milaka aurpegi”.

  • [1] Hauen eta diskoan parte hartu zuten musikarien ibilbideari erreparatzea besterik ez dago ikuspuntu hau egiaztatzeko: Angel Celada eta José Dufourg, ordurako Fausto taldea osatzen zutenak, Orquesta Mondragónen urte arrakastatsuenen eragile izan ziren gerora, gaur arteko beste hainbat lanen artean. Bixente Martinezek Oskorriren bizkarrezurrean jarraitu zuen (1976-2016), baina baita beste hainbat proiektutan ere, Hiru Trukutik Igelaren Bandara eta beste. Josu Zabalarik gabe ezin Hertzainak taldea irudikatu, ezta Xabier Ollokirik gabe Potato ere. Mixel Ducauk, orduko Errobiko musikariak jarraitu zuen Zaldibobo eta Bidaia proiektuetan…
  • [2] Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (Hasier Etxeberria, Alberdania, 2002)
ETIKETAK:Angel CeladaBernardo AtxagaBidaiaBixente MartinezDiskoakErrobiEz Dok AmairuHertzainakHiru TrukuIgelaren BandaJean PhocasJose DufourgJoseba SarrionandiaJosu ZabalaJuan Carlos EguillorMixel DucauMixel LabegerieNiko EtxartOskorriRuper OrdorikaXabier OllokiXoxoaZaldibobo