Musika

Carles Belda

2015.01.19

Carles Belda

Euskal Groove VIII: ‘Gau erdian soñua’

unaihirukoa

“Alajinkoperdiu!”, esaten dugu euskara eta gaskoia txertaturik. Jainkoa goiti, jainkoa beheiti. Ba, oturuntza handien liseriketa pisuak eta Belengo izarraren arrastoa agerian duguno, Eguberrietako pop-aren pilula bat eskaintzen dizuegu.

Hiru errege? Hiru erregin zituen euskal popak!! Azpeitiko Mari Carmen Otaegik, Arantza Frantzesenak eta Maria Jesus Arregik osatzen zuten Unai Irukoa. Bertze gisa baterat begiratzen ahal duzue, eta Euskal Herriko Ronettes bezala hartzen ahal.

Bikote bezala, Unai bikoak bi single argitaratu zituen 1969an, eta aitzinago, 70. hamarkadaren hastapenean, koru izugarriak egin zituen Euskal Herriko Kanta-berri Egileen Lehen Sariketako hiru singleetan. Adibidez, Donatoren diskoan atzemanen dituzue. 1977an, Gudu eta amodio kantak LP ederrean, Luis Iriondo eta Miguel Mari Azpiazuren kantak abestu zituzten.

Hirukoteak historia dauka, eta kantuak ere bai. 1971eko abenduaren 18an Iruñeko Gaiarre antzokian V. Festival Nacional de Villancicos Nuevos  jaialdia egin zuten. Hautatutako hamabi kantuetatik, bi euskaraz ziren. Eta irabazi egin zuten!! Unai Irukoaren “Gau erdian soñua” sailkatu zen lehenengo postuan, eta bigarrenean “Bidea bada”, Xabier Madinak, noizbait bisitatuko gaituen crooner-ak, kantaturik.

Ez galdu gertakizunaz Nafarroako Foru Diputazioaren Principe de Viana hilabetekariak egindako kronika.

principe viana

Aurkezten dugun harribitxiak Josu Salaberriaren hitzak eta Peru Artetxeren doinua ditu, eta binilo desberdinetan argitaratuta dago: Olymporen bi LPtan —Gabon abestiak (1974) eta Kanta Berriak (1977)—, eta Gaiarren irabazitako gabon kantak biltzen dituen Belter diskoetxearen singlean. Bide batez, itxurarengatik, Wiggan Casinotik datoztela edo bertarat doazela ematen du.

 

ETIKETAK:Euskal GrooveUnai Irukoa