Musika

Carles Belda

2014.11.19

Carles Belda

Euskal Groove VI: ‘Mila lore zuretzat’

Alfredo moztuta

Rocker izatetik crooner izatera pasa zen, eta pilota extra bezala habanerak ere abestu zituen. Alfredo, pertsonaia bitxia. Bilbotarra susmagarriki, seguraski galiziar jatorrizkoa (bederen bi kantu grabatu zituen Galiziari dedikatuak). 60ko hamarkadaren hasieratik 70ekoaren erdialdera bitartean ia 40 disko argitaratu zituen, eta horien artean euskarazko bi single daude. Hain zuzen, 1971. eta 1972. urteetan grabatu zituen Philips diskoetxearentzat, boite crooner irudia ematen zuelarik. Ikaragarria!

Aurkezten dizuegun ortotsa duen biniloak, Love Story kantuaren euskarazko bertsioak borobiltzen du… ufa! Baina nornahik izaten ahal du egun on bat, eta Mila lore zuretzat abesti zoragarria da, disko-soul estilo garbienean. Koruak, haize indartsuak, organo erasotzailea, aski groove sendoa eta ahotsa eta jarrera izugarriak. Hitzak, egoeraren neurrirat, sinpleak eta zuzenak.

Zazpi hazbeteko biniloaren labelak dioenaren arabera, obraren egilea Jesus Maria Bilbao da. Seguruenik Jerry izanen da, Getxoko noranahiko musikaria. Jazzean zaildua (goitizena Gerry Mulliganengatik heldu zaio; kantu honetan saxofoi baritono bat ageri da), hotel edo kabaret orkestratan aritua —Bilboko Las Cortes auzoko lokaletan jo izan zuen—, Los Mitos bezalako taldeen moldaketen egilea, eta urte luzez Bilboko Musika Bandaren zuzendaria izandakoa.

Laburbilduz, Mila lore zuretzat jaurtigai eraginkor dantzagarria da, arrunt erakargarriak diren ikerketaren ateak irekitzen dituena.

ETIKETAK:AlfredoEuskal Groove