Musika

badok

2019.06.19

badok

EHZ jaialdia: egunez eguneko egitaraua eta kantu zerrenda

Bederatzi egun baino ez dira geratzen Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren ekitaldi berri bat hasteko. Iazko trantsizio urtearen ondoren, indarberriturik itzuli da jaialdia, kokapen berri batean, Irisarrin (Nafarroa Beherea). Lagun talde berri batek hartu du antolakuntzaren ardura eta aurtengo egitaraua osatzerakoan lehentasuna bertako taldeei eman die. Euskal Herriko  hogeitik gora musika taldek joko dute jaialdiko hiru egunetan, ekainaren 28tik 30era bitartean. Ondoko afixean duzue kontzertuen egunez eguneko egitaraua.

EHZ egunez egun

Jaialdian parte hartuko duten euskarazko taldeekin osaturiko kantu zerrenda entzun dezakezue ondoko estekan sakatuta:

https://www.badok.eus/zerrenda/euskal-herria-zuzenean-2019

Azken urteetan hasitako bidetik, jaialdiarekin elkarlanean jardungo dute BERRIAk eta BADOK atariak; festibalerako sarreretan beherapenak eskainiko zaizkie BERRIAlagunei. Misio eta balioetan bat egiten dutelako berretsi dute elkarlanerako asmoa, beste urte batez, EHZ jaialdiak, BERRIAk eta BADOK atariak. “EHZ, BERRIA eta BADOK, denok helburu berarekin gabiltza, denok Euskal Herriko jendea gara, eta garrantzitsua da elkarlana, garai batean ‘lepotik helduta’ esaten zen bezala ibiltzea. Gaurko akordioa horren froga bat da”, adierazi du Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak.

Elkarlanaren barruan, BERRIAlagunei %20ko deskontua eskainiko zaie jaialdiko hiru egunetarako bonoan, eta %15ekoa egun bakarreko sarreretan. Horrekin batera, BERRIAlagun berriak egiteko kanpaina abiatuko da hurrengo egunetan, eta BERRIAlagun egiteagatik, hiru egunetako bonua oparituko da.

ETIKETAK:EHZEuskal Herria Zuzenean