Musika

badok

2019.10.16

badok

Euskal kantuen bertsioak grabatu ditu Jabier Muguruzak

Azaroaren hasieran ikusiko du argia Jabier Muguruzaren disko berriak, “Geltokiak izarretara”. Bartzelonako Barnasants jaialdiaren enkarguz egindako lan horretan, Euskal Herriko hainbat kantari eta talderen abestien bertsioak grabatu ditu Muguruzak, haren baitan “leku berezia eta kuttuna okupatzen dutenak”. Diskoari hasiera ematen dion abestia estreinatu dugu gaur, Mikel Laboaren “Antzinako bihotz”. Hemen entzun dezakezu.

7 (Jabier Muguruza) (1)

Jabier Muguruza (Irun, 1960).

Guztira 15 dira Jabier Muguruzak grabatu dituen abestiak, eta horien artean Gari (“Zaharra zara Bilbo”), Juan Carlos Perez (“Kantu eroa”), Negu Gorriak (“Hemen izango bazina”), Anari (“(H)erra kanta”), Ruper Ordorika, (“Berreziketaren zailtasunari buruz”), Xabier Lete (“Izarren hautsa” eta Amaia Zubiriaren (“Estigma beltza”) aleak daude. “Iraganeko euskal kantagintzaren errepaso bat” egitea zen Barnasants jaialdiak bere 25. urtemuga ospatzeko Jabier Muguruzari egindako enkarguaren helburua, “atzera begiratze bat, nostalgiarik gabea, baina maitasunez erreibindikatuko zuena ondare hori”.

Ondoan lau musikari izan ditu Muguruzak: Mikel Azpiroz (Rhodes, Wurlitzer, Hammond C3 eta pianoa), Jean Marie Ekai (gitarra elektrikoa eta akustikoa), Mikel Artieda (baxu elektrikoa) eta David Gomez (bateria eta perkusioa). Mikel Azpiroz eta David Gomezekin hainbat diskotan egin du lan Muguruzak, baina lehen aldia du Mikel Artieda eta Jean Marie Ekai Itoiz taldeko gitarrista ohiarekin. Halaber, Miren Narbaizak, Ander Mujikak eta Beñat Muguruzak kolaboratu dute diskoan.

Jabier Muguruza Geltokiak izarretara

Pedro Balmasedak egin du disko-liburuaren diseinua.

Diskoarekin batera, Bernardo Atxagak proiektu honetarako idatzitako testuak osatzen du lana. “Geltokiak izarretara” disko-liburu formatuan argitaratuko da azaroaren hasieran, eta bi kontzertutan aurkeztuko da datorren urtean, Bartzelonan eta Bilbon, proiektuan parte hartu duten guztien presentziarekin.

Luzea da Barnasants jaialdiaren eta Jabier Muguruzaren arteko harremana. 1998. urtean jo zuen irundarrak lehen aldiz bertan, eta geroztik beste bederatzi aldiz egin du: 2003an, 2008an, 2010ean, 2012an, 2014an, 2015ean, 2016an, 2017an eta 2018an. Kontzertu horietako bat, 2015ekoa, zuzeneko disko batean jaso zuten.

ETIKETAK:Amaia ZubiriaAnariAnder MujikaBarnasantsBeñat MuguruzaBernardo AtxagaDavid GomezGariItoizJabier MuguruzaJean Marie EkaiJuan Carlos PerezMikel ArtiedaMikel AzpirozMikel LaboaMiren NarbaizaNegu GorriakRuper OrdorikaXabier Lete